«Zaletasun hau amonarengandik datorkit»

Txikitatik izan du Aiora Errekondok (Lazkao, 1998) joskintza presente etxean, eta horrek piztu zion josten hasteko interesa. Denborarekin afizioa garatzen joan da, eta uda hasieran Goru joskintza proiektua sortu zuen. Jostea erlaxatzeko modu bat da berarentzat, eta irakasle ofizioarekin uztartzen du joskintza. Momentuz, zaletasun moduan mantentzeko asmoa du.Eskuz egindako produktuak sortu eta saltzen ditu: tote bag estiloko poltsak, nezeserrak, txalekoak eta baita irakasle mantalak ere, besteak beste. Instagram bidez egin daitezke eskariak.
Noiz eta nola hasi zinen proiektu honekin?
Publikoki saltzen ekainaren amaiera aldera hasi nintzen arren, duela urtebete ingurutik neukan jada proiektua buruan bueltaka.
Nolakoa da sorkuntza prozesua?
Denbora behar izaten du prozesu guztiak. Ideia bat izatetik hasten da dena, gero patroia sortu, proba gisa josi, behar dituen aldaketak eta doikuntzak egin, amaierako patroia finkatu, bigarrenez proba gisa josi, telak erosi eta azkenik produktua bera sortu.
Prozesu horretatik, zer da gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaidana telak erostea da. Gutxien, berriz, telak markatu eta moztea. Lan monotonoa izateaz gain, denbora eskatzen du.
Zertan inspiratzen zara?
Ideiak inguruan ikusi eta gustatzen zaizkidan produktu horietatik abiatzen dira.
Nondik datorkizu zaletasun hau?
Zaletasun hau amonarengandik datorkit. Josteko makina lehen aldiz amonarekin hartu nuen, eta hasieran nekien gutxi hori berak erakutsi zidan.
Zer ematen dizu josteak?
Josteak lasaitasuna ematen didala esango nuke. Gainera, makinaren hotsa lasaigarria iruditzen zait.
Nola eros daitezke zure sorkuntzak?
Sorkuntzak egiten noan heinean Instagrameko profilean publikatzen ditut. Norbaitek nahi izanez gero, bertatik idatzi eta eskuratzeko aukera dauka. Hala ere, oraingoz, ingurukoentzat baino ez ditut egin lanak.
Nolako harrera izan du proiektuak?
Oro har, harrera ona izan du. Esan bezala, gaur-gaurkoz lagun eta ezagunentzat aritu naiz, baina edonork egin ditzake eskariak.
Etorkizunerako zer asmo daukazu?
Egia esan, ez dut etorkizunean pentsatu. Oraingoz, aisialdi moduan josten dut, ez da nire ogibidea, eta denda bat irekitzea edo online bidezko salmenta urrun ikusten ditut. ■
