Vignemaleko tragedia omenaldiarekin goxatzera
1976an hiru euskal mendizale hil ziren Vignemalen: Sebastian Sanchez beasaindarra, Fernando Terradillos ordiziarra eta Jose Luis Orbegozo azpeitiarra. Aizkorri elkartekoak han izan dira.
Mendizaletasunaren alderdi mingotsak gogor astindu zuen Goierri 1976ko udaren hasieran. Ekainaren 28an, hiru euskal mendizale hil ziren Pirinioetako Vignemale mendian (3.298 m). Bi goierritarrak ziren, Fernando Terradillos ordiziarra eta Sebastian Sanchez beasaindarra, eta hirugarrena Jose Luis Orbegozo azpeitiarra. Kordada berean lotuta zihoazen hirurak, sei laguneko espedizio zabalagoan.
Vignemaleko gailurrera iristeko oso gutxi falta zitzaiela gertatu zitzaien zoritxarra, 20 bat metro beherago. Harriak askatu, eta luiziak harrapatu zituen sokako hiru mendizaleak. Engantxea egiterik ez zuen lortu aurrenekoak, eta bat-bateko harri askatzearekin batera amildu egin ziren. Bigarren kordadako lagunak izan ziren istripuaren lekuko. Martin Garcia, Marcos Alustiza eta beste mendizale bat ziren espedizioko gainerako kideak.
Kolpe gogorra izan zen bailararako. Murumendi gainean oroitarri batek gogoratzen ditu hiru hildakoak.
Kideen bisita mendira
Baina gaur egungo mendizaleek ere ez dituzte ahaztu 1976ko zorigaitzak eraman zituen kideak. Beasaingo Aizkorri mendi elkarteak ekainaren 27-28ko asteburuan Vignemalera igoera egin zuen, istripuaren 50. urteurrenean. Hainbat lagun joan ziren Pirinioetako mendi ospetsura. Duela hamar urte ere, 2016an, beste espedizio batekin omendu zituen Aizkorrik Sanchez, Terradillos eta Orbegozo.
Tontor desiratua da Vignemale. Beasaingo Arrastaka taldekoek ere hainbat aldiz jo dute hara. 2017an eta 2024an, gutxienez, irteerak antolatu zituzten. Bi ibilbide daude igotzeko: samurrena Ossouekoa, eta teknikoagoa eta bertikalagoa Gaubekoa. Harritzagak, harrizko blokeak eta zenbait lekutan eta garaitan izotza dira zailtasun gehigarriak. Horrenbestez, esperientzia nahiz eskarmentu apur bat behar da.
Dokumentalean jasoa
1976ko tragedia hura eta bizitza galdu zuten hiru mendizaleen oroimena Amildegi dokumental sarituan jaso zuen, iaz, Telmo Sanchez Ugalde donostiarrak. Beasaindar jatorrikoa da, hain zuzen ere Sebastian Sanchez mendizale zenaren familiartekoa –Telmoren aitonaren anaia zen Sebastian–.
Modu batera edo bestera, dokumentazioan bilduta bezala horren maitea zuten mendira bertara igota, 50 urteren ondoren ez dira itzali Sanchezen, Terradillosen eta Orbegozoren oroitzapenak. ■

