Irati Apalategi Alonso • Neu albaitaritza (Beasain)
Gaur egun daukagun eztabaida garrantzitsuenetariko bat da hau: zer eman gure etxeko animaliei? Etxeko janaria ala pentsu komertzialak? Gaur bizi garen garai honetan denbora eskasia da arazorik handiena. Etxetik lanera eta lanetik etxera ibiltzen gara egunero eta ez dugu hartzen edo ez dugu hartu nahi ez guretzako eta ez gureentzako janaria egiteko denborarik, eta gainera gure herriko dendetan eta Internet sareko dendetan modu eta prezio askotariko pentsu poltsak ditugu eskura. Errazagoa egiten zaigu dendara joan eta edozein pentsu erostea. Gainera urte batzuetatik hona daukagun eskaintza geroz eta anitzagoa da. Pentsuetan ere kalitate desberdinak dauzkagu, hauek beti ere prezioari lotuta, «etxean egindako» janariak ere badauzkagu, Barf, Yum dietak ere bai…
Baina, zein da hobea? Nire ustez etxean egindako janariaren onurak oso anitzak dira, beti ere zuk erosi eta zuk egiten duzulako eta horrela badakizu zer ematen diozun zure «lagunari». Azkenean gure etxeetan beti ezagutu izan dugun elikadura da hori, kalean erositako edo etxe edo baserrietan geneuzkan elikagaiekin janari goxoak prestatzea. Prezioa ere beste puntu positibo bat da, merkeagoa da guk prestatzea, prestatuta erostea baino. Era berean kalitatea handiagoa da eta ez daukagu ez kontserbagarririk eta ez gehigarririk bota beharrik. Behar dugun bakarra denbora pixkat eskaintzea da. Bai, badakit gaur egun hori eskatzea asko eskatzea dela, baina, ez al dute gure etxeko lagun hauek hori merezi? Beraiek gauza gutxi edo ezer gutxi eskatzen dizkigute eta asko eman.
Uler dezaket baita ere, guri ere gertatzen baitzaigu, kanpora joaten garenean egun batzuk pasatzera, agian ez dauzkagula etxean bezainbeste tresna eta batzuetan bat ere ez, pentsuetara edota janari aurreprestatuetara jotzea. Bestalde gaur egungo kalitatezko pentsuek onurak ere badauzkate, oraintxe esan bezala beti prest dagoen gauza bat da edonora goazela ere eta gainera gure lagunek nutrizionalki behar duten guztia baitute. Baita ere arazoak dituzten animalientzako pentsuak gaur egun oso ondo eginak daude; digestio arazoak, gernu-aparatuko arazoak, alergia arazoak eta abar.
Nahiz eta pentsuak momentu jakin batzuetarako onak izan, hobea da etxeko janik okerrena pentsurik hoberena baino
Zein pentsu da ona eta zein txarra? Eta nola jakin dezakegu ze pentsu diren onak eta zein txarrak?
Lehenengo eta behin, eta errazena ikus dezakeguna prezioa da. Horrek ez du esan nahi prezio garestia daukatenak onak izan behar dutenik, baina prezio oso merkea dutenak seguruenik ez dira oso onak izango gure etxeko maskotentzat.
Bigarrena, konposaketa da, oso garrantzitsua da konposaketa hori orokorrean ez jartzea; hau da, hobea da oilaskoa jartzen duenean hegaztia jartzen duenean baino, azenarioa jartzea begetala baino…
Hirugarrena, gizakientzako egokia dela bere kontsumoa jartzen duenean, bere osagaiak guk jateko modukoak direla alegia.
Etxeko janaren aldekoa
Halere, nik beti defendatuko dut etxeko elikadura, gainera oso erraza da denbora pixka bat eskaintzen badiogu. Lehenik eta behin, txakurrak eta katuak haragijaleak direla jakin behar dugu eta ondorioz animali-proteina behar dute osagarri nagusitzat. Beraz %70-80a animali jatorriko proteina jarri behar diogu: oilaskoa, txekorra, txerria; arraina baita ere; eta beste %20-30 barazkiak eta zerealak izango dira, beti ere barazkiak frexkoak badira hobe, baina ez badaukagu besterik potekoak ere balio digute eta zerealen artean arroza, kinoa, pasta eta abar. Eta prestatzeko oso erraza da alde batetik haragia frijitu eta bestaldetik pasta edo dena delakoa egin eta azkenekoz dena elkartu. Egun baterako eta gehiagorako egin dezakegu eta baita izoztu ere eta aste guztirako egin.
Eta azkenik, nik beti esaten dudan bezala, nahiz eta pentsuak momentu jakin batzuetarako onak izan, hobea da etxeko janik okerrena, pentsu hoberena baino.