«Barrutik datorkit marrazten dudana»

Nahia RuizNahia Ruiz Olano (Beasain, 2000) da @gaitzerdi Instagram kontuaren atzean dagoen artista. Txikitatik gustura sentitu izan da eremu artistikoetan, eta marrazkigintza da bere pasioetako bat.

Zer dela eta erabaki zenuen kontu hori  sortzea?
Aisialdian egindako marrazkiak ez galtzeko ireki nuen kontua, baina ez nik ez galtzeko. Paperean egindakoak bere horretan geratzen dira orokorrean, eta horrek sortutakoari harago joateko aukera kentzen dio. Marrazkiak Instagramera igotzeari esker hainbat proiektu sortu zaizkit. Oraindik ez dut bukatutzat emandako proiekturik igo, baina etorkizunean horretarako baliagarria izango den espazioa bihurtuko da.

Zerk inspiratzen zaitu?
Sentitzen dudan zerbait adierazteko, askatzeko edo nahasteko erabiltzen dut marrazkigintza. Gertatu izan zait atentzioa eman didan zerbait marraztea, deigarria gertatu zaidalako bakarrik, baina orokorrean barrutik datorkit. Beraz, sentimenduak hitzarekin geldituko nintzateke.

Zer transmititu nahi izaten duzu zure marrazkien bitartez?
Askotan burua beste plano batean mantentzeko marrazten dut. Horrek ez ditu gauza negatiboak bakarrik ateratzen, denetik ateratzen du. Barruan dudana kanpora ateratzeko balio didanez, ez da nahi bat izaten, behar bat bihurtzen da. Gaitzerdi izena bertatik dator. Adierazpenari tokia eman nahi diot.

@nahianovo izeneko Instagram kontua ere badaukazu.
Kontu hau izan zen lehenengo sortu nuena eta denbora gehiena eskaini diodana. Argazkigintzarekin lotzen dut. Gaur egun esparru honetan mugitzen naizenean izen horrekin sinatzen dut. Izenean amonaren abizena jarri nuenetik serioago hartu dut proiektua eta bizitza fisikora pasa nahi izan dut, hainbat proiektu aurrera eramanda. Beti daukat hirugarren begi hori kaleko xehetasunei begiratzerako orduan, eta eskuetan kamera bat dudan momentutik horiek jasotzeko beharra sentitzen dut.

Kolaborazioren bat edo beste egin duzu. Eskariak ere jasotzen al dituzu?
Orokorrean batak besteari botatako ideien bidez funtzionatzen dugu, elkarrizketetan sortutakoak errealitate bihurtzeko asmoarekin. Eskariak ere jasotzen ditut. Ilusio handiz jasotzen ditut guztiak, azken-finean gogoa eta denbora eskaini diodan proiektu honi forma emateko baliagarriak dira. nahianovo3@gmail.com posta elektronikoa erabiltzen dut eskariak jasotzeko, baina @gaitzerdi Instagram kontutik ere hitz egin diezadakezue lasai asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>