Goierritarrak Moluketako errege bat euskalduntzen
Gaur egun ere balentria harrigarria litzatekeena, duela 500 urteko goierritarrek eta euskaldunek gauzatu zuten. XVI. mendeko itsas espedizio luzeen garaian, Tidore irlako erregegai bati euskaraz irakatsi zioten. Euskal Herritik 13.000 kilometrora, munduaren beste aldean, euskaraz zekiten.
Andres Urdaneta kosmografo eta itsasgizon ordiziarrak parte hartutako espedizioei egozten zaie hizkuntza-hedapen hori. Urdanetak bi espedizio egin zituen urrutiko itsasoetara. Aurrenekoa, oso-oso gazterik (17 urte), Juan Sebastian Elkano buru zuen eta Loaisaren espedizio deritzon misioan, espezieak ziurtatzeko bideak irekitzera, 1525ean itsasoratuta.
Tidore uharte bolkanikoa Moluka artxipelagoan dago, gaur egungo Indonesian. Urdanetak –Elkanoren idazkari zela diote zenbait iturrik– eta espedizioko kideek denboraldi luzea, 9 urte, pasatu behar izan zuten Moluketan. Zazpi itsasontzirekin irten baziren ere, bakar batekin iritsi ziren haraino, munduko biran. Elkano eta Loaisa bidaian hil ziren. 11 urte geroago, 1536an, 450 tripulatzaileetatik 18 lagun bakarrik itzuli ziren bizirik.
Moluketan, portugaldarrei aurka egiteaz gain, bertako komunitateekin hartu-eman estua sortu zuten. Tirdore irlako erregearekin aliantza itxi zuen Elkanok. Getariarra hil zenean, Urdanetak diplomazialari, estratega eta behatzaile dohain onak zeuzkala erakutsi zuen. Espedizioan euskaldun ugari zihoazen, eta hizkuntza erakutsi edo transmititu zieten molukarrei.
Portugaldarren testigantza
Tidoreko erregeak eta haren seme gazteak euskara ikasi zuten. Fernao Lopes de Castanheda portugaldarrak idatzitako kronika batean dago dokumentatuta. Buruzagi molukarrak gaztelania, portugesa eta «lingoa biscainha» hitz egiten zituela ziurtatu zuen. Euskarari esaten zioten orduan ‘bizkaitarren hizkuntza’.
Urdanetaren bigarren espedizio luzea 1564-1565ean egin zuten, tornabidaiaren ibilbidea aurkitu zuena, hain justu. Gaztetan ezagututako eta ikasitako bideetan ibili zen. Moluketara jo beharrean, Cebura (Filipinak) joan zen, eta handik Ozeano Barea Acapulcoraino (Mexiko) zeharkatu zuen, lehenengo aldiz.
Bigarren bidaia horretan, Urdanetaz gain –zuzendari zientifiko eta kosmografo nagusi modura–, Miguel Lopez de Legazpi zumarragarra joan zen buruzagi nagusi gisa. Baita Andres de Mirandaola legazpiarra ere, espedizioko faktore edo administratzailea. Legazpiren iloba eta Urdanetaren familiartekoa zen.
Tidore irla 116 kilometro koadro da azaleraz, Kiematabu sumendiak (1.730 m) sortua. Elkanok, 1519-1522ko munduaren lehen birako espedizioan egin zuen hangoekin traturako hartu-emana. Iltzea eta intxaur-muskatua ekoizteko munduko toki oparoena da. ■

