Mendizabal palankari zaldibiarra

g008_f01

Palankariak jokoan. Buenos Airesko ‘Almanaque de la Baskonia’ agerkarian ateratako marrazkia, 1909an. F. Jimeno

Hargintzan eta harrobietan erabiltzen zen antzina palanka, harria zulatzeko edo hausteko altzairuzko ziri luzea. Beste lanabes askorekin bezala, harekin indarra neurtzea kirol bihurtu zen. Sona eta ospea lortu zuten palankarek Euskal Herrian; horietako bat, Juan Bautista Mendizabal zaldibiarra.

Palankaren kasuan, nork urrutien bota zen jokoaren gakoa: palanka edo barra jaurtiketa. Hego Euskal Herrian eta Aragoin zabaldu zen gehien. Kirol herrikoia zen. Zazpi modu desberdinetara jaurti zitekeen arren, derrigorrezko hirutara mugatu zuten: bularka (bi oinak geldirik), biraka (gorputzarekin buelta erdia emanez) eta zankape (barra bi hanken tartetik). Barraren pisua ere aldatu egiten zen.

Mendizabal XVIII. mendean bizi izan zen. Palankari bezala bost apustu entzutetsu egin zituen, eta denak irabazi. Juan Inazio Iztueta herkideak idatzi zuen hari buruz. Mendizabalek Gipuzkoatik kanpora sekula ez zuela jokatu zioen Iztuetak, baina inork ez ziola gain hartu ere bai. Mendizabal Zaldibiako soldadu tertzioen buru zen 1793an, eta, palankari modua zeukan izenaren erakusle, Irunen gerra-goarnizioan zeuden 20.000 gizoni desafioa bota arren, inork ez zion hitza hartu.

Iztuetak esana: Mendizabalek 15 librako palanka (7,38 kilo) honako distantzietara jaurtitzen zuen: bularrez 65 oinetara (18,11 metro), jira erdian 60 oinetara (19,50) eta zankape 50 oinetara (14,76 metro).

Gerrarako ere erabiliakCaptura de pantalla 2021-09-22 a las 17.44.32
«Bere bizitzaren gehienean ez zuen esnea eta artoa besterik jan», gehitu zuen Iztuetak, Mendizabalen indarraren jatorria azaldu nahian. «Eta bera bezala, atsedenik gabe, lurra lantzen aritu den bati, ez dut uste giharreetan indar gehiago eska lekiokeenik». Nekazaria zen, beraz, Zaldibiako palankaria.

Kirolak eta apustuak egiteko bakarrik ez, gerrarako ere erabili izan zituzten palankariak. Tomas Zumalakarregi ormaiztegiarrak, adibidez. Taktika militar bat erabiltzen zuen: arerioa ezustean harrapatzeko, «gezi pisutsuak» jaurtitzen zizkieten, 12 librakoak edo gehiagokoak. Artzainak trebeak omen ziren halako burdin ziriak botatzen. Zumalakarregiren taldean dozena bat lagun baziren halako geziekin iaioak.

Palankari onak, izan ere, ezpatarekin ere onak zirela zioen Zumalakarregik. Intendentziara bidalitako gutun batean, «troparen entrenamenduetarako beti eraman beharko genituzke joko eta ariketa tresnak, esaterako pilota eta eskularru aproposak, eta batez ere jaurtiketak egiteko palankak».

XX. mende erdian itzali zen palankaren eta palankarien indarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>