Kantu errezeta

Mikel-AlvarezMikel Alvarez • Gidoilaria

Zer moduz esnatu zara gaur? Nola? Egun txarra duzula? Sentitzen dut, guztiok izaten ditugu halakoak. Ez dut uste zure eguna iraultzeko balioko duenik, baina gaur laguntza txiki bat eskaintzeko asmoz nator txoko honetara. Musikak eragin terapeutikoa omen du batzuetan, eta nire kasuan bederen, hala izaten da. Bitxia da nola triste gaudenean, edo besterik gabe, zu gaur bezala, ohetik hanka okerrarekin esnatu garenean, lokatz horietan narrasten jarraitzeko kantu goibelak entzuteko joera dugun. Gaur, ordea, beste errezeta bat proposatu nahi dizut. Hartu mugikorra, ordenagailua, edo musika entzuteko erabiltzen duzun dena delako trastea, eta jarraitu proposatzen dizudan tratamendua pausuz pausu.

Bon Iverren AUATC ezezagun zein lasaiarekin hasiko gara. Zure tristuratik abiatuko gara, baina pixkanaka, ahots eta instrumentazio eder horien bidez, argirantz abiatuko gara. Hobeto, ezta? Ondo, orain, pixkanaka, energia sartzen hasteko ordua iritsi da. Joan Cloud Nothingsen diskografiara eta aukeratu I’m Not Part Of Me. Apurka, zutitu eta saltoka hasteko gogoa sartzen ari zaizula ikusiko duzu. Bikain, tratamendua funtzionatzen ari da. Animoa altxatzen ari zaren honetan, energia hori habetzen saiatuko gara. Orain, Elizondora goaz. Hautatu Kaskezur eta eman egurra bolumenari Zerutik lurrera ederrarekin. Pixkanaka, energia lurrera jaisten ari zarela konturatuko zara. Zoragarri! Behin lur hartuta, Iruñerrira egingo dugu txangoa. Tatxers gazteen azken EPra joan behar duzu, lasai, itxarongo zaitut. Esnatu berria zara eta jaikitzean topatu duzun zeru lainotua argitzen hasia da, eman egurra Goizean oskorri kantuari. Zer? Ondo, ezta? Ez dakit zuri, baina kantu hau entzuten dudan bakoitzean, bertan bizitzen geratzeko gogoa sartzen zait. Ari gara amaitzen, azken kantua besterik ez zaigu geratzen. Oraingoan urrunago joango gara, segi Car Seat Headrest taldearen bila eta sakatu play Drunk Drivers/Killer Whales kantuan. Une hau oso garrantzitsua da tratamenduak eragina izan dezan. Lasaitu eta entzun nola doan kantua behetik gora apurka. Bai, izugarria da, esan dizut errezeta bikaina zela. Ahotsak eta instrumentuak burua galtzen hasten diren horretan, hasi zu ere burua galtzen. Dantzatu ezazu kantua, maite duzun norbaitekin ahal bada. Ahaidea, bikotea, maitalea, laguna edo zu zeu, gozatu, hori da garrantzitsuena.

Zer moduz? Hobeto? Hala espero dut. Egun ona izan dezazula, eta barkatu, Coelhogi egon banaiz, hanka okerrarekin esnatu naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>