Erlea, naturaren eta osasunaren bazkide fidelena

Erlezaintza

Erlezain talde bat erregina-jelea nola eskuratu ikasteko saio batean, Ataunen.

Naturaren zikloan eta kalitatezko produktuen sorkuntzan berealdiko lana egiten dute erleek eta erlezainek. Elkartea ekoizleen mapa digitala sortzen ari dira salmentari begira.

Gipuzkoako Erlezain Elkartea (GEE) 1985. urtean sortu zen erlearen –batez ere bertako Erle beltzaren– eta erlezainaren alde lan egiteko. Erlezaintzari dagozkion interesak defendatzea, antzinako ohiturak eta kultura sendotzea, erlezaintza garai berrietara egokitzea eta erlezaintzak sortzen dituen zeharkako hainbat onura eta abantaila zabaltzea ditu helburu. Elkarteak 500 bazkide inguruk osatzen dute, eta orain hamar urtetik Zaldibiako Goizane eraikinean du egoitza –aurrez Zizurkilgo Fraisoron eta Itsasondon izan zuen–. Eztia erauzi eta propolia eraldatu eta osasun erregistroarekin merkaturatzeko gunea kudeatzeaz ere arduratzen da.

Elkarteak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie erlezainei: materialen erosketa eta alokairua, aholkularitza teknikoa, argizari trukaketa, ikastaroak eta hitzaldiak eta Udazkeneko Barroa kanpaina –Gipuzkoako Forua Aldundiarekin elkarlanean azken hau–, besteak beste. Kanpora begira, berriz, eraldaketa gunearen kudeaketa lana egiten du, erlearen mundua ezagutzera emateko sustapen eta dinamizazioan arreta berezia jartzen du, eta haurrentzako kandela, eskulan eta margoketa tailerrak ere eskaintzen ditu.

Ainhoa Tolosa, Gipuzkoako Erlezain Elkartea:
«Barroarekin basa-erlea erabat desagertu zen, eta orain irauten duten erleak gizakiak mantentzen dituenak dira»

Bidatz Sasiain, Gipuzkoako Erlezain Elkartea:
«Jendea erlearen mundua ezagutzen hasten denean, harekiko miresmena lortzea erraza da. Egiteko lan asko dugu oraindik»

Eta udaberrirako beste erronka bat ere badute esku artean, webgunea berritzea: www.erleakgipuzkoa.eus. Atari digitalean azaldu nahi duten erlezain guztiekin osatutako mapa bat egin nahi dute, kontsumitzaileek «bertako eta kalitatezko eztia» erosteko aukera izan dezaten. Ainhoa Tolosa eta Bidatz Sasiain teknikariek eman dute elkarteko jardunaren eta erlearen munduaren egoeraren berri.

Ezagutu eta mirestu beharrekoa

Gizartearentzat, oro har, ezezaguna da oso erleen mundua, eta ingurumenaren eta biodibertsitatearen kontserbazioan egiten duten lana ere ez zaiela baloratzen uste dute. Ezta erakundeek ere. «Ez gaude administrazioaren aldetik baztertuta, baina behin baino gehiagotan entzun behar izan dugu jubilatuen hobby bat dela. Erlezaina jubilatuta egongo da, baina erleek lanean jarraitzen dute. Jendeak, berriz, beldurrarekin lotzen du erlea. Errespetua eduki behar zaio, baina beldurrik ez, eta errespetuarekin batera miresmena eduki beharko litzaioke egiten duen lanari», nabarmendu du Tolosak. Beldur hori helduekin, ziztadekin, lotzen du. «Zaborrontzi inguruetan-eta ibiltzen direnak liztorrak izaten dira!».

Ezagutzarako bide hori egiteko sustapen eta sentsibilizazio lana jo dute funtsezkotzat. Eskoletan ari dira, udalek ere egiten sustapen lan hori, informazio panelak ere badituzte, azoketara joaten dira, baina Sasiainen esanetan, «lan asko dago egiteko» oraindik. «Jendeak erlearen mundua ezagutzen duenean miresmen hori lortzea erraza da».

Maquetación 1Erlezaintza, gero eta zailago

Tolosaren arabera, lehen errazagoa izaten zen eztia egitea, edozein baserritan ateratzen zen, baina orain «zaintza eta jarraipen» handiagoa eskatzen duen langintza da erlezainarena, jendeak uste duena baino gehiago: «Gero eta arazo gehiago dago. Lehen barroa geneukan –akainaren moduko akaro bat–, orain asiar liztorra ere bai, klima aldaketa… Jana ere urritzen ari zaie, pinu asko dago, lehen zeuzkaten harizti eta padagi asko ez dauzkate. Barroarekin basa-erlea erabat desagertu zen, eta orain irauten duten erleak gizakiak mantentzen dituenak dira».

Gipuzkoan 6.000 erlauntza inguru daude egun, eta erlauntza bakoitzeko erle kopurua oso aldakorra da: «Orain 5.000 badaude asko! Baina udaberrian zer, 50.000-60.000? 2020an erle galera izugarria izan da. Barroak oso gogor jo du, uda lehorra izan da, eta asiar liztorrak erasotu du izugarri. Jendeak deitu digu esanez denak galdu dituela! », esan du Sasiainek. Gipuzkoako erlezainen profila erlauntza gutxikoa da, 10ekoa edo gutxiagokoa. «Normalean bi erlauntzarekin etxerako nahikoa duzu, baina bost badauzkazu, eta urte ona bada, saltzeko erabil dezakezu. Hemengo produktua oso ondo saltzen da».

Propoeztiarekin saiakera

Erlauntzeko produkturik ezagunena eztia da, baina honakoak ere eskura daitezke: lore hautsa edo polena, propolia, erregina-jelea, argizaria eta erleen pozoia. Propoliarekin hasiak dira, erregina-jelea erlezain gutxi batzuk egiten dute, eta polenari heltzea ere gustatuko litzaieke. 2020an propoeztiarekin probetan hasi dira: «Propoliari alkohola kendu, eta gelditzen den masa hori eztiarekin nahasten diogu. Beste produktu bat da».  Dibertsifikazioaren aldeko apustua, inondik ere. Eta zeregin horretan jarraituko dute aurrerantzean ere, erlezainekin eta erlezainentzat, gizarte osasungarriago baten alde lanean.

Propoli tintura lortzeko aukera

Erlauntzeko produktuak osasun erregistroarekin merkaturatutzeko aukera dute erlezainek elkarteak Zaldibiako Goizane eraikinean kudeatzen duen eraldaketa gunean. Eztiola gunean erlezainak berak eztia erauzteko aukera du. Horrez gain, propolia eraldatzeko zerbitzua ere eskaintzen du orain bi urtetik hona. Erlezainak ekartzen duen propolia eraldatu eta propoli-tintura eskuratzen du erlezainak dagokion etiketa eta osasun zigiluarekin. Euskal Herrian propolia eraldatzeko gune ireki bakarra da, eta herrialde guztietako erlezainak inguratzen dira. Iaz 123 litro propoli ekoitzi zituzten 39 erabiltzailek. Otsailean egingo dute aurtengo deialdia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>