Arama-Altzagarate-Arama lehen bide ofizialean


Gipuzkoan lehendabizi homologatu zen ibilbide laburra da (PR-Gi 1) Araman hasi eta bukatzen den bide hau, nahiz eta zatirik handienean Altzagako lurretan ibili. Altzagarateko gainak Goierriren ikuspegi ederra eskaintzen du.

Txikia bai, txikiena ere bai, baina eskasa ez». Aramarrek harro darabilten esaldia da hori. 1.3 kilometro koadroko azalerarekin Goierriko udalerririk txikiena da, eta 200 biztanle pa- satxo ditu. Eta badu harro egoteko beste arrazoirik, herriko plazan hasi eta bukatzen baita Gipuzkoan homologatutako lehen ibilbide laburra (PR-Gi 1): Arama-Altzagarate-Arama zirkularra. 6,8 kilometro ditu, eta Aramaz gain, Altzaga eta Itsasondo udalerriak zeharkatzen ditu. Gaintzako muga ere gertu du ibilbidearen zati batean. Erritmo onean eta eten gutxirekin, bi ordu pasatxo behar dira Aizkorriren eta Aralarren bestelako ikuspegiak ezkutatzen dituen ibilbidea egiteko. Kasu honetan jaitsiera Sarasola auzotik egin denez, kilometro bat gehiago erantsi behar zaio bideari.

Arama, Altzaga eta Itsasondo udalerrietako lurrak inguratzen ditu ibilbideak, Gaintzakoak gertu dituela
Arrasto zuri-horidun Ibilbide ofizialari izkin egin eta saihesbide bana har daitezke gorakoan zein beherakoan

Bi aramar ezagun, Joxe Mari Arizmendi eta Asier Mujika, dira Ibiltari honetako bide erakusleak, parajeok ezker-eskubi ondo baino hobeto ezagutzen dituztenak biak ala biak. Aramako plaza da abiapuntua (160 metro), eta lehen helburua Etxeberri baserrira iristea da (198 metro). Hara ailegatzeko etxeen artetik igarotzen den baserri-bidea hartu behar da eskuinerantz. Aldapatsua da hasiera. Etxeberrira iristean, lehen seinaleak, eta oinezkoen bideen bidegurutzeak. Batak Ordiziara, besteak Zaldibiako Zaldibarrenera, eta baserri bideari segiz Altzagaraterantz –4,3 kilometrora dago–. Ordu laurden bateko ibiliaren ondoren, Artsuaga parez pare (240 metro), XX. mendearen hasieran taberna izan zen baserria. Han, lau basabideren hasieran puntuak elkartzen dira. Gora egiten duena hartu behar da.

Abalia auzotik Gaztaintxotara

Ibiltari__Arama_Altzagarat(1)Bost minitura, Barrutihaundiko bidegurutzea dago –pistan gora jarraitu beharra dago–. Eskubi aldera, Loitzaga mendi magala dago, Aramako lurretan dagoen basorik handiena. Toponimo horretatik datorkio izena Aramako frontoi dotoreari. Eta beste hamar minutuan, Basobeltzera iristen da. Pinudia atera berria da, eta narras antzera dago ingurua. Puntu honetan azti. Goikoetxeberri baserrira daramaten arrasto zuri-horiak utzi, eta segi bidean gora Txirbistu basora arte (390 metro). Orain baso zena larre zen garai batean, orduko umeen futbol zelaia.

Altzagako Abalia auzora beste bost minutuan iristen da baserri bidean gora eginez. Ganadu pabiloia ezkerrean utzi, eta parez pare azaltzen dira baserriak. Eta landare-hesi batean ezkutuan, bere egunean Kolestin Garmendia zenak ezagun egin zuen autobusa, Zaldibia-Ordizia linea egiten zuena. Paisaia erabat aldatzen da Abalian, zabaldu, Aralar pare-parean dela. Abaliagoenetik (425 metro) zeharrik zehar joanez, Gaztaintxotara (465 metro), Gaintzako herri lurrekin mugan. Bostaritzetako bidegurutzea da hurrengo jomuga. Aurrera eginez, bide erosoan, ordu erdi batean Altzagarate auzora iritsiko da oinezkoa, apenas altuerarik galdu gabe.

Altzagaratetik Sarasola auzora

Ibiltari__Arama_AltzagaratGain aparta da Altzagarate. Aralar, Aizkorri, Murumendi eta Hernio ikusten dira Andra Mari ermitaren ondoko begiratokitik, eta behean, barrenean, Ordizia eta Beasain zirrindara luze batean. Taberna-jatetxea itxita dago iaztik. Pena, leku ederra baitzen mokadutxoa  egiteko. Parkean ura edateko aukera badago, hala ere. Eta puntu honetan, desbideratzea dator berriz ere. PR ofizialak Iparragirre baserri ondoko arrastoei segitzeko agintzen du Altzagarantz jaisteko, baina Altzagaratera iritsi aurrean azaltzen den Sarasola auzorantz jaisteko erabakia hartu dute gidariek. Bide hori hartzeko joera nagusitzen ari omen da inguruko herritarren artean.

Hamar minutuko jaitsiera da, eta izen bereko hiru baserri daude auzunean: Sarasola Goikoa, Sarasola Haundi eta Sarasola txiki. Azken bi baserri horien artean zabaltzen den eskailera-bidean behera eginez, bost minutuan, Itsasondoko Iturriotz baserrira iristen da. Eta paisaia erabat aldatzen da berriz ere. Ezkerrean Aramako herri kaskoa, eskubian Itsasondo, eta tartean N-1 errepidea.  Haren kontra egin beharra dago abianpuntura iristeko falta den azken kilometroa. Goian sentitutako bakea erabat puskatzen du ibilgailuen zaratak. Bengoetxenea baserria eskubira utziz, eta azken maldatxoa igota, bertan da atzera Aramako plaza.

Kontuan hartzeko

  • Gaztaintxota gaina. Leku-izen hori baliatu zuten aramarrek herriari bizia emateko orain urte batzuk sortu zuten kultur elkartea izendatzeko. Herrian urtez urte errepikatzen diren kultur ekitaldiak dinamizatzeko gunea da. Gaztain buru bat eta mendi muino bat dute elkartearen ikurtzat.
  • Bostaritzeta. Toponimo horren jatorria argi ez badago ere (Postatik datorrela diote zenbait ahotsek), Baliarraingo San Joan iturri aldera joateko bidegurutzea har daiteke bertan. Basoko bidezidor bati jarraituz Altzagaratera itzul daiteke.
  • Sarasola oinetxeko armarria. Sarasola Haundi baserriko  sarreran dagoen armarriak jasotzen duenez, sute batek erabat kiskali zuen eraikina 1924. urtean, eta haren jabe F. Sarasolak berreraiki zuen hurrengo urtean.
  • Toki-alai eta Olagi. Ibilbidea otordu batekin borobildu nahi duen bisitariak bi aukera ditu. Aramako plazan Toki-Alai taberna-jatetxea dago –astelehena dute atseden eguna–, eta Altzagakoan Olagi sagardotegia. Nekazalturismo etxea ere bada azken hori.

Fitxa teknikoa

  • Iraupena: Bi ordu eta laurden
  • Luzera: 7,60 kilometro
  • Desnibel metatua: 610 metro
  • Zailtasun teknikoa: Erraza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>