Burnikurutzetako bira: zubi historiko eta baserritar bideetan barrena

Torreauzo eta Zubizahar herriaren alde banatan, baso bideetan gora eginez Aralar eta kostaldea lotzen zituen garai bateko trashumantzia bidearekin topo egin arte. 1699ko mugarri batek ematen dio izena ibilbideari.

Legorretako Udalak 2018ko azaroan aurkeztutako Xendabelarrak proiektuak jasotzen dituen hiru ibilbideetatik bigarrena da herrigunea Burnikurutzetarekin lotzen duen bide zirkularra. Baserria eta emakumea, jakituriaren zaindari goiburuarekin bataiatu zuen PR-GI-207  bidea, arrasto zuri-horiduna, emakumezkoek baserri eremuan, ahozko jakintzan eta medikuntza ez arautuan egindako lan isil eta baztertua goretsi asmoz. Bidearen mutur banatan, hasteko edo bukatzeko, babes izendapen berezia duten zubi bana, eta helburua Burnikurutzetako bira egitea, Legorretak  Tolosaldeko hiru udalerrirekin muga egiten duen parajea ezagutzeko.

Plaza da Ibiltari honetako abiapuntua (116 metro). Alde batean, San Salbador eliza, bestean udaletxeko balkoia artez janzten duen Baserriaren barneko zuhaitza eskultura. Koldobika Jauregi artista alkizarrak egina 1996an, Lasturko harri grisezko oinarriak ditu eta haritzezko egitura. Udaletxeari bizkarra eman eta Kale Nagusian eskubira eginez, herritarrek hiru izenez ezagutzen duten zubi batera iristen da: Torreko zubia, Torreauzo edo Guadalupeko zubia. Garai batean Ibarbia dorrea zegoen bertan eta haren oinean Guadalupe Amabirjinaren ermita, XVII. mendekoa. Ermitaren ondotik igaroz, Aulia sagardotegia eskuinera utziz,eta  N-1 errepide zaharra azpitik zeharkatuz, bat-batean, natur eremuan murgilduko da oinezkoa.

Bidekurutzetik Basabe aldera

Legorreta-1Bi dira puntu horretan har daitezkeen bideak. Eskubitara joz, Koate –Koroate– auzora iristen da, Legorretak duen baserri auzo nagusi eta eguteratsuenera. Hara eginez gero, jauregi itxurako Oriar baserriara eta Santa Ana ermitara iristen da berehala. Gora eginez, auzoko hainbat baserri ageri dira ezker-eskuin, harik eta auzora doan errepide aldera jo eta Bidekurutzera iritsi arte. Irteera honetako gidariek, Beñat Jauregi eta Joxe Manuel Larrea legorretarrek, Pesaltxe erreka ondotik –mapetan Amabirjin Iturri–doan bidezidorra aukeratu dute Bidekurutzera ailegatzeko, zati nagusia errepidetik eginez (228 metro).

Bide eroso batean aurrera jarraitu behar da, eskuin aldera Basabe erreka sumatzen dela.  Erreka hortatik datorkio izena Legorretako hainbat herritarrek sortutako Basabe garagardo kooperatibari. Magal horretan daude Petrin espalda eta Amabi baso izeneko parajeak. Hamar minutuan Ikaztegietatik datorren bidearekin egiten du bat Legorretakoak, eta hor hasten da aldapa bidezidor sigi-sagatsu batean. Urdanetaetxeberri baserri hutsera iritsi bitartean etenik gabeko igoera dago 25 bat minutuan. Baserri horretan Kerejeta familia bizi izan zen, bai behintzat 1956. urtera arte. Aurrera jarraituz, ordu laurden batean Intxurrera doan bidegurutzea eskubitara utzi, eta aurrera jarraitu behar da, ordekan ia,  Santa Marina edo Santamañara doan bidearekin topo egin arte. Paisaia aldatu egiten da tarte horretan, hostozabalen basoak eta landaketak nabarmenduz.

Gurutzedun mugarria bide ondoan

Legorreta-2Ibilbideko lekurik garaiena da Santamañako errepide zatiarena (505 metro).  Zerrategi bateko lan hotsak sumatzen dira eskubitara, eta ezkerretara Aralar eta Tolosaldeko herrietarako ikuspegi bikaina. Bideari jarraituz gero, Argisaingo Santamarina ermita eta jatetxera irits daiteke. Hortik Berostegira jaitsiz egin zuten kostaldetik mendira itzulera Aralarko artzainek. Ibilide honetan behera egin beharra dago ordea, bost minutuan Burnikurutzetara iristeko. 1699n jarritako mugarri bat da, Legorreta, Bidania, Goiatz eta Albizturren mugaleku. Beherantz jarraitzen du bideak, eta beste bidegurutze batean erdiko bideari segitu behar zaio. Ezkerrekoak antenetara ematen du, eskubikoak Berostegira. Bide hori erabiltzen zuten garai batean Beizama, Albiztur eta Errezilgo herritarrek Ordiziako feriara joateko asteazkenez.

Eukaliptu landaketa artean, Bizkarreta baserriaren hondakinak ageri dira –horko jatorria dute Ordiziako Mujika harategikoek–, eta eremu garbiagoa batera iritsiz Itsasondoko Urkia auzoa eta Murumendi ageriko dira parez pare. Legorretazahar baserrira iritsi aurretik, langa batean margotuta dauden arrasto zuri-horiei jarraitu behar zaie Legorretazahar Etxeberrira jaisteko. Garai batean herriko gazteek erabiltzen zituzten bi igerileku topa daitezke bidean.

Hormigoizko pistan zati bat eginez, ezkerrera egin behar da Ajoain baserrira iritsi arte. Baserri horretan ekoitzi dituzte Joxe Mujikak eta Manoli Urangak hainbatetan Tolosan txapeldun izan diren babarrunak. Oria ibaia agertuko da atzera, eta bideko bigarren zubi historikotik barrena, Zubizaharretik, herrigunera itzultzea besterik ez da falta.

Kontuan hartzeko

  • Babes izaera duten bi zubi. Legorreta Oria ibaiaren meandro zabal batean dago, eta Errege kaltzada zabaldu zenetik, herrirako sarbideak Torreauzo zubitik –Tolosaldetik sartuz gero– eta Zubizahar zubitik –Goierritik– egiten ziren. Biak bina begikoak dira, eta kareharriz eginak. XVI. mendeak eraikiak, babes bereziko izaera dute euskal ondarearen katalogoan. Donejakue bidearen igarobide dira.
  • Mugarri bat, eta bi oroitarri. Burnikurutzetako mugarriaren alde banatan bi oroitarri daude. Horietako bat 2000ko uztailaren 29an ETAk hildako Juan Mari Jauregiren oroimenez jarritakoa da, eta bestea Santi Ramiro herritarraren oroimenezkoa. Juanito Ramiro anaia arduratu izan da urtetan inguru hori txukun mantentzeaz.
  • Bi baserri-auzo bidean. Ibilbide honen hasierako zatian Koate (Koroate) baserri-auzoa zeharkatuko du oinezkoak, gain eguzkitsu batean. Bukaerako zatian, Legorretazahar baserri-auzoa. Diotenez, Legorretaren sorburua auzo horretan dago. Legorretazaharrera doan bideak garrantzi handia izan zuen garai batean trashumantzi bide modura.

Fitxa teknikoa

  • Iraupena: 3 ordu
  • Luzera: 9,50 km
  • Desnibel metatua: 778 metro
  • Zailtasun teknikoa: Erraza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>