Industria ardazteko hiru lan lerro nagusi
Goierri Berrikuntza Gunearen airetiko artxiboko irudia, atzean Aralar dela. Eskuinean, koloredun leihoekin, Goiekiren erakina.
Goiekiko Industria arloak bailarako industriari eta hari zuzeneko zerbitzua ematen dieten enpresei laguntzeko sortu dituen hiru proiektu lehenetsi ditu aurtengo: Barnekintzailetza, Lanaren zentzua eta Jarraikortasuna.
Goierriko industriaren garapenean bidelagun izatea da Goiekiko Industria arloaren helburua. Hura babestea, bultzatzea eta dinamizatzea izan da azken hamarkadetako egiteko nagusia, eta gaur egun bide berean jarraitzen du, Goierriko ETEak –Enpresa txiki eta ertainak– eta enpresa eragileak lehiakorragoak izateko lanean. Garapen horretan enpresetan lanpostuak mantentzea eta balio erantsi handiko lanpostuak sortzea ere bilatzen du. Banakako laguntza eta aholkularitza ere ematen die Goiekiko Industria arloak haren atea jotzen duten enpresa guztiei.
Helburu horietara iristeko hainbat dira 2026. urtean martxan jarriko diren proiektu eta lan lerroak. Horietatik garrantzitsuenak 2017an sortu zen Goierri Valley elkartearen barruan emango dira, baina elkarteak 2024an erabaki bezala, bailarako edozein enpresarentzat izango dira irekiak jarduera horiek. Aurten, hiru lan lerro edo proiektutan egingo du indarra bereziki Goiekiko Industria arloak: Barnekintzailetza, Lanaren zentzua eta Jarraikortasuna.
BARNEKINTZAILETZA
Industria enpresei edo haiei zuzeneko zerbitzua ematen dieten enpresei zuzendutako proiektua da Barnekintzailetza. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako garapen agentzien artean 2025ean egin zen kosorkuntza prozesu baten bidez definitutako egitasmo bat da, eta aurrerantzean Goiekik kudeatuko du. «Helburua da enpresei barnekintzailetzako proiektuen identifikazioan eta dinamizazioan laguntzea», nabarmendu du Goiekiko Industria arloko arduradun Xabier Perezek.
Dagoeneko bailarako enpresen eskura dago zerbitzu hori, eta hiru faseko metodologia zehatz bat erabiliz bideratuko da. Aurrenekoan ebaluazioa egiten da, galdetegi baten bitartez enpresaren informazioa lortzeko. Bigarrenean egon daitezkeen barnekintzailetza aukerak identifikatuko dituzte enpresarekin batera, eta hirugarrenean eta azkenekoan horiek garatzen lagunduko die Goiekik, dauden erremintak enpresaren eskura jarriz.
«Enpresek lehenetsi duten barnekintzailetzaren arabera erremintak emango dizkiegu, diru-laguntzekin zer aukera dagoen azalduko diegu, eta metodologia horren aplikazioan laguntzaile izango gara». Perezen esanetan, aurten bi-hiru enpresari laguntzea espero dute, eta interesa duten enpresak gehiago balira haiekin ere prozedura bera jarraituko lukete.
LANAREN ZENTZUA
Enpresaren errendimendua eta pertsonen ongizatea uztartzea helburu duen proiektua da Lanaren Zentzua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak bultzatu zuen, eta Etorkizuna eraikiz dinamikaren barruan garapen agentziekin batera etorkizuneko enpleguaren inguruko hausnarketan zentratutako kosorkuntza prozesu batean definitu zuen 2023an eta 2024an.
Goiekiko teknikariek proiektuan espezializatu ondoren, iaztik ari dira zerbitzu hori eskaintzen. «Proiektuak esku-hartze zuzena eta banakakoa du, eta enpresak Goiekiko taldearekin egiten du lanketa. Bai proaktiboki bai erreaktiboki ari gara lanean».
Zerbitzu honek ere hiru fase ditu. Lehena, diagnostiko ezberdinen bitartez, kontzientzia hartzea da. Bigarrenean pentsamendu kritikoa lantzen dute enpresako arduradunek egindako hausnarketak baliatuz. Ekintza plana proposatzea da hirugarrena. Lantzen diren palankak Informazioa, Lidergoa, Helburuak, Talde lana, Formakuntza eta Autonomia dira. «Iaz egindako lanaren balorazioa oso ona da. Egia da Barnekintzailetzakoa baino prozesu luzeagoa eskatzen duela, baina izan duen harrerarekin gustura gaude».
JARRAIKORTASUNA
Aurreko bi proiektuek egin duten antzeko ibilbidea egingo du Jarraikortasuna egitasmoak, eta hau ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta garapen agentzien arteko hitzarmen baten bidez garatuko du Goiekik. «2025ean enpresetako erreleboa planifikatzeko gida bat prestatu dugu, eta joan den astean bidali genien enpresei. Helburua da aurten gutxienez enpresa batean proiektua aktibatzea».
Xabier Perezen esanetan, gaur egun lan merkatuak duen «erronka nagusietako bat» da datozen urteetan erretiro kopuru handiari aurre egitea. «Aurreikuspenen arabera, datozen 10-15 urteetan enpresetako plantillen %20 berritu beharko da. Kasu askotan enpresaren jabeak edo zuzendaritza postuetan dauden pertsonak dira erretiro hartuko dutenak».
Egoera horrek Goierriri ere eragiten dio, eta eskualde modura hiru erronka daudela nabarmendu du: «Bat, enpresak tokian bertan sustraitu daitezela bermatzea; bi, enpresa proiektu berrien sorrera bultzatzea; eta hiru, inbertsio berriak erakartzea».
Goiekiren webgunean eskura dago dagoeneko Zure enpresaren erreleboa planifikatzeko gida dokumentua. «Modu didaktiko eta praktikoan enpresaren erreleboa bermatzeko funtsezko ideiak ematen ditu». Atal berean galdetegi bat dago, eta horren bidez, enpresa bakoitzaren egoeraren berri zehatz jakin dezakete Goiekin. ■
Goiekiko industria arloa
Aurten jorratu eta indartu nahi dituzten hiru lan lerro horiez gain, Goiekiko Industria arloak proiektu eta zerbitzu gehiago ere baditu.
- Digitalizazioa. ETE digitala. Goierriko ETEek –Enpresa Txiki eta Ertainak– eraldaketa digitala gauzatzeko dinamizatzaile lana egitea.
- BETEK. Berrikuntza teknologikoa. Enpresek haien jardunean berrikuntza teknologikoa txertatze bidean laguntzaile izatea.
- Nazioartekotzea. Argentinan prospekzio lanak egiteko burutzeko proiektu baten definizioan partaide izan da Goieki. Aurten jarraipena emango diote egitasmo horri.
- Lan Mentoring. Enpresetan dagoen ezagutza kritikoaren transferentzia gauzatzen eta sistematizatzen laguntzen duen doako laguntza zerbitzu espezializatua da.
- Gipuzkoa Talentua. Europako, Gipuzkoako eta Goierriko kontratazioen etorkizuneko tendentziak aztertzeko proiektu pilotua. 2025ean jarri zen martxan.
- Beste zerbitzu batzuk. Espazio industrialen kudeaketa; diru-laguntzen inguruko aholkularitza; jarraikortasunaren inguruko sentsibilizazioa; eta adimen artifizialak eskaintzen dituen aukerak enpresei ezagutzera ematea.
