Elikaduran eragiten, elkarlanean
Urriaren 7an egin zen Zaldibiako Goizane eraikinean Goierriko Elikadura Mahaia eratzeko batzarra. Iñaki Gurrutxaga
‘Barnetik elikatzen’ proiektuak hiru egitasmo uztartzen ditu Goierriren elikadura burujabetzaren bidean urratsak egiten jarraitzeko: Elikadura Mahaia, Goizane eraldaketa gunea eta ‘Baserritik jantokira’.
Elikadura ez da soilik oinarrizko behar bat; lurraldea antolatzeko, ekonomia suspertzeko eta komunitatea saretzeko tresna estrategikoa ere bada. Ikuspegi horretatik abiatuta jarri da martxan Goierrin Barnetik elikatzen proiektua, tokiko elikadura-sistema eraldatzeko eta elikadura burujabetzan urrats errealak egiteko helburuarekin. Egitasmoak badu berezitasun nagusi bat: elikadura-katearen katebegi guztiak lotzen ditu, ekoizpenetik kontsumoraino.
Goierri Barnetik elkarlanean oinarritutako gobernantza eta lankidetza sarea da proiektuaren sustatzaile nagusia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren barruko Elikadura Misioaren finantzazioari esker ari da egitasmoa garatzen. Eskualdeko lau eragile nagusi ari dira Barnetik Elikatzen proiektua bultzatzen, elkarlanean: Goieki eta Uggasa garapen agentziak, Goimen Landa Garapen elkartea eta Biziola kooperatiba. Erakunde publikoak, lehen sektoreko ekoizleak eta gizarte eragile eraldatzaileak norabide berean lan egiteko ahaleginean ari dira.
Hiru ardatz edo azpi-proiektu osagarriren gainean eraiki da Barnetik elikatzen proiektua: Elikadura Mahaia, Goizane eraldaketa gunea eta Baserritik jantokira –Maizpideko jantokiaren hornikuntza–. Hiru ildo horietan lanean ari diren eragileek azaldu dituzte proiektuen nondik norakoak.
ELIKADURA MAHAIA
Tokiko elikadura-sistema eraldatuko bada, ezinbestekoa da lehen sektoreko eragileek gidaritza hartzea eta gainerako eragileekin batera norabide berean eragitea. Premia horretatik sortu da Goierriko Elikadura Mahaia –urrian egin dute eratze batzarra–, Goierri Barnetik-ek Landa Garapena lehentasunezko erronkatzat hartu ondoren 2021ean. Manex Aranburu (Ordizia, 1972) Goimen elkarteko tekniko-arduradunaren esanetan, erantzun beharreko oinarrizko hutsune bat zegoen: «Behar da nekazaritzaren ahotsa eskualdean eta lurralde mailan; ahots kontsentsuatu eta ordenatu bat, entzungo zaion esparru propio bat».
Partaidetzan oinarritutako hausnarketa estrategiko zabal baten bidez —36 eta 40 eragilek parte hartu dute—, misio bat zehaztu dute 2040. urterako: Goierrin bertako nekazaritza-ekoizpen eta elikadura jasangarria %20 handitzea, landa eremu bizigarria eta paisaia zainduz. «Elikadura Mahaia ez da egitura zurrun bat, eraikitze zein entzute prozesu etengabean dagoen tresna dinamikoa baizik». Bertan saretzen dira eskualdeko hainbat udal, Goimen, Biziola kooperatiba, GNK Goierriko Nekazal Kooperatiba, GUNE Goierri Urolako Nekazal Elkartea, merkataritza zein turismo eragileak –Goitur eta Delikatuz, besteen artean–, ENNEK eta Caritas.
Antolaketa bi mailatan egituratu dute: Mahai Orokorra, saretzeko eta ildo estrategikoak zehazteko; eta Bulego Teknikoa (Goimen, Biziola, GNK eta GUNE), egitasmoak egunerokoan kudeatzeko. Garatutako ‘Sistema Mapak’ lau erronka nagusi azalarazi dizkie: kontsumitzaileen sentsibilizazioa (tokiko produktua osasunarekin eta jasangarritasunarekin lotzea), azalera handien eraginari aurre egitea, ekoizle txikiei bideragarritasun ekonomikoa ematea eta herri txikietako zerbitzuguneak babestea. Aranburuk herri-funtsak zein kirol eta kultura jarduerak tokiko elikadurarekin lotzearen balioa nabarmendu du: «Eskualdeak daukan potentzialitateaz jabetzeko momentua da: bi parke natural ditugu, lehen mailako tokiko produktuak, lehen mailako kirol probak… Guztion artean indarra eginez balioa ematen badiegu, lehen sektorearen zein eskualdearen egoera askoz hobea izango da».
Bertan ekoitzia, bertan gelditu
Gabiriako Baztarrika baserria dute bizitoki eta lantoki aspaldiko urte askoan Asier Osinaldek (Zumarraga, 1974), Eli Elgarresta bikotearen jaiotetxera ezkondu eta gero. Gazta, arkumea eta ardi okelez egindako hanburgesak ekoitzi eta saltzetik bizi dira. Elikadura Mahaiaren sorrera «pauso oso garrantzitsutzat» jotzen du. «Goierrin ekoizten den generoak Goierrin geratu behar du. Hala bada, pauso handi bat da aurrerako».
Haiei iaz gertatutako pasarte bat kontatu du: «Harategi batek arkumerik ba ote genuen galdetu zigun, momentuan ez genuen, eta azkenean Gaztelatik ekarri zituen. Non eta Goierrin, horrenbeste artzain dagoen tokian?».
Osinalderen esanetan «lehenengoetako aldia da, oker ez banago» horrenbeste eragile mahai berean esertzen direna, eta horri «balio izugarria» ematen dio: «Orain arte administrazioarekin biltzen ginen diru-laguntzak eskatzeko edo haserretzeko bakarrik. Bidean oztopoak agertuko dira, eta horiek gainditzeko ahalmena izan beharko genuke. Aurrera egin behar da». Mahaiko bilera batean edo bestean parte hartu du, eta iruditzen zaio dendari eta harakin txikiekin elkarlana bultzatu behar dela, handiekin ere bai, eta baita bezeroekin ere. «Lan hori administrazioak egin beharra dauka, hori bai, gurekin ahaztu gabe».
GOIZANE ERALDAKETA GUNEA
Lehen sektorearen errentagarritasuna eta bideragarritasuna bermatzeko, ezinbesteko urratsa da ekoizten diren lehengaiei balio erantsia ematea. Horretarako sortu zen Uztaola elkartea, baserritarrek euren lehengaiak era egokian eta osasun-berme guztiekin eraldatu ahal izateko azpiegitura kolektiboa. Urte askotan sagar zukuaren kanpainan kontzentratuta egon ondoren, azken aldian bultzada berria jaso du Goizaneko guneak barazkien zein bestelako elikagaien lerroa zabaltzeko.
Mirian Arrizabalaga (Itziar, 1983) juntakideak dioenez, eraldaketak «aukera paregabea» eskaintzen die soberakinak eta itxuragatik azokan zuzenean saltzen ez diren lehengaiak aprobetxatzeko: «Eraldatzea modu bat da soberakin horiei balioa eman eta neguan edo udaberrian saltzeko». Izan ere, eraldatzeak baserriko lana eta irabaziak urte osoan zehar orekatzen laguntzen du.
Leartiker zein Elkolab zentroen elkarlanari esker, zazpi produktu berri balidatu dituzte azken hilabeteetan –fruta gorri marmelada, tomate saltsa, pistoa, txutneia, kalabaza purea, sagar gozoa eta konpota–. «Produktu hauek laborategietan balidatu dira sanitarioki zein zapore aldetik kalitatea bermatzeko, eta orain higiene zein segurtasun-kontrolak (APCC) ezartzen ari gara merkaturatze bidea zabaltzeko».
Baserri dibertsifikatua
Industriako lana utzi, eta amaren aldeko Artzabaltza baserrian, Altzagan, «familia proiektu» bat jarri zuten martxan Ander del Riok (Ordizia, 1987) eta Sophie Ellisen haren bikoteak. Lehena baratzezaintzan aritzen da, bigarrena okintzan. Uztaolako juntakide eta ekoizle da: «Eraldaketa beste merkaturatze aukera bat da, elikadura burujabetzaren bidean gure produktuak saldu eta dibertsifikatzeko».
Elkartearen erronka nagusia Goizaneko azpiegitura urte osoan martxan mantentzea da. «Gizartea aldatzen ari da eta prestatutako janaria gero eta gehiago kontsumitzen da; zergatik ez bertako nekazariek ere eskaintzea kontserbak, kalitatezko eta bertako produktuekin egindakoak?».
‘BASERRITIK JANTOKIRA’
Tokiko elikadura-sistema eraldatzeko prozesuan, jantoki kolektiboek izan dezaketen potentzialitatea aztertzea da Biziola kooperatibaren lan-ildoetako bat. Baserritik jantokira egitasmoaren bidez Lazkaoko Maizpide euskaltegin esperientzia pilotu bat sustatu dute. «Jantoki kolektiboetan eragitea ezinbestekoa da. Lehen sektorea duindu nahi badugu, bermatu behar dugu ekoizpena toki desberdinetara iristen dela eta ekoizleei bolumen zehatzak bermatzen zaizkiela», zehaztu du Nerea Eliasek (Ataun, 1980). Bereziki erreleboari eta ekoizle berriei begira tresna segurua dela uste du, eskaera aurrez ezagututa arriskurik gabe planifikatzeko aukera ematen duelako.
Maizpideko menuen azterketa sakona egin ondoren, ekoizleekin ekoizpenak planifikatu eta banaketa nola egin adostu beharko dute: «Aldaketa guztiek elkarrizketa eskatzen dute, eta bakoitzaren lanari aitortza egin behar zaio, elkarren tokian jarri eta bidea denon artean errazteko».
Hizkuntza ez ezik, balioak
Maizpideko zuzendaritzako kide Jasone Basurtok (Segura, 1974) gogorarazi du haien egitekoa euskara irakastea baino gehiago dela: «Maizpiden ez dugu hizkuntza bakarrik irakasten; gure kultura eta gure balioak transmititzen ditugu, eta elikadurak bat etorri behar du balio horiekin. Gure ardura ere bada tokiko ekonomia bultzatzea eta elikadura jasangarri zein osasungarri baterantz urratsak egitea».
Aldaketak sukaldeko logistikan eta menuen egokitzapenean ahalegina eskatzen duen arren, Basurtok balio handia ematen dio Biziolaren zubi-lanari eta elkarlanari, baita «komunitatea indartzeko» betetzen duen funtzioari ere: «Baserritik jantokira proiektu integrala da: hizkuntza, lurra eta komunitatea batu eta indartzen ditu». ■




