Energia ereduari buruzko eztabaida inoiz baino agerikoagoa den une honetan loratzen ari dira Energia Komunitateak. Klima larrialdiaren aurka, trantsizio bidean, aukera desberdin bat bezala aurkezten dira.
Klima aldaketaren ondorioak pairatzen hasiak garela ohartarazten urteak daramatza komunitate zientifikoak: itsasoaren maila gora ari da; azken 50 urteotan gradu bat eta bi artean igo da tenperatura Euskal Herrian, eta azken hamarkada inoizko beroena izan da; ekosistemak desagerrarazten ari dira; milioika pertsona mugitzen ari dira klima arrazoiengatik, 2050. urterako munduan 300.000.000 pertsona izatea aurrikusten dute…
Aldaketa horiek naturalki eman daitezke, baina adituen iritziz, aldaketa horiek gizakien jarduerak eragin du. IPCCaren bosgarren txostenak, Climate Change 2013: the Physical Science Basis (Klima aldaketa 2013: Zientzia fisikoaren oinarriak, I. Lan Taldearen lehenengo kapituloa), sistema klimatiko globalaren berokuntzareninguruko ondorio garbiak aurkezten ditu inongo zalantzarik gabe. %95eko zitasunarekin, giza aktibitatea aurkezten du XX. mende erditik aurrera klima aldaketaren kausa nagusitzat.
Atmosferara isurtzen diren gasek berotegi efektua sortzen dute, eta berotegi-gasen kontzentrazio-igoera, gizakion zenbait aktibitaterekin erlazionatu dute zientzialariek: batez ere erregai fosilekin (ikatza, olioa eta gasa beroa eta elektrizitatea sortzeko, eta gasolina garraiorako), deforestazioarekin eta nekazaritzarekin.
Trantsizio energetikoa
Klima aldaketaren aurrean, energia sektorearen trantsizioa beharrezko bezain konplexua kontsideratzen da, aldaketa asko eta egiturazkoak eskatzen dituelako; erregai fosilen erabilera murriztea, eta energia-iturri garbi eta berriztagarriekin ordezkatzea, besteak beste. Helburu hortara gerturatzen hasteko, lan lerroak marraztu dituzte erakunde desberdinek.
Euskal Autonomi Erkidegoan, Euskadiko Energia Estrategia 2030 jarri dute abian. Eredu sozioekonomikoaren eboluzio progresiboa bilatzen duena, gehienbat industria, etxebizitza eta garraio arloan, kontsumo energetiko murritzagoko eredu baten bila, energia berriztagarrietan oinarrituaz kontsumo hauek, energia elektrikoa bektore energetiko nagusia delarik. Epe luzeko helburu bezala 2050. urterako petrolio eta erregai fosilen erabilpena energia alorretik baztertu nahi da, mende amaierarako NEG isuri netoa zero bilakatuaz eta 2050 urterako %80 murriztuz 2005 urtearekin alderatuz gero.
Zentzu honetan, Goierri goian eta Goierri behean marraztu dituzte NEG isuriak murrizteko estrategiak, bizi kalitatea hobetu eta biztanleriko sektore desberdinak arazoaren inguruan kontzientziatzeko helburuarekin.
Orain literatura horrekiko koherentea den herri proiektu bat jostea falta da, planak jasotakoaren bidean aurrera egiteko, apustu estrategiko zuzena egitea. Hari horri tiraka, bilakaera teknologikoa hasi da, baina teknologiak soilik ez du egoera aldatuko, eredu berrien aldeko borrokak globala beharko du izan, erakunde guztien apustu sendoaz gain, gizartearen inplikazioa ere ezinbestekotzat jotzen baita. Hala, asko dira Euskal Herrian euren baliabideen giltza eskuan hartu eta burujabetzarako bidea urratzen hasi direnak.
Klima aldaketaren aurrean, energia sektorearen trantsizioa beharrezko bezain konplexua da
Trantsizio energetikoa gertatzeko, erakundeen eskuhartzeaz gain, gizarte osoaren inplikazioa beharrezkotzat jotzen da
Eredu ezberdinak daude: kooperatibak (Goiener, Nafarkoop, I-ener), udalek bideratutako egitasmoak (Itsasondo, Zaldibia) eta proiektu komunitarioak, besteak beste.
Goiener Kooperatibaren, eta antzekoen kasuan, energia, batik bat elektrikoa, egungo gizarteetako oinarrizko ondasun bilakatu da, ura edo elikagaiak bezain beharrezko, eta horregatik, xedea, herritarrek oinarrizko ondasun horrekiko kontrola berreskuratzea da, honen garrantziaz jabetzea, energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatuz.
GoiEner-ek subiranotasun energetikoa berreskuratu nahi du, egun sektore elektrikoan liberalizatuta dauden esparruetan sartuz: merkaturatzea (energia erosketa) eta sorkuntza. Garraioa (REEren eskuetan diren goi-tentsioko azpiegiturak) eta banaketa (tentsio ertain eta behe-tentsioko azpiegiturak, konpainia handien kontrolpean direnak) oraindik erregulatuak daude.
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izanik, elektrizitate berdea merkaturatuz lorturiko etekinak kooperatibara itzuliko dira berriz, eta bazkideek erabakiko dute batzarretan zertara bideratu diru horiek.
Era berean, bazkideek sorkuntza berriztagarriko egitasmoetan inbertitu ahal izango dute, kooperatibak berak kontsumituko lukeelarik ekoizpen hori. Azken helburua kooperatibak sorturiko energia kopurua bazkideek kontsumitzen duten kopuru bera izatea da, hori guztia energia berriztagarrien bitartez eta ahalik eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena eginez.
Energia komunitateak
Energia-ereduari buruzko eztabaida honetan, lekua hartzen ari da irudi berri bat: Energia-Komunitateak. GoiEnerren iritziz, «azken bolada hontan moda-modan» dago kontzeptu hori, eta ez du guztiz garbi, pixkanaka loratzen ari diren Energia Komunitate desberdinek izen hori atxikitzeko baldintza guztiak betetzen dituzten.
Europako Batasunak honela definitzen ditu: pertsonak, enpresa txikiak, elkarteak eta tokiko erakunde publikoak biltzen dituen erakunde juridikoak dira; elkarrekin, energia berriztagarriak (elektrizitatea, beroa eta hotza), eraginkortasun energetikoa, mugikortasun jasangarria eta abar sustatzean oinarritutako jarduerak garatzeko helburua dute; hori guztia gertuko onura soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa bilatuz.
Gainera, oraingoz, Europako araudia ez da osoki ezarri Espainiako legedian, eta baina hori iritsi bitartean, zenbait herritan, Energia-Komunitateak abiarazteko prestatze lanak egiten da Goiener bera, modu sendo, parte-hartzaile eta erresilientean.
Kooperatibaren sorreratik, «energia guztiona eta guztiontzat» izatea nahi izan dute, erregai fosilen erabilera iraunarazten duten ereduetatik, eta, batez ere, pertsonak ahalduntzen ez dituzten jardueretatik urrunduz, eta Energia-Komunitateak etorkizunerako aukeratzat dituzte: «Etorkizunean tokian-tokian agintea hartu nahi duten pertsonak, energia tresna gisa erabiliz, ahalbidetuko duena gizarte bat bidezkoagoa, solidarioagoa, ingurumena errespetatuko duena eta ahaldundua».
Zumarragan abiatu duten eredua
Energia trantsizioaren bidean, hainbat eredu martxan daude Goierrin. Zumarragan, adibidez, Tokiko Energia Komunitatea abiarazi dute duela gutxi, Edinor-en laguntzarekin.
Horren baitan, Izazpi auzoko kantxaren estalkiaren gainean plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte eta horiek sortzen duten energia 200 etxe eta dendetara helduko da. 200 erabiltzaile horiek energia komunitatea osatuko dute. Plakek behar duten energiaren %30 sortuko dute eta gainontzeko %70 erosi egingo dute. Energia garbia erosiko dute eta beraiek erabakiko dute zeini erosi. Energia berdea autokontsumo-erregimenean hornituko du instalazioaren 500 metroko erradioan dauden 200 etxe eta dendetara. Udalak kiroldegian eta pilotalekuan ere plakak jartzeko asmoa du, energia komunitate gehiago sortzeko. Mikel Serrano alkateak esan du proiektua «herriko biztanleen artean energia-autokontsumorako eredu garbiagoa, eraginkorragoa eta merkeagoa sustatzeko iraultza» dela.
Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek aho batez adostu zituzte proiektuaren estatutuak. Zumarragako EH Bildurentzat, proiektua «funtsezkoa» da , eta bizilagunak bat egitera animatu ditu. Dena den, herritarrek proiektuaren gaineko gidaritza eta kontrola izatea ere aldarrikatu dute: «Proiektuaren gaineko kontrola eta gidaritza herritarra bermatuko duen egitura juridikoa hautatu behar da. Izan daiteke irabazi asmorik gabeko kooperatiba edo beste eredu bat, baina herritarren ahalduntzea eta parte hartzea bermatu beharko litzateke, irabaziak komunitatean inbertitzeko eta tokiko garapena bultzatzeko».
Energia berriztagarriak eraginkortasun energetikoa eta mugikortasun jasangarria sustatzeko sortu dira
Goierrin hainbat eredu aurki daitezke, nahiz eta Europako araudia ez den osoki ezarri Espainiako legedian
Beste herri batzuetan martxan jartzen ari diren beste eredu batzuk ere aztertzen ari da Zumarragako EH Bildu, Azpeitian, Ekiola elkartearen bultzadarekin martxan jarritakoa adibidez.
Ekiola kooperatibak, irabazi asmorik gabeko kooperatibak dira, eguzki energia sortu eta kudeatuko dute, beraien hornidurarako, eta herritarrek energia garbia kontsumituko dute, dirua aurreztuz. Energiaren Euskal Erakundea eta Krean ingeniaritza enpresa izango dira instalatzaileak. Egitasmoa eskualdeetan aurkezten ari dira Foru Aldundiaren eskutik. Goierri goian, Legazpin egin zuten aurkezpena, duela aste gutxi, eta bertan izan ziren, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako alkateak, beste hainbat eragilerekin batera.
Beste hainbat eredu Goierrin
Itsasondoko kasua ere aipagarria da. Han ere,Tokiko Energia Komunitatea sortzen hastea erabaki du Udalak, herrian kontsumitzen den argindarren parterik handiena Itsasondon bertan sortzera doana, instalazio fotoboltaikoak eraikiz, hauen etekina maximizatuz, sorkuntza eta kontsumo puntu guztiak dinamikoki kudeatuz, eta herritarren argindar-fakturak merkeagotuz.
Udaletxeko teilatuan eguzkiaren energia argindar bihurtzen duen instalazio fotoboltaiko bat jarri da, Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntzarekin. Udaberrian jarri zen martxan eta udalaren eraikinean gastatzen den elektrizitatearen laurdena baino gehiago ematen ari da. Ondo bidean, egindako gastua 4 urtetan amortizatzea espero da eta 20 urtetako bidea egingo duela ziurtatzen dute.
Zaldibian ere eman dituzte lehen urratsak. Udalak garatuko duen proiektuaren helburua, herriaren ahalik eta auto-hornidura mailarik altuena bilatzea da, kanpoko energia kontsumoa murrizteaz gainera, igorpen kutsatzaileak saihestu eta ingurumena eta gizartea zainduaz. Eguzki-energia sortzeko plaka fotovoltaikoak jarriko dira eskolako teilatuan, udal jabetzakoak diren eta herritarren erabilerara zuzenduta dauden 10 puntu auto-hornitu ahal izateko. Hornidura hauek guztiak, 500 metroko erradio baten barruan kokatzen direnez gero, sorkuntza puntu bakar bati loturiko autokontsumorako instalazio fotovoltaiko partekatu baten parte izango dira.
Udal eraikinen auto-hornidura bidea garatuko da, ondorengo urteetan etorkizunerako estrategikoa den energia berriztagarrien erronkari bide berrietatik helduz. Aurreikuspenen arabera, aurtengo irailerako.
Ikus daitekeenez, larrialdi klimatikoaren aurkako helburuak lortze aldera lanean ari dira Goierrin, printzipioz helburu beretsuak dituzte denek, formula desberdinak baliatuz.
Legazpin, esaterako, Udalak beste eraikin publiko bat gehitu du eguzki panelak dituztenen zerrendara, egun hauetan Bikuña kiroldegiko teilatuan plaka fotoboltaikoak instalatu baitira. Guztira 160 eguzki-modulu fotoboltaiko jarri dituzte.
Goierriko beste esperientzia batekin bukatzeko, nahiz eta oraindik garatze bidean egon; Besainen ere ari dira gaia lantzen. Beasainmendin eguzki-plaken parkea jartzeko bideragarritasun plan bat landu zuten. Txosten hori Goienerrekin aztertu eta bideragarria dela ikusten badute, sokari heldu eta gauzatuko dute.
Klima aldaketa «arazo larria» da gizartearentzat
Larrialdi klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren aurrean euskal gizartearen pertzepzioa eta jarrera neurtu dituen ikerketaren arabera, larrialdi klimatikoa «arazo larria» da EAEko herritarrentzat, 10etik 8,1eko puntuazioarekin. Gainera, % 73k uste dute ondorioak nabariak direla, eta % 75 prest egongo lirateke inguru hurbilean energia berriztagarria ekoizteko instalazio bat edukitzeko, bestelako energien «aldekoago» azalduz.
Emaitzen arabera, euskal gizartea «gero eta gehiago jabetzen da» larrialdi klimatikoaren eta energiaren ekoizpen eta kontsumoaren arteko loturaz. 2017an, % 39k «oso lotuta» zeudela esan zuten eta, egun, % 51k eusten diote horri.
Larrialdi klimatikoaren aurkako borrokari eman beharko litzaiokeen garrantziaren inguruan, EAEko herritarrak ez datoz bat, eta iritzi desberdinak azaleratu dituzte: % 48ren aburuz, lehentasunezkoa izan behar du, baina «bestelako lehentasunak ditugu orain», % 49ren ustez. Ikerketaren arabera, iritzi horrek «zerikusi handia du egungo pandemia egoerarekin». Herritarren % 2k bakarrik uste dute krisi klimatikoaren aurkako borroka ez dela gai garrantzitsua autonomia erkidegoarentzat.
Krisi klimatikoaren aurka borroka lezaketen eragileez galdetuta, Eusko Jaurlaritza aipatzen dute arduradun nagusi gisa (% 29); ondoren, herritarrak aipatzen dituzte (% 13), eta, bukatzeko, enpresak (% 11). Inkestari erantzun diotenen % 39k uste dute «guztion ardura» dela, erantzun hori iradoki ez bazuten ere.
Ikerketa Ihobek eta Energiaren Euskal Erakundeak aurkeztu dute ‘Basque Green Deal’ (Euskal Itun Berdea) aurkezteko egindako bileran. Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Prospekzio Soziologikoen Kabineteak garatu du, eta EAEko herritarrek krisi klimatikoari eta trantsizio energetikoari buruz dituzten pertzepzio eta jarrerak izan ditu ardatz.