Ideia bat

Captura de pantalla 2021-09-16 a las 17.25.52

Asier Iriondo · Hizkuntza aholkularia

Badaukat ideia bat diru askoren sorrarazle izan daitekeena. Beno, ez da nire ideia. Atzerrian preso dagoen batek bidalitako gutunean daukat gordeta. Ideia oparitu zidan, berak ezingo zukeela gauzatu eta. Beraz, ideia badaukat. Ez dakit zer egin berarekin. Ez dakit Legazpiko Udalera jo, Gipuzkoako Aldundira edo Oiartzungo Doneztebe plazara, Udalbiltzaren bulegoetara.

Kontua da azpiegitura pixartxoa eta sinaduraren bat edo beste behar dela abian jartzeko. Kontrolatutako Substantzien Legearen ezagutza pixka bat ere komeni da, edo ezagutza duen baten aholkularitza. Ez naiz ekintzailea, ekimenduna ere ez, eta, bizitzeko, dirutza ere ez dut behar. Nagia ematen dit. Ideia saltzea ere pentsatu dut, baina arrastorik ere ez daukat nola egiten den hori. Nonbait erregistratu beharko dela pentsatzen dut, baina non.

Sei hilabete badira nirekin dudala, eta inoiz egin dut gaia ateratzeko imintzioa, baina ez naiz horretara iritsi. Hurbilen ogi-saltzailea egon da. Ogia eskuetan, Ideiabatbadutka hasi nintzen, baina, begiratua nire atzeko bezeroari bota ziola konturatzean, eten egin nuen kontaketa.

Beste behin, Korosti tontorrean bakar-bakarrik nintzela, ezezagun bat zetorren gorantz. Itxuragatik urretxuarra iruditu zitzaidan. Otamotzek entzule fama badute eta nire aukera izan zitekeela pentsatu nuen, baina hurbildu ahala, berehala konturatu nintzen ezin zitekeela urretxuarra izan. Praka barrenak zikin-zikin zekartzan.

Azkenean, gutunekoak e-mail batean jaso ditut. Hitzetan ez da testu luzea, bost-sei minututan idatzi dut. Gaiaren eremuan ‘ideia bat’ jarri dut.
Norbaiti bidaliko diot, bai, eta berak erabaki dezala Udalera, Aldundira, Udalbiltzara edo Vatikanora jo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>