Comillasko Pontifize Unibertsitateko antzerki musikaleko amateur talde batean ingelesezko musikalak egitetik, ikasketak Espainiako Arte Dramatikoaren Errege Goi Eskolan burutzera igaro zen Ander Aiertza aktore lazkaotarra; gaur egun, ‘Goazen’ telesail musikaleko aktorea da. Gontzal Mendibilen ´Hazia´ musikala ere egin zuen.
Nondik datorkizu musikarako eta antzerkirako grina?
Txikitatik izan dut musikarekin lotura berezia, eta txikitatik gustatu izan zait antzerki mundua. Lazkaoko Ikastolan antzerki taldea sortu zenean, baina, denbora kontuengatik ezin izan nuen aritu, Madrilera iritsi nintzen arte. 18 urterekin Biokimikako gradua egitera joan nintzen, eta nahiz eta banekien gradu hori ikasita ez nuela ametsetako etorkizunik lortuko, presio sozialak eraginda, antzerkia zaletasun gisa hartzera bultzatu ninduten. Orduantxe izan nuen antzerkiarekin aurreneko kontaktua, antzerki musikaleko taldean sartu bainintzen. Ikasketek eragindako presioarengatik, baina, antsietate denboraldi bat igaro ondoren, Biokimikako gradua utzi eta apiriletik ekainera bitarte RESADera sartzeko probak prestatzen ibili nintzen, bertara sartzea lortu nuen arte. Lau urte igaro nituen arte eszenikoetako graduan.
Antzerkiarena mundu zaila dela esan ohi da.
Oro har, zaila da ezegonkortasun konstante batean zaudelako: gaur lanean egoteak ez dizu bermatzen etorkizunean lanean jarraituko duzunik, edo lanean jarraitzeko aukerarik izango duzunik. Antzerki mundua gogorra da oso; asteburuetan eta jai egunetan lanean zaude, alegia, ingurukoak aisialdian daudenean gu gara aisialdi horren parte.
Antzerki musikalaren kasuan, adibidez, funtzioak maiz gauetan edo asteburuetan izaten dira eta zaila izaten da zure inguruarekin sozializatzeko tarte bat hartzea. Gainera, aisialdiko espazioak, maiz, aktoreentzat kaltegarriak diren jardueretan aurkitzen dira, eta horrek ere mugatu egiten gaitu. Esango nuke lanean ari garen bitartean hori guztia dela alderik zailena, batetik, eta, lanik gabe igarotzen duzun denbora mordoa, bestetik. Azken finean, etorkizun ziurgabe baten aurrean egoten gara denbora guztian.
Nola iritsi zitzaizun ‘Goazen’-en parte hartzeko aukera?
Goazen-etik otsailean deitu ninduten. 10.0 denboraldia prestatzen ari ziren eta zazpi pertsonaia berriren paperetan aritzeko konfiantzazko jendea nahi zuten. Ni, pertsonalki, Ander Lacallerekin ibilia nintzen aurretik, Gontzal Mendibilen Hazia musikalean jardun baikinen elkarrekin. Ordutik, hilabete batzuk aritu nintzen Goazen-eko castingak prestatzen, eta proba desberdinez osaturiko ibilbide nahiko luze baten ondoren hartu ninduten.
Presio handia da hori.
Bai. Castingak normalean gestionatzeko gauza zailak izaten dira, ezezkoa daukazulako maiz ostean. Aktore batzuek nahiago izaten dute hasieratik ezezko garbi batekin joan castingetara, alegia, nahiago dute aurrez ezezkoa gestionatuta eduki, eta beste batzuk, berriz, nahiago dute baiezkoan intentzio guztia jarri. Hori are zailagoa da jasotako ezetzak ingurukoekin komunikatu eta beraien dezepzioa ere gestionatu behar duzunean. Nik, adibidez, ezetza gestionatuta dagoenean komunikatzen dut azken erabakia.
Horregatik iruditzen zait aktore batek bere buruaz oso seguru egon behar duela ez pentsatzeko ez duela aktore izateko balio. Izan ere, askotan ez da ez duzula balio, baizik eta ez dela zure momentua edo zure papera. Baina oso erraza izaten da amore ematea.
Zer gogoratzen duzu ‘Goazen’-en hasieratik?
Euskal Herrian egin dudan bigarren proiektua izan da, baina aurreneko ikus-entzunezkoa. Esango nuke profesionalki zein pertsonalki ate asko ireki dizkidala: jendeari ezagutarazten lagundu nau. Aurreneko lan profesional handia izan da. Nire bizitzan aldaketa handia suposatu du Madrildik bueltatu behar izateak, eta, orain, oso gertukoa dudan lagun taldea ezagutu dut.
Boskoren papera egiten duzu. Nolakoa da?
Hamabost urteko mutil gazte bat da, pribilegio batean bizi dena. Inork ez dio inoiz erakutsi pribilegio horretatik kanpo bizitzen, ezta hortik kanpo sor daitezkeen arazoak kudeatzen ere. Azken finean, galduta dagoen mutil gaztea da, bere arazoak esku artean dituen erremintekin konpontzen ohituta dagoena; alegia, diruarekin. Baina konturatzen da diruaz konpondu ezin diren arazoak daudela. Hori da bere konflikto nagusia.
Denboraldi honetan, baina, mutur horretatik jaisten ahalegindu naiz, publikoak dagoeneko ezagutzen duelako pertsonaia. Beraz, oraingo honetan, Boskoren atzean dagoena erakusten ahalegindu naiz: emozioak, sentimenduak… Azken finean, momentu asko bakardadean eta tristuran igarotzen ditu, eta pertsona izaera hori orduan ateratzen zaio. Oso polita izan da hori guztia lantzeko aukera izatea.
Pertsonaiak ere desmuntatzen joaten dira gutxika-gutxika?
Bai, ez da gauza bera zure pertsonaia agertzen den aurreneko sekuentzian publikoak berari buruz dakiena, edo azkeneko sekuentzian publikoak dakiena. Hau da, ibilbide hori guztia publikoarekin batera egiten du pertsonaiak, eta bukaerarako pertsonaia ulertu egiten dute haurrek. Boskoren kasuan, adibidez, haurrek badakite Boskok iruzkin txar bat egiten baldin badu, nola erantzun ez dakielako izango dela.
Zer esango zenuke eman diola Boskok Anderri?
Klase kontzientzia handia, alegia, nire errealitatean bizitzea zein pribilegio den konturatzea; eta inguruko pertsonek nire egunerokoa errazten dutela kontziente izatea, bakarrik sentitzen den eta bere bizitza kudeatzeko erremintarik ez duen pertsona baten azalean jartzen naizelako.
Horrek asko desberdintzen nau Boskorengandik, Anderrek baduelako inguruan segurtasun sare handi bat, non arazoren bat izanez gero baduen norengana jo. Hala ere, dibertitzeko aukera handia eman dit Boskok, azken batean, pertsonaia histrionikoa denez, nik nire egunerokoan esango nituzkeen gauza asko esaten ditu, eta hori dibertigarria suertatzen zait askotan.
Aktore bezala, zer da inportanteena pertsonaia bat eraikitzerako orduan?
Garrantzitsuena pertsonaia ondo idatzita egotea da, pertsonaia bat ez duelako aktoreak soilik sortzen. Pertsonaia sortuta dator, idatzita, zuzendari batek edo gidoilari batek badaki zer nahi duen, eta aktorearen lana da hori eraikitzea. Beraz, aktore batentzat garrantzitsua da gauzak garbi izatea, horrek justifikatzen duelako, hein batean, egoera ezberdinen aurrean hartzen dugun jarrera. Hala ere, pertsonaiak gizakiak badira, pertsonak dira azken finean, eta denek dute bere testuingurua, eta ezinbestekoa da akzioak, intentzioak eta testuinguruak garbi izatea.
Zer esango zenioke aktore izan nahi duen haur bati?
Formatzeko. Nahiz eta jende askok talentua pertsonari berezkoa zaion ezaugarritzat hartu, hiru hilabetetan zehar hamabi orduko lanaldi batean egon, eta testuak, koreografiak eta abestiak egun batetik bestera ikasi behar izateko, landu egin behar duzu, teknika oso garrantzitsua baita.
Otsailaren 16an Lazkaon duzue emanaldia. Parte hartuko duzu?
Bai, noski. Printzipioz, bira guztian zehar egingo ditugun kontzertu guztietan egongo naiz. ■