Proiektu berritzaileak aurkezteko garaia da
Iazko lehiaketako sarituak, antolatzaileak eta babesleak, sari banaketaren ondoren ateratako talde argazkian.
Goieki garapen agentziak datozen asteetan jarriko du martxan Enpresa Ekimen Berrien 29. Lehiaketa, hiru kategoriatan banatuta. Ekintzailetza, berrikuntza eta gizarte inklusioa sustatzea du helburu aurten ere.
Abiatzear da Goiekiko Ekintzailetza arloak 29. aldiz antolatu duen Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketa, eta horrenbestez, eskualdean garatutako proiektu berritzaileak aurkezteko garaia ere bai. Datozen asteetan zabalduko du horretarako epea Goiekik, eta irailaren azkenera arte egongo da egitasmoak aurkezteko aukera. Ohi bezala, hiru kategoriatan banatutako lehiaketa izango da: enpresa ekimen berriko proiektu onena, enpresa barruan egindako proiektu berritzaile onena eta ekintzailetza bitartezko gizarte inklusio proiektu onena.
Goierrin ideia berritzaileak sustatzeko lehiaketa bat martxan jartzea izan zen Goiekik orain hiru hamarkada egin zuen plan estrategikoan lehenetsitako ekintzetako bat. Aurre hartan egoera ekonomiko zaila eta langabezia tasa handia zuen eskualdeak, eta berrikuntzari bide ematea izan zen bai Goiekik, bai bailarako eragile-sozioekonomikoek hartutako konpromiso bat. Hainbat enpresa babesleren laguntza izan du urte hauetan guztietan sariketak.
Proiektu berritzaile onenaren bila
Enpresa Ekimen Berriko Proiektu Onenarena da hiru kategorietan nagusia. Ekintzaileen irudia eta berrikuntza sustatzeaz gain, enpresen garapena eta eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzea dira indartu nahi dituen balioak. Goierrin bertan egia bihur daitezkeen asmo guztien alde egin eta horiek bultzatu nahi ditu Goiekik kategoria horretan, eskualdeko ekonomia berpizteko eta eguneratzeko kultura indartzearen alde eginez.
SIAPS enpresa izan zen iazko irabazlea, ikusmen artifizialean eta termografia infragorrian oinarritutako ikuskapen-sistemak eta adimen artifizialarekin indartuetan oinarritzen den proiektu batekin. Epaimahaiak enpresaren berrikuntza maila eta bideragarritasuna nabarmendu zituen saria emateko orduan.
Enpresan berrikuntza txertatuz
Enpresa barruan egindako proiektu berritzaile onena saritzen du Goiekik bigarren kategoria horretan. Enpresetan bertan ekintzailetza eta berrikuntza sustatu nahi ditu, enpresa barruko dinamiketan hobekuntzak txertatzeko. Lehen kategoriako helburu orokor berberak ere baditu bigarren horrek.
Idiazabalgo Iparragirre Eraikuntzak enpresak jaso zuen sari hori iaz. Iparragirrek 75 urte daramatza enpresaren eraldaketa etengabea sustatzen, eta Gipuzkoa mailan erreferenteetako bat da eraikuntza eta birgaitze arloan. Prozesuen industrializazioa, eta pertsonen eta talentuaren garapenean sakontzeko proiektu berritzaile bat landu zuen iaz enpresak dituen erronkei aurre egiteko.
Gizarte inklusioa sustatzeko
Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez sustatu nahi du hirugarren kategoriak, lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada emateko helburu zehatzarekin.
Klaudia Nolanek Ordizian sustatutako TK Studio Pilates zentroa izan zen iazko irabazlea, osasun fisiko eta mentalerako espazio berezitu bat sortzeko proiektuarekin. ■
Enpresa ekimen berriko proiektu onena
- Helburuak
- Irudia. Sustatzailearen irudia sustatzea.
- Berrikuntza. Balio erantsi handiko enpresa berritzaileak sustatzea.
- Aberastasuna. Goierrin lana eta aberastasuna sortzea.
- Garapena. Enpresa berrien garapena eta sorrera sustatzea.
- Aitortza. Urteko proiektu onena saritzea.
- Sariak
- Sari nagusia. 6.000 euro.
- Sari gehigarria. Beste 3.000 euro enpresa kooperatiba bat bada. Goilan Kooperatiba Fundazioak emandako saria da.
- Ikusgarritasuna. Lehiaketak presentzia duen hedabideetan azaltzea.
- Enpresa gunea. Baldintzak betetzen badira, Goiekiko enpresa gunean kokatzeko aukera.
- Zerbitzuak. Ekintzailetza eta Industria arloak eskainiko dituzten zerbitzuei sarbidea.
- Lehen urteetan. Aholkularitza, babesa eta jarraipena.
Enpresan egindako proiektu berritzailea
- Helburuak
- Laguntza. Berrikuntza prozesuak helburu dituzten inbertsioak ahalbidetzeko laguntzak ematea ETEei.
- Eragiletza. Enpresek berrikuntza prozesuak martxan jar ditzaten eragitea.
- Aitortza. Enpresek berritzeko egindako ahaleginak eta garatutako ekintzak aintzat hartzea eta publikoki zabaltzea.
- Lehiakortasuna. Goierriko enpresak are eta lehiakorragoak izaten laguntzea.
- Sariak
- Saria. 2.000 euro.
- Zerbitzuak. Enpresa arloak eskainiko dituen zerbitzuei sarbidea.
- Ikusgarritasuna. Lehiaketak presentzia duen hedabideetan azaltzea.
Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez
- Helburuak
- Inklusioa. Lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada bat ematea.
- Sustapena. Sustatzailearen irudia sustatzea.
- Aberastasuna. Goierrin lana eta aberastasuna sortzea.
- Garapena. Enpresa berrien garapena eta sorrera sustatzea.
- Aitortza. Urteko gizarte inklusioko enpresa ekimen berri onena saritzea.
- Sariak
- Saria. 2.000 euro.
- Gainontzeko sariak. Enpresa Ekimen Berriko Ikusgarritasun, Zerbitzu eta Lehen urteetako laguntza berberak.
