«Gustuko dudana egiteko momentua iritsi zait»
Basque Culinary Centerren Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen gradua ikasi zuen Ane Lore Lasak (Beasain, 1996). Bost urtean Bruno Oteizaren Gatxupa jatetxeko zuzendarietako bat izan zen. Donostiako R jatetxearen sortzaileetako bat da. Egun Milla Lore 124 jatetxean ari da lanean. Showcooking-ak egin ditu, hitzaldiak eman ditu (tartean Azaroa Zientziaroan), Dastattoo saioan parte hartu du, jatetxe bat martxan jarri du… Denetarik egin du Ane Lore Lasak. Ezezkoa hor dagoenez, baiezkoa eman die orain arte atera zaizkion jarduerei eta proiektuei. Sukaldaritzaz disfrutatzen jarraitu nahi du.
Basque Culinary Centerreko esperientziak ase al zituen zure espektatibak?
Esperientzia paregabea izan zen, 4 urte oso intentsu pasatzen dira. Gehiena gustatu zitzaidana, eta aldi berean gogorrena, proiektu praktiko asko daudela izan zen. Horrek bizitzarako asko prestatzen zaitu, benetako talde-lan bat egin behar duzu, sortzen diren gatazkak konpontzen ikasi edo jendearekin konpontzen ikasi. Mundu osoko jendea ezagutzeak burua asko irekitzen lagundu zidan. Praktikak ere oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit lan munduan sartzeko, hor azkenean adaptazio handia egiten da eta ateratzen zarenean ia-ia lan mundua ezagutzen duzu. Espektatibarik gabe sartu nintzen 17 urterekin, batxilergotik zuzen-zuzenean, eta dena izan zen sorpresa. Oso sorpresa atsegina.
Ordiziako Martinezen aurrena.
Oso zati garrantzitsua izan zen. Martinezekoa izan zen nire bizitzako lehenengo lana, eta han ikasi nuen dena. Mimo handiz erakutsi zidaten, euretako bat bezala tratatu ninduten eta nik ere halako konpromisoa hartu nuen. Ekipo batekin ondo konpontzen, konpromisoa edukitzen, denborak errespetatzen… pilo bat ikasi nuen.
Gero, Bilboko Nerua.
Puntu eta apartea izan zen hori, izugarrizko esperientzia. Asko ikasi nuen. Michelin izar bat dute, eta garai haietan zeukaten menua oso luzea zen, eta oso exijentea. Momentu batean jarri ninduten partida baten enkargatu, exijentzia asko zegoen eta oso gogorra izan zen. Asko ikasi nuen, baina negar asko ere egin nuen.
Eta Mexikon?
Hutsetik hastea bezalaoa izan zen: kultura berria, plater berriak, teknika guztiak niretzat berriak ziren. Esponja bat bezala egon nintzen, dena ikasten. Asko gustatu zitzaidan.
Eta, azkenerako, aldaketa: Aztin egin zenituen praktikak.
Azkenean biraketa txiki bat eman nuen, jakien industria probatu nahi nuen. Aztin ikerketa proiektua egin nuen, Gradu Amaierako Lana izan zena. Gogo askorekin geratu nintzen bertan lan egiteko gero. Gastronomia beste toki batetik enfokatuta landu nuen, baina oso gustagarria izan zen: ikerketa asko, saiakera-hutsegite asko eta lanerako oso giro atsegina.
Gastronomia sektorearen alorretatik, zer gustatzen zaizu gehien?
Sukalde munduan sartu naiz eta hor aurkitu dut nire pasioa eta erosotasuna, baina garrantzitsua iruditzen zait denetik ezagutzea, ekipo bat kudeatu behar baduzu garrantzitsua delako jakitea zein diren pertsona bakoitzaren betebeharrak.
Eta gutxien?
Zerbitzua oso zaila egiten zait, bezeroekin harremana ez da erraza. Errazagoa egiten zait taldeko jendea kudeatzea edo taldeko jendearekin giro ona edukitzea.
Zein erronka ikusten dituzu gastronomia sektorean?
Asko daude. Kontsumoa erabat aldatzen ari da, jendeak geroz eta gutxiago edaten du, geroz eta gehiago zaintzen da. Jatetxe batean enkargatu bazara, jakin beharrekoa da hori: alkohol asko ez bada saltzen, eta beste nonbaitetik atera behar da salmenta. Hori kudeatzen jakitea erronka handia iruditzen zait. Gainera, geroz eta gutxiago kozinatzen du jendeak etxean, eta kosta egiten da jatetxe batek zerotik dena egiten duenean gero jendeak balioa ematea. Ez badago ohituta etxean horrelako janaria edukitzera, kanpoan bilatzen duena ere agian ez da hain exijentea.
Gastronomiak, halere, hauspotze bat izan du azken hamarkadetan?
Hauspotze handia egon da. Donostian, Basque Culinary Centerren irekiera izan daiteke arrazoietako bat. Munduko jende asko ekarri du eta munduko begiradak Donostian zentratu dira. Horrez gain, globaltasuna dago: Donostian momentu honetan jatorri askotako jende asko bizi da, eta kulturartekotasun horrek negozio ezberdin asko irekitzea ekarri du. Bertako produktuekin egin daitezkeen milioika gauza sortzea ekarri du, eta hori da Donostiak momentu honetan daukan gauzarik politena.
Asko bidaiatu duzu gastronomiaren harira?
Hirugarren eta laugarren mailan, jada lanean nenbilela, asko inbertitu nuen Michelin izarretako jatetxeetara joaten. Europan bidaia dezente egin ditut, eta jatetxe berezietara joan naiz. Ezinezkoa da toki bateko kultura ezagutzea hango gastronomia ulertu gabe. Mexikon askotan egon naiz, eta ez jatetxeetan, baizik eta merkatuetan, jendearen etxeetan nola eta zer jaten den… Zapore horiek edukitzea eta teknika horiek ikastea oso garrantzitsua iruditzen zait. Mexikon, Perun, Europan ere asko ibili naiz probatzen… eta Euskal Herrian ere denbora asko eta momentu asko horretan inbertitu ditut.
Kozinatzeko, jatea gustatu behar da. Bada gustatzen ez zaizun produkturik?
Sukaldari izateko, jatea gustatu behar zaizu bai edo bai. Dena gustatzen zait, baina badaude agian produktu batzuk ez nituzkeenak hainbeste kontsumituko. Kultura batzuetako animalia edo testura batzuk probatzeak agian beldur pixka bat emango lidake, baina ez diot inongo produkturi ukorik egingo beste baten etxean edo jatetxe batean.
Aukeran, teknika berritzaileak ala sukaldaritza tradizionala nahiago?
Bat datoz, bata ez da ezer bestea gabe. Garrantzitsua iruditzen zait sukaldaritza tradizionala ezagutzea, nola eta zergatik egiten den gauza bakoitza, eta gero teknologia eta teknika berriak jakinduria horretan aplikatu. Oso polita iruditzen zait tokiak ezagutzea eta nola kozinatzen diren etxeko janariak, produktuak nola tratatzen diren munduan zehar. Sukaldaritza tradizionala ezagututa, gauza berriak sortzea zoragarria iruditzen zait, eta Donostia horren ispilu da momentu honetan. Mundu osoko jendea etorri da eta negozio pila bat ireki dira jabe atzerritarrekin. Bertako produktua erabilita eta hemengo sukaldaritza ezagututa ze gauza ezberdinak eta politak sortzen diren zoragarria da.
Jada ez zaude R jatetxean. Ekintzailetzaren emaitza izan zen. Nolako esperientzia izan da?
Erronka izugarria. Bi sukaldariren artean ireki genuen, beraz sukaldea ez zen beste guztia izan da ikasketa konstante bat, oso ikasketa polita. Arlo pila bat daude jatetxe batean, negozio bat da eta ikasketa izugarria izan da. Betirako eramango dut. Bi urte eta erdi egon naiz proiektu horretan. Edozein proiektutan bezala, hasieran oso zaila da jendeak zure proiektuan konfiantza izatea, eta hori gogorra da. Hasieran dena dira zalantzak, jendearen kritika, eta zaila da zure ideiarekin jarraitzea. Baina bi urteren ondoren, fruituak hasi dira iristen, eta jendeak gehiago baloratzen du edo ulertzen du batek buruan zeukan ideia hori.
Zein momentutan zaude egun?
Orain etapa lasaian nago. 7-8 urte topera ibili naiz lanean, eta lasaitasuna behar dut. Lagun batzuen jatetxean nago, Milla Loren, oso gustura. Gustuko dudana egiteko momentua iritsi zait; momentuz kozinatzea da, eta ikasten jarraitzea. Zeren jatetxe bateko zuzendari denean, batek denetik egiten du baina kozinatu gutxi. Interes horrekin nago, giro ona bermatzen duten tokietan lasai disfrutatzeko sukaldaritzaz. ■

