Klandestinitatean
Miriam Inza • Artista eta ikertzaile
Kafetegi batera etorri naiz Goiberri-ko zutabea idaztera, baina ez da izan oso erabaki zentzuduna, arreta gehiegi jartzen diodalako inguruko mahaietan gertatzen denari. Nire atzean emakume batek beste bati: «Erraza da, bazkarian ezkutatuta jartzen da, oso ehotuta, dosi txikietan hasieran eta gero gehiago. Gizon gaixoa, oharkabean pozoituta hil zen! [barre egiten dute]. Orain amonari tokatzen zaio. Harekin azkarragoa izango da, hartzen duen botika mordoarekin gaindosi bat eragitea erraxa da». Kalerantz noa mugikorra eskuan Ertzaintzari deitzeko, eta orduan entzun diot liburuaren izenburua.
Modan jarri da irakurtzea. Eta benetan, eskerrak, azkenaldian modan jarri diren gauzen artean aberasgarriena iruditzen zait. Badago liburuak banaka, binaka, launaka! irakurtzen dituenik. Ez dakit zaletasuna ote den edo erronka hutsa: badakizu, honetan ere sortu dira aplikazioak eta sare sozialak. Strava-n entrenamendua bezala, GoodReads-en zenbat irakurri duzun txuleatu dezakezu.
Irakurtzen ari naizen liburua, Infinitua ihi batean (Irene Vallejo, Pamiela), Alejandriako liburutegi mitikoaz mintzo da; gaur, orduan baino gehiago, ez dago gizakirik munduko liburu guztiak irakur ditzakeenik. Baina batzuk saiatzen ari dira.
Hainbeste irakurtzen den honetan, ordea, guztiak ez dira berri onak idazle eta editoreentzat. Musikarekin eta filmekin gertatu zen bezala, piratek hartu dute literaturaren mundua ere. Liburu elektronikora deskargatzeko liburutegi klandestinoak sortu dira interneten eta dendek eta udal liburutegiek baino irakurle gehiago biltzen dituzte.
Istorioak eta ezagutza zabaltzeko modu horren arriskuak ezagututa ere, eta Liburuen Nazioarteko Egunean paperezko liburuak erosten dituenetarikoa naizen arren, zerbait klandestino bihurtzeko bezain desiratua bada, izan bitez liburuak. ■
