Benetan, gizakiok ezer gutxi gara

Inaki-DorronsoroIñaki Dorronsoro • Erretiratu aktiboa

Charles Darwinek esan zuenean Homo Sapiensa beste espezie bateko animalia bat besterik ez zela, jendea irainduta sentitu zen. Ez zen berriketarako kontua, kosmosaren erdigunea izatetik eboluzio kaotikoaren ondorio bat izatera mugatu zuen gizakia. Gaur egun ere, askok eta askok ez dute onartzen hori.

Garai haietatik unibertsoaren ezagutza izugarri garatu da, eta gaur dakigunez, lurtarrok galaxia espiral baten ertzean kokatzen gara, galaxiaren erdigunetik 26.000 argi-urte distantziara, eta 220 kilometro segundoko abiaduran biraka gabiltza. Gogoratu argi-urtea 9,46 bilioi kilometro direla. Galaxiaren erdigunean 4 milioi eguzki-masako zulo beltz bat dago bere inguruan pasatzen den oro irentsiz. Erdigune hortatik 10.000 argi-urteko distantzia arteko eremua esfera modukoa da eta izar zaharrez beteta dago. Eta gure galaxiako 200.000 milioi izarrak 50.000 milioi argi-urteko espazioan zabaltzen dira.

Eguzkia bera, hain beharrezkoa guretzat, izar bat besterik ez da. Izarrak ere jaio, bizi eta hil egiten dira. Denbora gehiena helioa lortzeko hidrogenoa erretzen igarotzen dute, hidrogeno bonba erraldoiak baitira. Eguzkiak gutxi gorabehera 5.000 milioi urte daramatza hori egiten eta litekeena da beste 5.000 edo 6.000 urte horrela jarraitzea desagertu arte.

Gurearen antzeko galaxiak gutxi gorabehera 200.000 milioi izan daitezke. Erosoena Magallaese Lainoak 150.000 argi-urte distantziara aurkitzen da. Unibertsoaren neurrigabetasuna ez da hor gelditzen. 1920ko hamarkadaren bukaeran unibertsoaren espantsioa aurkitu zuten zientzialariek. Eta harrigarriagoa, unibertsoa mugagabea izanik, orain dela 13.800 milioi urtetik hedatze azeleratuan dagoela.

Lurra bera txiki-txikia da eta ez daukagu ideiarik ere beste toki batean bizitzarik ote dagoen, baina horrek ez digu eragozten hemen  batzuek beti saiatzea besteak garbitzen. Bola txiki honetan duela 2,5 milioi urte inguru agertu ziren lehenik oraingo gizakiaren oso antzekoak ziren animaliak. Hori ere ez da gauza izugarria. Esate baterako, inurriak gu baino askoz lehenagokoak dira, 170 milioi urte daramazte Lurrean eta toki guztietan daude, Antartidan izan ezik.

Gizakiok ere, izarrak bezala, jaio, bizi eta hil egiten gara, 60, 80 edo 100 urteko bizi-ziklo labur baten ondoren. Guretzat bizitza ñimiño hori da dena, baino ezer gutxi unibertsoaren osotasunarentzat. Gutxi izate horrek garrantzi pixka bat hartzen du, sexuaren bitartez, gure espezie-jarraipenaren eta kultur transmisioaren eboluzioak ezarritako oinarrizko kate-maila funtzioa betetzen dugulako. Baina sexua bera ere ez da beharrezkoa uko egin dioten organismo askok erakusten duten bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>