Lehendakaria Telleriarten babes hartuta O-23an
1981eko otsailaren 23an, Espainiako Armadaren parte batek estatu kolpea jo zuenean, Goierrin hartu zuen babes Garaikoetxeak. Jose Ramon Beloki kazetari eta politikari legazpiarra zen orduan lehendakariaren prentsa burua, eta Espainiako Diputatuen Kongresuan militarrak armekin sartu zirela ikusitakoan, Ajuriaenetik atera eta haren gurasoen etxera eraman zuen Garaikoetxea, Telleriarte auzora.
«Arratsaldean ohean nengoen, gripe izugarriarekin, bi egun lehenagotik. Bat-batean, nire prentsa burua etorri zen gelara, eta esan zidan: ‘Lehendakari, estatu kolpea eman dute eta Kongresua asaltatu dute! Hartu itzazu beharrezkoak izan ditzakezun paper eta dokumentuak, eta goazen hemendik, kontrolatua izan gabe komunikatu ahal izango zaren tokiren batera. Nahi baduzu, nire senitarteko batzuen etxera joan gintezke. Baina azkar!’. Gripeak baino gehiago astindu ninduen albisteak. Nire idazkariari premiazko agindu batzuk eman nizkion, eta Ajuriaenetik irten ginen», kontatu zion Garaikoetxeak Elixabete Garmendiari.
Kinka larrian sentitu zuen jende askok bere burua arratsalde hartan, eta segurtasun neurriak hartu zituzten. Tartean, lehendakariak. Telleriarten, inork ez zekiela, Belokitarren etxean egon zen, ordu batzuetan. Handik deitu zien, gainera, Espainiako agintari politiko eta militarrei, egoeraren nahas-mahasa baieztatzeko eta zer itxura hartzen ari zen haztatzeko.
«Bai, Belokiren gurasoen etxea zen, eta telefono publiko bat zegoen etxe hartan, bertako beste solairu batean. Belokiri aproposa iruditu zitzaion toki hura; izan ere, nire telefonoak zulatuta zeuden», gogoratu zuen Garaikoetxeak, 2018an. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Marcelino Orejari, eta hura Madrilera joana zela-eta, haren ordezko Fernando Jimenezi deitu zien, Telleriarteko telefono publikotik. Baita Juan Carlos I.a erregearen errege-etxera ere bi aldiz, Zarzuela jauregira. Erregea ez zitzaion telefonoan jarri, ezta erantzuteko deitu ere. Burgosko Erregio Militarreko kapitain jeneral Luis Polancorekin hitz egitea lortu zuen, eta hark «inguruan arazorik ez» zeukala esan zion. Gaueko 22:30-23:00ak aldean itzuli ziren Ajuriaenera.
Politikoki zeresana eman zuen babesleku sekretu hark. EAJ barruko zismaren erdian, Xabier Artzallusek Beasaingo Batzokian 1984an hitzaldi batean sututa bota zuen Garaikoetxeak «Frantziara ihes egin» zuela O-23an. ■

