«Betidanik asko gozatu izan dut pilotan jokatzeko uneez»
Natale Aranbururi (Lazkao, 2008) txikitatik gustatu izan zaio pilotan jokatzea. Emakume izateagatik zailatsunak izan baditu ere, profesionala da 2024ko irailaren 21etik.
Lau eta Erdiko Txapelketa jokatzen ari da Natale Aranburu (Lazkao, 2008). Asteburuan ligaxkako azken jardunaldia jokatuko dute, eta lazkaotarrak aukerak ditu finalaurrekora sailkatzeko. Aranburuk pilota ikasketekin uztartzen du; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua hasi du aurten.
Noiz hasi zinen pilotan jokatzen?
6-8 urte izango nituen pilotan hasi nintzenean, normalean umeak kirol edo afizioren batekin hasten diren adinean. Nire kasuan familiatik ez neukan inongo kiroletarako afizio berezirik, baina nire aitonak pilota ikusten zuen telebistan. Hortik, pilotan jokatu nahi nuela behin eta berriz errepikatzen nuen, eta herriko klubean hasi nintzen. Ondoren, kluba utzi eta neure kabuz ibiltzen jarraitu nuen. Ez zen erraza, neska bakarra nintzelako. DBHn nengoela berriz hastea erabaki nuen herriko klubean, baina ez zizkidaten gauzak batere erraz jarri. Baina, zailtasunak izanda ere jarraitu egin nuen. Azkenean, Ados pilota klubekoek beraiekin hasteko proposamena egin zidaten. Adosi esker jarraitzeko aukera izan nuen.
Egoera horretan egon daitekeen neska txiki bati zer aholkatuko zenioke?
Benetan gustatzen bazaio jarrai dezala, ez dezala utzi egin nahi duen gauza bat. Izan ere, gaur egun jada talde edo elkarte asko daude. Momentu jakin batean egoera zailean baldin badago, lasai egon dadila, aurkituko duelako behar bezala baloratuko duten lekua.
Nire kasuan, pilotan jokatzeko uneez asko disfrutatu dut betidanik. Horrek, izan nintzakeen zailtasunez ez pentsatzen laguntzen zidan.
2024tik pilotari profesionala zara. Horrek zer suposatu du zuretzat?
Hasieran, Adosekoekin hasi nintzenean banekien profesionaletako adarra bazeukatela, baina neure entrenamenduetan zentratu nintzen, beti ere profesionaletara iristeko ilusioarekin. Kontratua sinatzeko esan zidatenean ikaragarri poztu nintzen. Debuta 2024ko irailean egin nuen Olaberrian. Orain, ikasketak eta entrenamenduak uztartzen ditut.
Ikasketek eta entrenamenduek denbora kenduko dizute, ezta?
Bai, astearen edo ditugun partiden arabera, gehiago edo gutxiago entrenatzen dugu. Baina, arlo fisikoa lantzea dela edo pilota ukitzea dela, entrenamenduetarako denbora atera behar izaten dut. Gainera, aurten Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten hasi naiz Gasteizen, eta aste osoa han pasatzen dut.
Pilota munduan izan duzu erreferenterik?
Pilotan hasi nintzenetik nire erreferentea Maite Ruiz de Larramendi izan da. Nesken pilota ikusten hasi nintzenean, bera ikusten nuen. Ados Pilota Elkarteko burua da Maite. Asko motibatu ninduen, ikusten nuelako egon daiteekela aurrerabide bat.
Zer gustatuko litzaizuke lortzea etorkizunean?
Txapel bat irabaztea ikaragarria litzateke. Profesionaletan hasi nintzenetik ez dut txapelik lortu. Beraz, lehenengo txapel hori irabazi nahiko nuke. ■

