Garagartza plaza, Pireinaika behi onenen topaleku
Euskal Jaietako Azoka Bereziaren egunean Garagartza plazan egiten den ganadu erakusketa eta lehiaketa beste itxura bat hartzekotan izan da aurten, abelgorrien dermatosi nodular kutsakorra izeneko gaixotasunaren erruz. Gaixotasuna ez zabaltzeko, urte hasieratik debekatuta egon da etxalde bat baino gehiagoko abelburuak elkartzea. Baina debekua uztail erdialdean altxatu zuten agintariek, eta azkenik ohiko formatua izango du Ordiziako ekitaldi honek. Hala, Pirenaika arrazako Gipuzkoako abelburu ederrenen topaleku bihurtuko da aurten ere Garagartza.
Gipuzkoako Pirenaika Elkarteak antolatzen du Ordiziako lehiaketa, eta kideek pozik hartu dute erabakia, Enaitz Ibabe koordinatzaileak azaldu duenez. Abelgorriei nagusiki eragiten dien gaixotasuna da dermatosi nodular kutsakorra, eta erradikazioa lortu nahi denez, neurri gogorrak hartzen dituzte ez zabaltzeko. Hala, «behi bat bakarrik gaixotzen bada ere, azienda osoa hustu behar da, abere guztiak hil behar dira, eta horri beldur handia zioten ganaduzaleek, gaixotasunari berari baino gehiago, atzetik urte askotako lana dagoelako, batez ere hobekuntza genetikoaren mailan».
Gipuzkoan ez da kasurik antzeman, zorionez, «neurriak zerbaitetarako hartzen dira!», azpimarratu du Ibabek. Neurri horien artean, lurralde osoko abelburu guztiak txertatzea izan da garrantzitsuenetarikoa, baina baita azienda desberdinetako abereak ez elkartzeko debekua ere, ganadu feria eta lehiaketetan eragin zuzena izan duena. Neurriak neurri, eta gaixotasuna oraindik desagertu ez bada ere, egoera epidemiologikoak hobera egin du, eta debekua altxatu dute. Ondorioz, feriak berriz ere hasita hasita daude lehengo martxarekin, tartean Ordiziakoa.
Baina horrelako topaketak antolatzeko denbora behar izaten da, eta Ordizian aspaldian zeuden hasita lan horretan, debekua oraindik indarrean zegoela. «Zalantza handiak zeuden, betiko moduan egin ahal izango ote zen», eta badaezpada, ordezko jarduera bat zuten pentsatuta, etxalde bakar bateko abelgorriez gain, beste animalia batzuk ere erakusteko. «Bertako arrazako animaliekin feria egiteko asmoa genuen, latxarekin, sasi ardiarekin, azpigorriarekin, pottokekin… Plaza betetzea zen asmoa, Ordizia ganadu feriarik ez geratzeko».
Lehiasketa ikusgarria
Baina azkenean, ganadu feria hori «betikoa» izango da, eta Gipuzkoako ustialeku desberdinetako Pirenaika arrazako abelgorriak elkartuko dira. Ohiko formatua izango du, eta lurralde mailako txapelketa egingo da, abereak, eta sariak, adinaren arabera sailkatuta. Txapelketa ikusgarria izaten da, behi guztiak ring batera paseatzera ateratzen dituztelako abeltzainek, desfilean, epaileek erabaki dezaten zeintzuk diren onenak. «Oso saio polita izaten da», adierazi du Ibabek, «sokatik paseatzen dituzte behiak, eta publikoari asko gustatzen zaio».
Pirenaika arraza ezagutzera emateko eta merezi duen aitortza eskaintzeko jarduera da. Ibabek gogoratu duenez, «hemengo arraza da, Gipuzkoan asko errotutakoa. Marroi argiak edo zurixkak dira behiak, adar zorrotzekoak, eta haragitarako hazten dira. Kanpoan egoten dira batez ere, mendirako ondo moldatutakoa». ■

