Abuztuko eklipserako entsegu orokorra Goierrin
Abuztuaren 12an, gutxitan bezalako eguzki eklipsea behatu ahal izango da Goierrin. Eguzki eklipse osoa gertatuko da latitude hauetan, iluntzean 19:37an hasi eta 21:24an bukatu. Eklipsea puntu gorenera 20:32an iritsiko da. Iluntasun une gorena 20:27an gertatuko da. Goierriko toki garaiena Aketegi gailurra denez, han eklipsearen une maximoa 20:28:01ean izango da. Eguzkia ortzi-mugan sartzen ari den garaia hartuko du eklipseak; mendebalderantz ikuspegi zabala duen lekutik ikusi ahalko da, horrenbestez.
Pertseidetako meteoritoak edo izar-uxoak –San Lorentzoren malkoak deituak– ondoen ikusteko gaua horixe izango da, abuztuaren 12koa. Ilargi berria egun horretan da, eta argitasun hori ez izateak zeruko argi-fenomenoak hobeto ikustea ahalbidetuko du.
Iluntasun erabatekoaren uneak bi minutu eskas (1:50 minutu) iraungo du, eklipseak itzala ondoen egingo duen lekuetan. Goierri itzal-eremuak muga-mugan harrapatuko du, hegoalderantz hedatuko baita itzalgunea. Hori dela eta, eklipse osoaren behaketa laburragoa izango da Goierrin, Euskal Herriko beste eskualde batzuetan baino. Hala, Lemniskata Goierriko zientzia elkartekoak, adibidez, Lerinera (Nafarroa) joango dira, denbora bikoitza iraungo baitu eguzkiaren itzalaldi osoak han.
Goierriren barruan ere, iraupenean aldea nabarituko da iparraldean edo hegoaldean. Legazpi, Zegama, Idiazabal eta Ataungo lurretan ikusi ahalko da eklipse osoa; beste herrietan, partziala.
Eguzkiak ipar-mendebaldetik hego-ekialderako norabidea jarraituko du; Iberiar penintsularen ipar ertzean, A Coruña-Bilbo bitartea hartuko du ilunaldi zerrendak; minutuek aurrera egin ahala, Ourense-Gipuzkoaren hegoaldea zerrendan segituko du, Zamora-Huesca bitartean jarraitu, eta Valentzia-Tarragonaren iparraldea irtengo da lur eremutik.
1912tik halakorik gertatu gabea da, munduaren alde honetan. Abuztuaren 12ko gertakariaren ondoren, hurrengo eguzki eklipse osoa ikusteko ez da hainbeste itxaron beharrik izango: urtebeteko geroago, 2027ko abuztuaren 2an izango da berriz; eta eklipse anularra 2028ko urtarrilaren 26an.
Entsegurako eguna
Udako solstiziotik abuztuaren 12ra bitartean Lurrak aldatuko duen inklinazio berbera, solstiziotik atzerantz zenbatuta jakin daiteke. Horrenbestez, apirilaren 30-maiatzaren 1ean edukiko du Lurrak abuztuaren 12ko inklinazio berbera; hau da, eguzkiarekiko kokapen bera. Eguzkiak zeruan eklipse osoaren eguneko ibilbide berdina egingo du datorren asteko egun horietan.
Hitz batean: abuztuaren 12an eklipsea ikusteko toki egokiena topatu nahi duenak, datorren ostegun-ostiraletan proba dezake, eguzkiak iluntzean egiten duen bideari erreparatuta. Eta mendebalderantz begira. ■

