Begoña Fernandez (Itsasondo, 1973)
Ikasketei dagokionez, zein da aurretik izan zenuen esperientzia?
Ikasketak bukatu gabe lanean hasi nintzen. Eskola Graduatua banuen. Errioxarra naiz eta oinetakogintzarekin lotutako enpresa asko daudenez, larruarekin lotutako lanbide heziketako modulo bat ikasten hasi nintzen. Bost urte ziren eta lehenengo urtea egindakoan utzi egin nuen. Inoiz ez naiz ikasle oso ona izan eta enpresa berean aritu nintzen lanean 13 urte eta erdian. Baina lana utzi egin nuen, hona ezkondu nintzen eta. Bi seme ere baditut. KZ Gunean hasi nintzen informatika ikastaro bat egiten eta han gomendatu zidaten DBHko titulua ateratzea HHIn.
Noiz hasi zinen berriz ikasten?
2020ko urtarrilean joan nintzen Beasaingo HHI eskolara. Goizetan 3. eta 4. DBHko talderik ez zegoenez, 2. DBHn hasteko gomendatu zidaten, edukietara egokitzen joateko. Pandemia etorri zen martxoan eta eten egin zen. Hurrengo ikasturtean, irailetik urtarrilera 3. DBH gainditu nuen eta otsailetik ekainera bitartean 4. DBH.
Zein ikasgai izan dituzu?
Gaztelera, gizartea, matematika, fisika, kimika, ingelesa eta euskara.
Gogorra egin al zaizu?
Oso intentsoa izan da, lan asko egin behar izan dut, baina oso pozik nago. Gaztetan agian ez nion ikasteari behar adinako garrantzirik ematen. Baina gogo handiarekin heldu nion, nahiz eta lan asko egin behar izan dudan eta baxualdiak eduki. Hala ere, irakasleak beti hor izan ditut laguntzeko eta animatzeko. Gogoarekin eta ilusioarekin hartzea da gakoa.
Zergatik erabaki zenuen DBHko titulua ateratzea?
DBHko tituluak ate asko irekitzen ditu. Jende askorentzat ikasteko bigarren aukera da HHI. Aukera oso ona da, edozein arrazoiengatik ikasketak amaitu ez dituztenek ikasten jarraitzeko aukera da.
DBHko titulua eskuan edukita, ikasten jarraitzeko asmoa duzu?
Bai ikasten jarraituko dut. Erdi mailako graduak egin ditzaket orain, adibidez. Online ere aukera handia dago. Ilusio handiarekin nago, aurrera egiteko eta zerbaiten alde borrokatzeko gogoarekin. Aurten, euskara ikasteko helburua jarri diot nire buruari.
Helduen Hezkuntza Iraunkorreko (HHI) eskolak bigarren aukera bat eskaintzen die ikasten jarraitu nahi dutenei.