Gaupasa kluba
Behin ausartu nintzen irakurri ez dudan liburu bat zuei gomendatzen, eta aizue, sentipena hain izan zen ona berriro errepikatzea erabaki baitut. Are gehiago, oraindik aurkeztu ez den liburu bat gomendatzera nator. Irakurtzeko nigan eragin duen irrika zuekin partekatzera. Finean hori da asmoa, ezta? Liburu batek egindako hozkaden zuloa zuengana bideratzea. Idazleak berak X sare sozialean egindako iragarpenarengatik izan dut liburuaren berri. Idatzi ditu eleberriak (ederrak, gainera), idatzi ditu saiakerak (ederrak, gainera) eta bere lehen ipuin liburua erditu berri du. Azaroan helduko da, iragarri du Irati Jimenez Uriartek. Azaroan helduko da «Gaupasa kluba». Ez dut bere adierazpenik irakurri, oraindik ez dio inork elkarrizketarik egin, ez du prentsaurrekorik eman. Eta hementxe hasi naiz ni neure zurrunbilo propioa sortzen. Pentsatzen ea klub horretan nork nola egiten ote duen lo, dantza eta maitasuna. Ea nire ametsek kabidarik ote duten. Ea argien distirak noraino argitzen ote duen itzala. Eta zein kolorerekin. Pentsatzen aritu naiz ea pauso txikika klubaren lau erpinetan zirkuluak marrazterik izango ote den, ea atea norentzako egongo den zabalik atea eta gaua bukatzen denean (gaua pasatzen denean) goizak nor harrapatuko duen aharrausika. Errauskinek zapatarik galduko ote duen eskaileretan.
Ederra da liburu baten azalari erreparatu eta imajinatzea nondik norako bidaian eramango zaituzten barne-olatuek. Imajinatzea liburuak zein itsasotan zipriztinduko zaituen. Ez dut uste Iratiren lan berriak inor lehor abandonatuko duenik. Nik, halere, siesta eder bat egin ostean irakurriko dut. Badaezpada ere. Gaua pasatzen dugunok nekez asmatzen baitugu gaupasa egiten. ■

