Inoiz ez da berandu

Epa-1

Arrazoi batengatik eta bestearengatik, ikasketarik burutu ezinik geratu izan dira asko eta asko. Helduen Hezkuntza Iraunkorreko (HHI) eskolak bigarren aukera bat eskaintzen die ikasten jarraitu nahi dutenei. Beasaingo eta  Zumarragako HHI eskoletan, 450 ikasle dabiltza.

Bizitzak buelta asko ematen ditu. Inoiz ez da berandu. Etengabe ikasi behar da. Burua landu behar da. Gogoarekin eta ahaleginarekin emaitzak lortzen dira. Bigarren aukera aprobetxatu behar da. Aurrera egiteko ateak irekitzen ditu.  Egunerokoan maiz erabiltzen dira esamolde horiek guztien arteko nahasketaren emaitza da Helduen Hezkuntza Iraunkorra (HHI) zentroa. 18 urtetik gorakoei ikasten jarraitzeko aukera ematen die helduen hezkuntza zentroak, askori, etorkizun hobeago bat izateko tresnak eskainiz.

Maquetación 1Beasaingo zentroko Arantxa Menendezen esanetan, «hainbatek bere garaian ikasteko aukera galdu zuten, arrazoi desberdinengatik. Adineko pertsonen kasuan, adibidez, ikastea ez zegoen jende guztien eskura». Edo eskola porrotaren jasan dutenen kasua ere badago. Baina bizitzak buelta asko ematen dituenez eta ikasteko inoiz ez denez berandu, etengabeko irakaskuntzarekin, «bizitzan aurrera egiteko bide garrantzitsua da askorentzat HHI».

Kasu horretako ikaslearen profila oso anitza, baina gaur egun, gehienak,  %80, etorkinak dira. «HHIaren egitura ez da gehiegi aldatu, baina giroa asko aldatu da azken urteetan. Gu, egia esanda, oso pozik gaude. Maila baxuetan hasten diren ikasleak oso esker onekoak dira, ahalegin handia egiten dutenak. Poz handia ematen du aurrera egiten dutela ikustea». Horietako askok, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) titulua ateratzea izaten dute erronka, ondoren, beste ikasketaren bat egin eta lanbide bat ikasteko helburuarekin. Bestalde, Zumarragako egoitzan, unibertsitatera joan nahi duten 25 eta 45 urtetik gorakoentzat prestakuntza ematen dute.

Mari Carmen Molledo Beasaingo eta Zumarragako orientatzailearen esanetan, «beste eskolekin ez du zerikusirik. Hau beste mundu bat da. Egia esan, oso beharrezkoa». Hala ere, gustatuko litzaieke «Hezkuntza Sailan HHI zer den jakitea». Izan ere, «askotan zenbakietan bakarrik oinarritzen dira. Gutxienez 17 ikasle behar dira gela bat osatzeko. Baina oso profil desberdineko ikasleak dira, eta ikasle horiek taldekatzea batzuetan oso zaila da». Gela baten adibidea jarri du Molledok: «Jo dezagun, gaztelera ikasi nahi dutela. Marokotik datorren batek batxilergoa egina izango du eta irakurtzen eta idazten jakingo du; ohituta dago ikasten. Beste batek, berriz, ez daki idazten ez irakurtzen, inoiz ere eskolara joan gabea delako. Eta beste batek, arabieraz bakarrik daki idazten eta irakurtzen, gure alfabetorik ez daki. 15 ikasle baldin badaude gela batean, 15 mundu dira».

Maquetación 1Baina irakasleen eta ikasleen gogoarekin eta eguneroko ahaleginarekin emaitzak lortzen dira. DBHko titulua lortuta lan munduan sartzeko ate asko irekitzen dira, Lanbide Heziketako erdi mailako zikloak ikasteko aukera izaten baita. «Geroz eta gehiago daude DBHko titulua ateratzen dutenak. Poz handia ematen du horrek, merezi du, erdi mailako zikloak ikasten has daitezke. Lanbide Heziketako erdi mailako zikloa titulu on bat da lana bilatzeko».

Ez arautuaren garrantzia

Tituluetatik harago, ikasten jarraitu eta hobetu nahi duten herritar ugari dago, ikasitakoa ez ahazteko eta gauza berriak ikasteko prest dagoena, mentalki eraginkor mantentzen diren bitartean. Hori da HHIak eskaintzen duen hezkuntza ez arautuaren helburua. Ingelesa, frantsesa eta informatika dira horietako hiru aukera. Alfabetatzea, irakurtzen edo idazten ikastea ere bai. Oraintsu 80 urteko goierritar bat hurbildu zaie adibidez, idazten ikastera. Hezkuntza ez arautuan, batez ere bertako jendea dabiltza, asko jubilatuak. «Oso aberasgarria da».

Hala ere, hezkuntza ez arautuaren eskaintza zalantzan izaten da. «Urtero Hezkuntza Sailetik murrizketak ditugu. Oso ondo funtzionatu du tertulia literarioa, artea eta informatika uztartzen dituen moduluak, baina beti zalantzan egoten da. Urte askotan dugun taldea. Talde horretara, batez ere, 60 urtetik gorako emakumezkoak etortzen zaizkigu. Oso gustura etortzen dira. Beraientzat harremantzeko beste bide bat da».

Lan sozial handia

Irakaskuntzaz harago, lan sozial handia egiten du helduen eskolak. «Emakume askorentzat etxetik ateratzeko eta beste emakume batzuekin harremantzeko gune bakarra» da HHI eskola, berdintasuneranzko eta ahalduntzeko urratsak eginez. Gainera, hezkuntza arautuan zein ez arautuan berdintasuna, kultur artekotasuna eta euskara dituzte HHIn zeharlerroak. Eskolak gazteleraz ematen badituzte ere, –euskara ikasgai bezala ematen dute DBHn– «euskara beti presente edukitzen dugu. Euskara ahalik eta gehien erabiltzen saiatzen gara, beraiek ere ikus dezaten euskara hemengo hizkuntza dela. Gehienek presente daukate, seme-alabek euskaraz ikasten dutelako. Batzuk gainera herri txikietan bizi dira».

Maquetación 1Elkarri laguntzeko eta elkarrekin ikasteko tokia ere bada HHI. «Aurreiritzi asko ditugu ezjakintasunetik. Hemen, murgiltzen zarenean, gauza asko ulertzen dituzu. Arazoren bat badute laguntza eskatzen digute».

Arropa edo jostailu bilketak egin izan dituzte, beharrean daudenen artean banatzeko. «Edo gertatu izan zaigu, medikuarenean edo Lanbiden ordua hartzen lagundu behar izatea, edo medikuak deitutakoan hark esandakoa ulertu ez, eta guk bitartekari lana egitea. Lan sozial handia egiten dugu».

Lekukotasunak

Arantxa Olanok, Begoña Fernandezek eta Alle Diengek helduen eskolan bizi izan duten esperientziaren berri eman dute ondorengo lerroetan, HHIaren lanari balio handia emanez.

Goierriko zentroak, Beasainen eta Zumarragan

Goierrin Helduen Hezkuntza Iraunkorreko bi ikastetxe daude: Beasainen eta Zumarragan. 18 urtetik gorakoei zuzendutako irakaskuntza eskaintzen dute. Hezkuntza arautuaren barruan, hasierako ikaskuntzak eta bigarren hezkuntza (DBHko tituluak) sartzen dira.

Hezkuntza ez arautuan berriz, . Zumarragan, goi mailetako zikloetarako sarbidea, euskara, ingelesa eta 45 urtetik gorakoentzatko unibertsitaterako sarbiderako prestakuntza eskaintzen dute. Beasainen, berriz, ingelesa, frantsesa eta informatika gizarte zientzietan aplikatuta.

Hiru edo lau orduko saioak edukitzen dituzte mailaren arabera, goizez edo arratsaldez, astelehenetik ostegunera. Matrikulazioa lau hilabeteka egiten da: irailetik urtarrilaren amaierara lehenengoa eta otsailetik ekainera bigarrena. Doako zerbitzua da.

 

Epa-arantxa-2Arantxa Olano (Ordizia, 1948)
«Jubilatu naizenetik egin dudan gauzarik onena da HHIra joatea»

 

Begoña Fernandez (Itsasondo, 1973)Epa-Begona
«Jende askorentzat ikasteko bigarren aukera da HHIa»

 

Epa-AlleAlle Dieng (Senegal, 1987)
«DBHko titulua aterata, aukera berri bat ireki zait nire etorkizunerako»

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>