«Oholtza gainean, jendaurrean disfrutatzen dugu gehien»

f-inaki-rezustaIñaki Rezusta  –  Guri5 erromeria taldea (Ormaiztegi-Gabiria)

Pandemia hasi zenetik, bigarrenez bertan behera geratuko dira Goierriko herrietako festak. Guri5 erromeria taldean ere nabaritu duzue hori…
Koronabirusa gure bizitzetan sartu zenetik, badirudi ez garela existitzen. Sektorea erdi hilda dago. Herriko festetan jotzeko dei eta proposamen asko jasotzen genituen lehen, baina azkeneko urte eta erdian, telefonoa ixildu egin da. Normalean, martxotik aurrera egiten ditugu emanaldi gehien, eta udako hilabeteetan, topera ibili izan gara.

Guri5 taldea sortu zenutela badira urte batzu-batzuk. Zenbat emanaldi egin izan dituzue urte batean?
2012an egin genituen lehen kontzertuak, beraz bederatzi urtera bidean goaz. Badugu ibilbide bat egina, herriko eta auzoetako festa askotan izan gara. Urte batean, 20-30 kontzertu inguru egiten ditugu. Goierrin, herri gehientsuenetan jo dugu; Ormaiztegin, Beasainen, Zegaman, Legazpin, Lazkaon, Mutiloan, Urretxun, Itsason, Ataunen, Seguran… Goierritik kanpo ere dexente mugitu gara; Zarautz, Mendaro, Orio, Alegia, Tolosa, Portugalete…

Festarik ez, erromeria eta kontzertuak egiteko datarik ez, horrek guztiak motibazioan ere eragin dizue? Entseguak egiten-eta jarraitzen duzue?
Gustuko dugulako egiten dugu musika, eta nahiz eta ez garen hontatik bizi, noski eragina izan duela, asko gainera. Urte asko daramatzagu talde bezala, maiztasun batekin elkartzen eta entseguak egiten kontzertuak prestatzeko… Baina indarrean egon diren neurriekin, entseguak egiteko ere lanak izan ditugu, oztopo handi bat izan da taldearen dinamika onarekin jarraitzeko. Eten handi bat suposatu du honek guztiak! Azkeneko urtean, ia entsegurik ez dugu egin, ez digutelako elkartzen utzi, eta elkartu garen gutxietan, kontzertuak prestatzera begira baino, elkartzeko eta ongi pasatzeko aitzakian elkartu gara.

Desiatzen egongo zarete berriro ere oholtza gainera igo eta jendaurrean jotzeko…
Bai, noski! Hori da gehien desio duguna, horrela disfrutatzen dugulako gehien, gure doinuekin jendea dantzan jartzen.

Erreportaje osa irakurtzeko: http://goiberri.eus/2021/06/25/aurten-ere-jaien-txinpartarik-gabe/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>