Nork egiten gaitu garena?

Monika ArratibelMonika Arratibel • Irakaslea

Etxarri-Aranatzen bada ohitura «Zu nona za ba?» galdetzeko (Zu norena zara ba?). Galizian ere, zaharrenek horrela galdetzen omen dute ezezagunen bat ikusita: «E tí de quen veés sendo?».

Galdera hori egin zidatenean lehenengoz, nire familia zein zen azaldu nuen. Aitona bat Lizarragabengoakoa dela eta bestea Etxarrikoa. Galdera egin zidana lasai gelditu zen nire familia ezagutzen zuelako. Ni ordea, galdera hori buruan nuela, pentsakor. Nor ote naiz? Nork egin nau? Norena ote naiz? Arratibel naiz. Aitonaren jakinmin eta sormena dut herentzian. Baina Goñi ere banaiz, amaren indar eta espresibitatea dudalako. Baina bizitzan, familiaz aparte, pertsona ugarirekin topatzeko zortea izan dut. Egoera eta momentu gazi zein gozo ugari gaindituz. Eta momentu zein pertsona bakoitzak nire pertsonalitatea osatzen lagundu dit.

Monika ez litzateke Monika izango, Zaindiko atsorik ez balitz. Monika ez litzateke Monika izango, Muskiko Torto Sasteiko Tomas ez balitz, Zubiondoko Santik ez balu papeleo guztia hain fin eramango, Zaindiko Juantxok ez balitu gidoiak idatziko, Pottonek ez balit esan ahotsa eta keinuak nola adierazi. Monika ez litzateke Monika izango, Marimunduko, Maitane ez balitz.

40 urte aurten Jentilen Etorrerak. Talde lanean, bakoitzak bere alea eskainiz. Ale txikiak uzta handia eman dezake. Dionisioren tuturu hotsa, Juanjoren sormena, Samartintxikiren jakinduria eta bizkortasuna, Mikelatsen planta, Joneren argazkiak, Kotxerako Mikelen patxada, Otsoak Dantza Taldearen energia, Maximoren ahotsa, Rebekaren prestutasuna, Enekoren komunikazio trebetasuna… Gari soro galantak erein ditugu urteetan elkarrekin.

Monika, Monika da, Jentilbaratza Kultur Elkartearen eta Ataunen parte izan eta sentitu delako.

Beude Jentilak, gugan bizi bitez, bizi beti. Ez dadila haria eten…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>