Galtzerdi zuriak

Captura de pantalla 2021-09-02 a las 12.33.46Xabin Fernandez Zubeldia • Kazetaria

Aurrekoan gertatu zitzaidan, beste behin. Aspaldiko ezagun batekin kalean elkartu eta hizketan hasterako, bere laserdun begiradak nire gorputz osoa erasotu zuen. Goitik hasi eta oinetaraino, kopeta belzten zuen momentu berean. Eta behin errepaso bisuala egin ostean, sua!

 
–Hori piura Xabin… bizikletan hasi al haiz orain ala?
Bai. Segituan ohartu nintzen zergatik esan zuen.
–Galtzerdiak goraino igota, Izagirretar anaia bat ematen duk. Egidak fabore bat eta jaitsi galtzerdi zuri horiek.
Lehen erasoa nahikoa ez eta bigarrena prestatuta zuen:
–Hi dagoeneko ez haiz hain gaztea horrela janzteko.

 
Benetan? Agian ez zaizue beste munduko ezer irudituko gertatutakoa, baino niri bai. Ez baita horrelako zerbait entzun behar izan dudan lehen aldia. Momentuan ez nion hainbesteko garrantzirik eman. Modu naturalean erantzun nion eta besterik gabe jarraitu genuen elkarrizketa. Baina etxera bueltan pentsatzen aritu nintzen; eta aspaldiko kontuak etorri zitzaizkidan burura.

 

Gogoan dut, esaterako, amari peto bakeroa eskatu nion urtea. Ez dakit nor ikusi nuen petoa jantzita, edo zergatik tematu nintzen; baino peto bakeroa nahi nuen. Eta amarekin dendara joan eta peto bakeroarekin itzuli nintzen etxera. Hura jantzi eta zoriontsu atera nintzen kalera, baina segituan amaitu zen zoriona. Ez zen nonbait Legorretako mutil gazte batek jantzi zezakeen zerbait. Ez nuen gehiago jantzi nahi izan ditxosozko petoa.

 
Gurasoek oparitutako zapata batzuekin ere antzeko zerbait gertatu zen. Larruzko oinetakoak ziren, kalitate onekoak. Garai hartan kalean maiz ikusten ziren zapatak. Baina nireak ez ziren beltzak edo marroiak. Nireak kolore ezberdinetako larru zatiekin egindakoak ziren. Lau kolore ezberdinetakoak ziren. Bereziak ziren. Mundialak ziren. Baina haiek ere ez ziren nire lagunen eta bizilagunen gustukoak izan. Estreinatu nituen egunean, gehiago ez nituela jantziko esanez itzuli nintzen etxera. Ez zitzaizkidala gustatu oihukatu nien gurasoei. Neska batentzat egindako zapatak zirela eta ez nituela nire armairuan nahi. Gerora jabetu nintzen gauza gehiegi nituela garai hartan nik armairuan gordeta.

 
Nola jantziko duzu ba hori? Ez al zara konturatu hori neskak eramatekoa dela? Kendu ezazu hori! Jaitsi lepo hori! Non erosi duzu alkandora hori? Galtzak eroriko zaizkizu! Eta pailazo zapata horiek? Eta orain galtzerdi zuriak! A ze itxura…

 
Nekatuta nago. Askok pentsatuko dute irudiari gehiegizko garrantzia ematen diodal,a baina ohartu naiz ez dela horrela. Irudiari berebiziko garrantzia ematen diona, besteari zer jantzi eta zer ez esaten diona dela konturatu nintzen aspaldi.

 
Bide batez, esan, iaz peto bakero berri bat erosi nuela, koloretako oinetakoak direla etxean ditudanen artean gehien gustatzen zaizkidanak eta pasa den asteburuan lau galtzerdi pare berri erosi ditudala. Denak zuriak, eta luzeak. Ondo goraino igotzeko. Izagirretar anaiek bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>