Urolak bizirik dirau

g010_f01-281174

Urolako trena 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuen Espainiako Alfonso XIII. erregeak. Irudian, Urretxuko geltokia.

Urretxun eta Zumarragan zutik jarraitzen dute oraindik Urolako tren mitikoaren aztarnek, hura martxan jarri eta 95 urtera, eta azken bidaia egin zuenetik 35 urte betetzear direnean: bi geltokiak, barrera zainaren etxea, tunelak eta zubiak.

Otsailean 95 urte bete ziren Zumarraga eta Zumaia arteko tren linea martxan jarri zenetik. 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuen Espainiako errege Alfontso XIII.ak. Aurtengo udan, berriz, 35 urte beteko dira Urolako tren mitikoak azken bidaia egin zuenetik; 1986. urteko uztailaren 4a izan zen linea haren amaiera eguna; azken trenak egun hartan atera ziren, 20:09ean Azpeititik Zumaiara, eta 21:10ean Azpeititik Azkoitira. Handik urte eta erdira, 1988ko otsailaren 2an, Eusko Jaurlaritzak trenbidearen behin betiko itxiera dekretatu zuen, zerbitzua 75 urtez eman ondoren.

Urolako trenaren espirituak, ordea, bizirik dirau oraindik izen bereko ibaiaren arroan; zutik jarraitzen duten eraikinak eta azpiegiturak, trenaren ibilbideari jarraituz egokitutako Bide Berdea eta Azpeitiko museoan oraindik martxan jartzen duten tren eta lokomotora zaharrak dira horren lekuko.

13 geltoki, 20 zubi eta 29 tunel

Urretxuarrentzat eta zumarragarrentzat oso kuttuna izan zen Urolako trena, eta bi herri horietan presente dago oraindik hainbat tokitan. Zumarragako eta Urretxuko geltokien eraikinak eta Etxeberriko barrera zainaren etxea zutik daude, eta Zumaiaraino doan Bide Berdeari eusteko azpiegitura askok ere hor jarraitzen dute oraindik, zubiak eta tunelak, tartean. Urolako trenak 13 geltoki, 20 zubi eta 29 tunel zituen Zumarraga eta Zumaia arteko 36,649 kilometroko ibilbidean. Trena martxan jarri ondoren lau geraleku ere egin ziren.

Ignacio Artetxek, Lourdes Odriozolak eta Juanjo Olaizolak idatzitako Urolako trena. 1926-1986 liburuan jasotzen denez, «Beharbada, Urolako Trenak ditu Euskal Herriko trenbide sareko geltokirik ederrenak eta arte aldetik baliorik handienetakoak». Ramon de Kortazar arkitekto gipuzkoarrak diseinatuta, eraikin guztiak ezberdinak dira, eta «kontzeptu neoerregionalistetan oinarrituak, eta kokatuak zeuden herriaren estetikarekin bat etortzeko pentsatuak». Kortazarrek diseinatu zituen, baita ere, linean egin ziren zazpi guarda etxeak ere.

Gaur egun lineako geltoki guztiak zutik daude oraindik, kontserbazio maila ezberdinarekin. Gehienetan, komunak edo biltegiak jasotzen zituzten eraikin osagarriak desagertuta daude.

Zumarraga eta Urretxuko geltokiak

Zumarragako geltokia lau eraikinez zegoen osatuta: geltokia bera, biltegia, kotxetegiak, nasa eta komunak. Gaur, geltokia, nasa eta komunen eraikina gelditzen dira bakarrik.

Hipolito Olaizolak egin zituen obrak, 54.268,58 pezetako aurrekontuarekin (gaurko 328 euro); 1925eko abendurako amaituta zeuden. Eraikuntza nagusiaren fatxadak inguruko baserrien tipologian oinarrituta daude. Gaur hutsik dago eraikin hori, Zumarragako Udalak zein erabilera eman zehaztu bitartean.

Hipolito Olaizolak egin zuen baita ere Urretxuko geltokia (Villarreal, garai hartan), euskal dorretxeen arkitekturan inspiratuta, eta 27.026,02 pezetako aurrekontuarekin (162 euro). Zumarragakoa baino txikiagoa izan arren, eta bigarren mailakoa gainera, bi trenbide zituen, bat nagusia eta bestea gurutzaketarakoa. Horiez gain, merkantzietarako erabiltzen zen bazter bide bat eta zubi birakari bat ere bazituen. Gainera, bidaiarientzako bi nasa zituen eta komunen eraikina ere bai. Gaur, Urretxu-Zumarragako Gaztetxea dago bertan.

Trenbideko zazpi guarda etxeak ere Ramon de Kortazar arkitektoak diseinatu zituen. Guztiak berdinak ziren, eta inguruko eraikinen estilokoak. Oinezkoentzako pasabideen ondoan zeuden, eta trenbide eta obratako zerbitzuetako brigadako langileburuarentzako etxebizitza zuten. Haien emazteak izaten ziren, normalean, barrera zaintzaileak. Etxe horietako bat Urretxun dago, zutik oraindik, Etxeberri auzoaren sarreran.

g011_f01-350433Zumarragako geltokia

Nasa bakarra zuen, eta lehen solairuan txarteldegia eta geltoki buruaren eta merkantziak fakturatzeko gelak zeuden; goiko solairuan, langileen etxeak. Gaur ez du erabilerarik.

g011_f02-350438Urretxuko geltokia

Bi nasa eta trenbide hila zituen. Bi solairukoa zen, behekoan trenarekin zerikusia zuten zerbitzuentzako, eta goikoan langileen etxebizitza. Gaztetxearen egoitza da gaur egun.

g011_f03-350444Barrera zainaren etxea

Etxeberri auzoko barrera zainaren etxeak zutik dirau. Isabel Agote izan zen azken barrera zaintzailea. Gaur egun ez du erabilerarik. Linea osoan zazpi etxe zeuden, denak berdinak.

g011_f04-351244Agiñetako geralekua

Azkoitiko Udalak ordainduta, 1955ean ireki zen. Auzoko gazteak agertzen diren irudian, atzean ikusten da. 1998an eraitsi zuten, eta antzeko eraikina jaso zuten, ur gaietarako.

g011_f05-35045229 tunel

Aizkibeleko tunela, Zumarraga-Urretxutik irten eta lehena da, Agiñako bidegurutzearen ondoan. Trenbidearen 36,649 kilometroetatik, 3,894 kilometro tunel barrukoak ziren.

g011_f06-35045620 zubi

Guztiak Urola ibaiaren gainean, Urrestilakoa izan ezik. Hiru motatakoak ziren: metalezkoak, hormigoizkoak eta harlanduzkoak. Irudian, Agiñako bidegurutze ondokoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>