«Benetan betetzen ninduen Segura Irratiko lanak»
Lan arloan eta sozialki oso bizitza intentsua eraman eta gero, lasaiago hartuak ditu gauzak aspaldiko urteetan Segura Irratian Ordiziako azokaren ahotsa den Lierni Elortza Puyadenak (Segura, 1965). Azkainen (Lapurdi) bizi da aspalditik, baina ez du jaioterria saltzeko, eta askotan izaten da Goierri aldean.
Zer gogoratzen duzu haurtzaroaz?
Lehen kolpean jolasak datozkit burura, herriko plazan eskolatik irtenda, Errebalen udako iluntzeetan, Aldatxe baserrian belarretako garaian… Emozio handiko egunak, poza, gatazkatxoak, erronkak… Odol berokoa nintzen txikitatik, nonbait. Bestelako marka handi bat ere bai, gogoratzen dut, aita bat-batean hil zitzaigunekoa. Nik 11 urte nituen, eta horrek bizirako arrastoa uzten du, nik behintzat hala sentitzen dut.
Gero Legazpira joan zinen bizitzera.
Aldaketa ikaragarria izan zen. Gu oso giro herrikoian eta sanoan bizi ginen. Han, bat-batean, herri handiagoa topatu nuen, beste maila bateko ikasketak institutuan, jende berri asko. Giro arrotza eta ezezaguna zen. Ez zitzaidan erraza gertatu.
Handik joan zinen ikastera. Zer?
Magisteritza, Eskoriatzara, eta Arrasaten bizi izan ginen hiru urtez. Ikasi, liburuetako edukiez gain, gauza asko ikasi nituen. Euskal Herria han deskubritzen hasi nintzela esango nuke, Iñaki Mendiguren irakasleari esker. Goierritar izateaz hitz egiten zigun, orduan hainbeste entzuten ez genuena, Zuberoako Maskaradetara joan ginen, eta markatu ninduten horrelako hamaika izan ziren. Ikasi goizean egiten genuen, eta bazkal ondoren Alecoop kooperatiban lanean aritzen ginen ikasle asko, oso giro onean. Egunak bete-beteak nituen orduan, ikasketak, lana eta aisialdia. Denetara iristen ginen halere.
Eta jarraitu zenuen ikasten.
Bai. Kultur Baliabideen masterra egin nuen Deustuko Unibertsitatean. Hori ere, ikasgai ofizialez gain, ikasketa aberatsa izan zen. Masterra bukatu eta laster, bi lagunen artean Kukulumera Kultur Lanak bulegoa jarri genuen martxan, kultur ekitaldiak, kontzertuak eta antolatzeko, Alaitz eta Maiderren kontzertuen kudeaketa edota UEUren urteurreneko ekitaldiak, besteak beste. Ez zen mundu erraza, eta ez genuen luze iraun, baina asko ikasi genuen.
Orduan hasi zinen Segura Irratian?
Ume-umetatik izan dut nik irratiarekin lotura: izeba sortzaile taldean aritu zen, eta ahizpa lanean. Zesareo Elgarresta sortzaileak eta apaizak larunbat goizetan Jose Juan Castillo sukaldariarekin egiten zituen solasaldietan ni kontrolean izaten nintzen, justu-justu iristen nintzela teknika mahaira, 8 bat urte nituela. Aurrerago, ikasle garaiko oporretan aritzen nintzen. Eta Magisteritza bukatu eta lanpostu bat sortu zen. Hilabete batzuetan bi lanak egin nituen, irakasle eta irratian.
Era irratia aukeratu zenuen.
Komunikabideak askoz gehiago erakarri ninduen. Lantaldean hamar-bat urte egin nituen buru-belarri. Benetan betetzen ninduen lan hark, batzuetan itotze punturaino. Baina hutsune batzuk sumatzen hasita, ez nuen nahi lan hura astun eta errutinako bihurtzea, gozatzen segi nahi nuen, eta aldatzea erabaki nuen. Halere, beti irratiarekin lotura mantendu dut, ‘Kontu kantari’ bertso saioarekin, ‘Bixi-Bixi’ euskara taldearen saioarekin, eta Ordiziako feriako kronikarekin.
Irratian sortu zen Ordiziako azokarekin duzun lotura?
Segura Irratiak bere sorreratik, esango nuke, tokia eskaini izan dio azokari. Lehen kronika bidaltzen zutenek utzi ziotenean, haien lekukoa hartu nuen, eta gaur arte etenik gabe nabil horretan, ia 40 urtez.
‘Goierriko Hitza’-n kronika idatzi duzu.
Dezente geroago hasi nintzen kronika idatzi horiekin, eta urte askoan egin nituen, ‘Gara’ egunkarian ere bai, laburrago. Naiz irratian ere egin nituen kronikak epe batean, eta Iparraldeko Euskal Irratietan ere urtetan aritu naiz astero Mariagnes Gorostiagarekin noka, oso sintonia atseginean.
Zer da azoka zuretzat?
Urteak aurrera doazen neurrian, azokak geroz eta gehiago ematen dit, nabarmen. Hasieran eginkizun bat gehiago zen, hotz-hotzean prezioak hartu, produktu berriak zein ziren esan, eta kito. Poliki-poliki, denbora gehiago eskaintzeko gogoa sortzen joan zait, eta orain eskaintzeko moduan naiz. Hala, azokako ekoizleek eta bezero fidelenek naturarekiko duten loturaz eta jakitateaz jabetzen joan naiz, duten bizi filosofiaz, lurrak ematen duen zuhurtasunaz… Azokak, bere eremu txiki horretan, egungo ezaugarri soziopolitiko eta kultural guztiak biltzen ditu, onak eta kaltegarriak. Salerosketatik harago doan balore anitzez betetako mikro gizartea biltzen da azoken inguruan. Belarriak garbi, begiak argi eta burua zabalik eramanez gero, liburu irekia da.
Oso momentu kuttunak bizi ohi ditut asteazkenetan, ekoizleekin kontu-kontari hasi, baratzea eta gainerakoak aipagai, laster adin handiko lagun artean gosaria, a zer kontu astindua, zer hizkuntza aberatsa… Liluratzen naute. Urteek ematen duten jakitate eta bizi filosofi aberatsa bere dute, eta oso berriketa interesgarriak sortzen dira. Lankideekin kronikaren inguruan hartutako kafetxoekin ere bai. Eta erosketak, noski. Ezinbesteko osagaiak dira horiek guztiak azokan.
Bertsoak ere izan dituzu lanbide.
Magisteritza ikastean, hautazko gaia zen bertsolaritza, eta Xabier Amuriza irakasle. Zer kurtso atsegina! Bertsolaritzara zaletzen orduantxe hasi nintzen. Irratian, bertsoei tarteak egiten hasi nintzen, eta Mikel Mendizabalek Goierriko bertso bilera batera gonbidatu ninduen. Han hasi nintzen borondatezko lanak egiten bertso munduan. Gero irratia utzi eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartean hasi nintzen lanean, eta besteak beste txapelketako koordinatzaile izan nintzen, hura bukatu arte. Ondoren, gaur egun bertso saioen antolaketan erreferente bihurtu den Lanku zerbitzua sortzeko kontratua sinatu nuen, baina ordura arteko eskema asko astintzen zituenez, ez zen bide erraza izan. Astunegia gertatzen hasi zitzaidanean utzi nuen, baita bertsoen mundua profesionalki ere. Baina bertsoekiko lotura mantendu dut, batez ere Iparraldera bizitzera joan nintzenean, Bertsularien Lagunak elkartearekin, Xilabarekin eta beste, epaile, gai sortzaile eta abar.
Liburuak ere idatzi dituzu.
Ixabel ahizparekin batera, hiru liburu publikatu ditugu. Lehenengoa Segurako dantza txapelketaren 25. urteurrenerako izan zen, orduan zinegotzi zen Rafael Gerrikoren ideiatik abiatuta. Ez zen material askorik, baina hemerotekak eta abar ondo astinduta, liburuxka osatzea lortu genuen.
Lan gotorragoa izan zen Zegama eta Urbiako artzaintzarena. Zegamako Udalaren beka bat izan zen. Konta ezinezko orduak hartu zizkigun, eta Urbian artzainekin bizitzen egunak eman genituen, gure ume eta guzti. Lotu gintzaizkion lan hari, eta lanbidearekiko begiak ireki.
Segurako Aste Santuari buruzkoa izan zen hirugarrena. Talde-lan horren lehen etapa antropologia tesi baterako prestatu zuen ahizpak, ikaskide zituenekin, eta ni ere sartu nintzen, bertakoen lekukotasunak, bitxikeriak eta beste hainbat xehetasun gehituta.
‘Bidetxur’ ezker abertzalearen aldizkaria ere aipatu behar dut. Harrigarria da urte gutxian nola aldatu den mundu hori. Orduan guraizeekin moztu eta foliotan itsasten genituen argazkiak, idatziak, marrazkiak, jokoak… Hala ere, aski txukuna ateratzen genuen.
Euskaraz bizi zara.
‘Euskara gara’, dio leloak; ni bai behintzat. Azkainera joan nintzenean euskarak ireki zizkidan ate franko, beste erdara bat nagusi bazen ere. Euskal Herria euskarak egiten du, horrek egiten gaitu herri. Gainerakoan, espainol eta frantses kulturen eraginpean gaude, oharkabean askotan. Eta euskarak denok behar gaitu biziko bada, baita ni ere. Beraz, Segurako Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteko parte naiz. ‘Bixi-bixi’ irratsaioa aurkeztea ohorea eta oparia izan zen, oso nire sentitu dut, 500 saio pasatxo eta oroimen eta lagun asko tartean. ‘Mihiluze’-ren Segurako bertsioa den ‘Miñaripe’-k ere marka utzi du herrian, Botika Xahar aretoan zuzenean egindako saioez gain mahai joko bat egin eta argitaratu genuen; zapore ona utzi zigun.
Iparra Hegoa ere gertukoa duzu.
Batetik, pertsonalki nire bizia goitik behera markatu du, eta nire bizilekua bideratu du: Iparra-Hegoko semea da gurea… Bestetik, sozialki oso ekimen aberatsa da, erreferente hainbat arlotan. Hor ere bakoitzak baditugu gure mirak, eta albo batera egin nuen. Gaur egun, Seaskako Etxepare Lizeoko ikasleen parte hartzea gako nagusia da. Ekitaldi hori festa girotik harago doan proiektua dela garbi dago, eta espiritu hori mantentzea da erronka.
Azkaine aipatu duzunez…
Gertakari anitzek bete eta aberastu dute nire egunerokoa, eta Azkainen bizi izatea izan da horietako nagusienetakoa. Begiak, belarriak, mingaina, sentimenduak ireki dizkit. Mintzaira aldarazi dit, ez naiz berdin mintzo han eta hemen. Mugak nola markatu gaituen harrigarria da, urruti sentitzen dute hura hemengo askok, eta distantziaz harago doan urruntasuna da, hiru eskualdeak ‘iparralde’ zaku berean sartuta eta atzerria balitz bezala.
Nolakoa da zure hango bizitza?
Oso bizi sozial aberatsa dut. Ez dago hemengo poteo ohiturarik, beste modu batean oso herri bizia da, etxeetan biltzea normalizatua da, kultur ekitaldien inguruan elkartzea, eta ikastola guraso eta haurren arteko lagun girotik, herri ekimen anitz sortu eta antolatzeko erreferentziazkoa da. Guk geuk Azkainen, ikastolan, lehen maila ireki genuen 2006an, eta urte askoan haur eskola zena urte gutxian 20 bat ikasletik 80tik gora izatera pasatu zen.
Antzerkian ere aritu zara han.
Senperen sortu zen Iduzkilore taldeko kide izan nintzen. Lehen lau lanetan parte hartu nuen, eta Euskal Herria zeharkatu genuen, Goierri ere bai behin baino gehiagotan. Antzerkiak barnea mugitzen du, eta publikoari mugiaraztea erronka handia da. Poza ikaragarria da lortzen denean.
Eta orain, zertan ari zara?
Momentu eta garai intentsu, bizi, aberats, betegarri ugari bizi izan ditut nire 60 urte hauetan. Pertsona interesgarri asko ezagutzeko suertea izan dut, oso lagun onak baditut. Izaera kontua izango da, eta eman dudanean ehuneko ehun eman dudan sentsazioa dut. Askotan etortzen zait Xalbadorren bertsoa burura, ‘anitz maite duenak anitz sofritzen du’. Eta horren marka ere badaramat barnean. Epe batean nire unibertsoa erori zeneko sentsazioa bizi izan nuen, gure eskuetatik kanpoko gertaera medio, gaixotzeraino. Orain beste modu bateko bizimodua daramat, askoz patxarosoagoa, jendetzatik aparte, familia eta hurbil-hurbileko lagunekin, momentu kuttunak biziz, gozatuz, disfrutatuz, egiazko bihurtu zaizkidan baloreetan oinarrituz. Beste Lierni bat naiz, zeinek esan! ■
Afrika zati bat Errementarin
Afrikan, Benin herrialdean 1990ean ateratakoa da Lierni Elortza segurarrak elkarrizketaren atal honetarako aukeratu duen argazki kuttuna. «Garai hartan Afrika ezagutzeko gogoa nuen» azaldu du, eta Leitzako Arantxa Bigera lagunarekin batera egin zuen bidaiak eman zion horretarako aukera. Hilabeteko egonaldia egin zuten han. «Zortea izan genuen, oso hilabete berezia izan zen. Beste mundu bat deskubritu genuen». Egonaldi hartaz oso oroitzapen politak dituelako aukeratu du argazki hori. Handik etorri eta laster, paperean atera, handitu eta markoa jarri zion. «Horri begiratzean, askotan etortzen zait burura besoetan dudan neska txiki hori zertan ote den».
Segurako etxean, Errementarin, dauka zintzilikatuta koadroa, eta askotan begiratzen dio. Izan ere, aspaldian Azkainen bizi bada ere, jaioterria ez du utzi. «Astero etortzen naiz, gure jaiotetxera bereziki. Ordu asko pasatzen ditugu bertan. Txukuntze eta konpontze lan handia eskatzen zuen, eta bizilaguna [Txomin] ezinbestekoa izan dut proiektu horri eusteko. Arima gorde nahi izan diogu etxeari. Ferratokia, sutegia… gure aurrekoen lanbideen lekuko dira, eta berrikuntzak berrikuntza, horixe izan da zutabe nagusia».


