ETAko kide izatea leporatuta, euskal presoei hamarkadetan ezarri dieten espetxe politika berezian aldaketak egiten hasi da poliki-poliki Espainiako Gobernua. Goierriko hamabi presoetatik zortzi etxetik gertuago daude orain.
Koronabirusaren urtea izan den bezala, espetxe politikan aldaketak eman direneko urtea ere izaten ari da 2020a. Urteetan eta hamarkadetan euskal presoei ezarritako espetxe araudi berezia, erregimen arruntera hurbiltzen hasi da pixkanaka-pixkanaka, Espainiako Gobernua egiten ari diren urratsak presoek eta senideek nahi baino motelagoak badira ere. Udatik hona, astero-astero bospasei preso Euskal Herritik gertuagoko kartzeletara eramateko berriak iristen dira, nahiz eta Euskal Herrira ekarri dituztenak oraindik oso gutxi izan. Horretaz gain, isolamenduan zeuden presoak modulu arruntetara eraman dituzte, eta baldintzapeko askatasuna lortzeko ezinbestekoak diren gradu aldaketak ere onartzen ari dira poliki bada ere.
Irailaren 27an Rufino Arriaga (23 urte kartzelan) eta abenduaren 11n Pako Mujika (28 urte kartzelan) aske geratu ondoren, biak ordiziarrak, Goierriko hamabi lagun daude preso.
Espetxe politikaren aldaketa eragin duten faktoreak bat baino gehiago dira, euskal gizartearen gehiengoak egindako eskaera izatearekin batera: 2017an presoen artean Batasuna, Elkartasuna eta Herriarenganako lotura eztabaida amaitzea; ETAren armagabetzea eta ETAren desegitea; eta 2018an eta PP gobernutik bota eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko zentsura mozioa.
Euskal Herrian ere gero eta gehiago dira, beste espetxe politika bat eskatzen duten ahotsak, «iraganeko logikak gainditzeko» espetxe politika arrunta eskatzen dutenak. Abenduaren 11n, esate baterako, EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, ELAk, LABek, UGTk, CCOOk, Steilasek, EHNEk, ESK-k, Hiruk, Etxaldek, CGTk eta CNTk adierazpen bateratua sinatu zuten, «espetxeetako lege orokorrean aurreikusitakoa betetzeko» eskatuz. Era berean, Espainiako Gobernuari bestelako espetxe politika bat ezartzeko bidean sostengua adierazi eta bizkortzeko eskatu zioten. Jaurlaritzak eta PSEko kideek eskatu dute espetxe politika egokitzea.
Urruntze politikak bukatzea
Bide horretan, ezinbestekotzat jo dute «askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat» ezartzea. Politika berri horrek «erraztu egingo du presoak bere familiarekin harremanak izatea, eta adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuta». Honela, premiazkoa iruditzen zaie egungo urruntze politika amaitzea, eta, euskal presoak Martutene, Iruñea, Basauri edo Zaballako espetxeetara eramatea. COVID-19aren izurriteak egoerak gainera, ageriagoan utzi ditu presoen sakabanaketak harremanetarako sortzen dituen zailtasunak.
Orain arte 8.080 kilometro egin behar zituzten senitartekoek presoak bisitatzeko; orain, erdiak, 4.030 km
Gutxienez, bigarren graduan egotea eskatzen dute; zigorraren azken urteak baldintzapeko askatasunean egitea
Goierriko hamabi presoei dagokionean, Oskarbi Jauregi zaldibiarra da Euskal Herrian dagoen bakarra; azaroaren 28an eraman zuten Martutenera. Lierni Armendariz, Iban Apaolaza, Mikel Azurmendi, Aitor Esnaola, JosebaSegurola, Xabier Zabalo eta Ismael Berasategi, berriz, Euskal Herritik hurbilagoko kartzeletara gerturatu dituzte azken hilabeteotan. Ainhoa Barbarin, Mikel Otegi, Xabier Makazaga eta Idoia Mendizabal oraindik ere etxetik 450 kilometro baino urrunago daude.
Ondorio kuantitatiboei dagokionean, orain arte astebururo 8.080 kilometro egin behar izaten zituzten senitartekoek eta lagunek presoak bisitatzeko; kartzela aldaketen ondorioz, erdiak (4.030 km) egin behar dituzte orain, denbora, kostuak eta arriskuak gutxituz. Ondorio kualitatiboak ere baditu hurbilketak. Oskarbi Jauregiren eta senideen kasua da hori. «Oraindik ez gara kontziente, zer esan nahi duen Oskarbi Martutenen egoteak. Oraindik espetxeko araudira egokitzen ari gara, baina euskarazko telebista eta irratia entzutea asko da. Bisitei dagokionean ere, egunak eta orduak aukeratu ditzakegu. Ingeleseko eskolak jasotzen hasi da», nabarmendu du Munia Jauregi lehengusuak. Horietaz gain, azkeneko hiru urteetan A Coruñako (Galizia) kartzelan emakumezkoen moduluan euskal preso bakarra izan dela kontuan izanda, kide gehiagorekin dago orain.
Lierni Armendariz, berriz, Euskal Herritik gertuagoko kartzela batera ekarri dute. Esti Amenabarrok garbi dauka Armendariz A Laman (Galizia) egotearen zigorra semeak jasan behar izan duela. «Maila guztietan izan da ona Lierni Santoñara eramatea, baina batez ere umeari dagokionean. Egoteko ez da kartzela txarra A Lama, baina semeak ama ikusteko duen eskubidea bermatu ahal izateko pentsa zenbat kilometro egin behar izan dituen (1.358 km). Motxiladun umeak deitzen zaie presoen seme-alabei, baina pisu handia dute motxilek».
Ordiziako Idoia Mendizabalen kasua honakoa da: Jon Gonzalez bikotekidearen ebakuntza dela eta, oraingoz Valentzian geratzea erabaki dute, ebakuntza bat izateko eskubidea lortzea asko kostatzen baita espetxe sisteman. Aurrerago egingo dute beraz kartzelaz aldatzeko eskaria.
Presoak isolamenduko ziegetatik ateratzea ere aurrerapausoa izan da, moduluetako bizi baldintzak hobeak baitira. Era berean, graduen progresioa eskatzen dute euskal presoek, gutxienez bigarren graduan egotea –gainerako presoen %96 bigarren graduan sartzen dituzte–; lehen graduan dauden euskal presoetatik 50ek 100.2a ezarria dute: bigarren graduko baldintzak dituzte nahiz eta lehen graduan egon; baina ezin dute baimenik eskatu. Honela, euskal presoek legeak jartzen dituen baldintzak betez, kondena osoak lehen graduan bete beharrean, azken urteak hirugarren graduan eta baldintzapeko askatasunean egitea eskatzen dute.
Urtarrilaren 9an, herriz herri
Espetxe politikaren aldaketa bizkorrarazteko eta gobernuak mugiarazteko, euskal gizartearen aktibazioa beharrezko ikusten dute presoen aldeko erakundeek, «euskal gizartea bera baita estatuak eta gobernuak mugiarazteko motorra». Urtarrilaren hasieran Bilbon eta Baionan egiten diren manifestazio handien ordez, COVID-19agatik, herrietan egingo dira manifestazio txikiagoak. Urtarrilaren 9an izango dira, guztiak ordu berean, 17:30ean.
Datuak
- 12 goierritar preso. Irailaren 27an Rufino Arriaga (23 urte egin ditu preso) eta abenduaren 11n Pako Mujika ordiziarra (28 urte) kartzelatik atera ondoren, gaur egun 12 goierritar daude preso. Euskal Herrian bakarra dago, Oskarbi Jauregi zaldibiarra. Mikel Otegi eta Lierni Armendariz preso gaixoen zerrendan daude.
- 7 motxiladun haur. Ama, aita edo biak kartzelan dituzten zazpi haur daude Goierrin, 3 eta 12 urte bitartekoak. Idoia Mendizabalen eta Mikel Azurmendiaren kasuan, aita eta ama biak daude giltzaperaturik.
- 128 euskal preso lekualdatu dituzte 2018ko ekainetik Euskal Herrira edo Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara. 228 presoetatik ia erdiak baino gehiago, hala ere, oraindik etxetik 600 eta 1.200 kilometrora bitartean dauden kartzeletan dauzkate. Goierriko presoei dagokienean, Oskarbi Jauregi, Lierni Armendariz, Mikel Azurmedi, Iban Apaolaza, Xabier Zabalo, Joseba Segurola, Aitor Esnaola eta Ismael Berasategi gerturatu dituzte Euskal Herrira.
- 64 libre. Espetxe araudiaren arabera, 64 presok baldintzapean aske beharko lukete. Horretarako ezinbesteko baldintza da bigarren graduan egotea eta irteera baimen arruntak izatea. Gainera, baimen horiek nekez ematen dituzte, oraindik ere bizilekutik ehunka kilometrora egonda.
Aita, ama edo biak ikusteko zailtasunak dituzte presoen seme-alabek
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berresten du guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainerako seme-alabek dituzten eskubide berberak dituztela, gurasoen konpainiaz gozatzea funtsezko elementua baita familia bizitzan. Horregatik, berez, legearen arabera, espetxe agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko erraztasunak ematea familia bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa da. Euskal presoen eta euren seme-alaben (motxiladun haurrak deituak) kasuan, ordea, eskubideak behin eta berriz urratuak izaten dira. Urrunketaren eraginez, gurasoak espetxean dituzten haurrek ez dute bermatuta gurasoekin harreman pertsonalak eta kontaktu zuzena izateko eskubidea.
Asteburu osoko bidaia egin behar izaten dute askotan, ehunka kilometrora dauden gurasoak besarkatzeko eta gurasoekin jolasteko. Errepideak sortzen duen arriskuaz gain, zama fisikoa eta psikikoa suposatzen du haurrentzat; haien lagunak asteburutan jolasten aritzen diren bitartean beraiek errepidean daudelako.
COVID-19ak egoera zaildu du
Errealitate horri COVID-19aren izurriteak eragindako kalteak gehitu behar zaizkio, besteak beste, aurrez aurreko bisitak murriztu baitizkiete. Familia askok elkar besarkatu gabe hilabete asko daramatzate. Sareren kanpainak dioenaren arabera, «motxiladun umeak umezurtz uzten ari diren neurri eta politikak aplikatzen ari dira, gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari baitira».
Goierrin, zazpi motxiladun haur daude eta azken hurbilketekin gehienek, gertuago dituzte orain gurasoak. Euskal Herrian, Oskarbi Jauregi bakarrik dago, Martutenen, Donostian; Mikel Azurmendi (Maite Pedrosa bikotea), Lierni Armendariz eta Iban Apaolaza Euskal Herritik gertuago lekualdatu dituzte eta Idoia Mendizabalek Valentzian jarraituko du oraingoz.
Mikel Azurmendiren 12 urteko alabak adibidez, kilometro erdiak egin beharko ditu orain gurasoak bisitatzeko. Hala ere, martxotik gaurdaino, abuztuan bakarrik egin ahal izan du aurrez aurreko bisita gurasoekin. Orain, 40 minutuko bisitak egiten ditu, kristal lodiaren atzetik. Aita eta ama Zuerara ekarri bitarteko prozesuan, ama Aranjuezen izan du. Bi bisita egin behar izan ditu beraz.
Bederatzi urte betetzear den Lierni Armendarizen semearentzat ere bukatu dira oraingoz eskola egunak galtzea eta asteburu luzeko bidaiak, Armendariz Santoñako (Kantabria) kartzelara lekualdatu baitute. Asteburuetan lagunekin planak egiteko aukera dauka orain, eta bisita egunak erabakitzeko modua ere bai. Hala ere, ama berriz besarkatzeko itxaron egin beharko du oraindik, gainerakoak bezala, kristalaren atzeko 40 minutuko bisitak egin behar baitituzte oraingoz; uztailaren izan zuten azkeneko aurrez aurreko bisita.
Martxotik ama ikusi gabe
Oskarbi Jauregik ez du 9 eta 12 urteko bi semeak ikusteko aukerarik izan martxotik. Bisitak bi lagunek bakarrik egin ditzakete, eta Jauregiren bi semeak heldu bezala hartzen dituztenez, bisitetara haurrak bakarrik sartu beharko liratekeelako. Horrezaz gain, 40 minutuko kristalaren atzeko bisita egiteko ia 1.280 kilometro egin beharko lituzkete. Azaroaren 28an, Donostiara Martuteneko kartzelara eraman zuten zaldibiarra eta beharrezko berrogeialdia igaro ondoren, espetxeko araudi berrira egokitzen ari da. Hori bai, orain, 90 kilometro egin beharko dituzte semeak amarekin egoteko.
Iban Apaolazaren 5 urteko semea otsailetik dago aita musukatu eta besarkatu gabe, eta aitarekin jolastu gabe. Aurrez aurreko bisitarik gabe geratu zirenean kristalaren atzeko bisitara eramaten hasi baziren ere, azkenean lokutorioko bisitarik ez egitea erabaki zuten semea ez zelako ondo moldatzen. Bisita berezia eskatu du Apaolazak kartzelatik kanpo semearekin egun bat edo bi pasatzeko, polizia zaintzarik gabe. Lehenengo saiakera ukatu egiten diote.
Idoia Mendizabal eta bikotearen kasuan, 3 urte betetzear den alaba kartzelatik atera dute eta Ordizian bizi da orain, 6 urteko anaiarekin batera. Arreba amarekin kartzelan zegoen bitartean, abuztura arte, anaiak aurrez aurreko bisitak izan ditu, baina orain, kristalaren atzeko bisiten aukera bakarrik dutenez, oraingoz Valentziaraino ez eramatea erabaki dute. Hori bai, gainerakoek bezala, egunero hitz egiten dute telefonoz gurasoekin, eta oso-oso noizbehinka bideo deiren bat izaten dute.