2o2oko errenta aitorpenerako ildo nagusiak

Irantzu_AmundarainIrantzu Amundarain • Zuzenki (Lazkao)

Iazko errenta aitorpenaren  autolikidazio proposamenak etxera iristen ari dira pixkanaka eta Gipuzkoako Ogasuneko webgunean ere ikusi ahal izango dira;  autolikidazioak apirilaren 12tik aurrera daude onartzeko moduan.  Autolikidaziorik iristen ez den kasuetan, hitzordua hartu behar da Ogasuneko bulego batean aitorpena egin ahal izateko. Aurten errenta aurkezteko epea ekainaren 30ean bukatuko da eta hiru modalitate izango ditugu horretarako: Batetik, proposamena iritsi bazaizu, eta ados bazaude onartuz. Badaezpada ere, profesional batekin kontsulta egin.     Bestetik, modu mekanizatua, hitzordua hartu eta Ogasuneko bulego batetara joanez. Eta hirugarrenik, Internet bidez, laguntza programa erabiliz edo profesional bat zure errenta egiteko baimenduz.

Nork aurkeztu behar du?

Orokorrean, Gipuzkoan bizi eta lan etekin, jarduera ekonomikoen etekin, kapital higigarri edo higiezinen etekinak edo ondare irabaziak izan dituen edonork aurkeztu behar du bere errenta aitorpena.

Ez du aurkeztu beharko lortutako errenta hauen jatorria honako hau bakarrik denean: kapitalaren etekinak eta ondare irabaziak batera hartuta, urteko kopuru gordina 1.600 euro baino handiagoa ez bada; lanaren etekin gordinak 14.000 euro baino handiagoak ez direnean (banakako tributazioan); lanaren etekin gordinak 14.000-20.000 euro bitartean egonik, ordaintzaile bat edo gehiago izan eta bigarren edo ondorengo ordaintzailearengandik 2.000 euro baino gutxiago jaso badira (banakako tributazioan). Aurten ezaugarri hau bereziki Aldi baterako  Lan Erregulazioko espediente batengatik eragindako zergadunek izan beharko dute kontutan.

Salbuetsita egongo dira, besteak beste, epai baten aginduz, gurasoengandik jasotako mantenurako pentsioak;  erabateko ezintasun iraunkorragatik edo balioezintasun handiagatik onartutako prestazioak; kaleratua izateagatik jasotako kalte ordainak; literatur, arte edo zientzia sariak eta giza eskubideen defentsari eta sustapenari lotutakoak; beka publiko edo irabazi asmorik gabeko entitateek emandakoak; atzerrian egindako lanengatik jasotako etekinak, ezaugarri jakin batzuk betetzen direnean.

Carry Back sistema

Aurtengo beste berritasun bat, Carry Back sistema da: sistema horri esker, jarduera ekonomikoak izan dituzten autonomoek, beren jardueraren emaitza negatiboa izan baldin bada 2020 urtean, 2019 errentako kuotan kenkaria eskatu ahal izango dute.

Kenkari honetaz gain, urterokoak ere aplikatu ahal izango dira: Ahaideengatik, seme-alaben urteko mantenuagatik, ezintasunagatik edo mendeko izateagatik, zergadunaren adinagatik, ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik edo inbertitzeagatik, dohaintzengatik, txikizkako merkataritzan eraldaketa digitalerako kenkaria eta sistema informatikoen ezarpena sustatzeko kenkaria (berria).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>