Bidea eginez

Judit-GarciaJudit Garcia Llorens Baserritarra

Glasgowko bilkuran lehen munduko estatuek, botere ekonomiko handiek sustatuta, bere buruari kutsatzen jarraitzeko aukera zabaldu diote, gainontzeko lurraldeen kaltetan. Kutsadura hori zuritzeko gainera, besteen aukerak erosi edota lurrak, nekazaritzakoak barne, pribatizatzea eta bereganatzea nahikoa dute. Horrela lurralde txiroagoak etengabe zanpatu eta ustiatzen segitzeko asmoa dago.

Adituek nabarmentzen dute gainera, etorkizunean elikagaien ziurtasuna zaildu eta lur emankorra gero eta urriagoa izango dela. Tenperatura igotzen bada, gune zabalagoetan elikagaien ekoizpena zailduko da. Glasgown zabaldu dituzten aukerekin arazo hori areagotu egiten da eta lurralde aberatsenek baliabideak bereganatzeko bide eman dute.

Egoera oso larria dela etengabe gogorarazten digute, baina egoera larritzen duena aldatzeko ez dago asmorik. Maila globalean norabide aldaketa abiatzeko gaitasuna dutenen borondatea agerian geratu da.

Kezkak eta beldurrak gero eta nabariagoak dira. Baina deigarria egiten zait maskarilla jantzita betiko moduan kontsumitzen jarraitzera animatzen gaituztela, betiko propaganda kanpainak eta betiko mezuak. Egungo kontsumo ereduak zerikusirik izango ez balu bezala. Ez da hausnarketa berria baina, gure aldetik bidea egiteko, hamarkadetan indartzen joan garen mentalitate kontsumista aldatu beharko dugu. Gure kontsumo ereduak ekoizpenean, industrian, nekazaritzan… eragin zuzena dauka.

Gabonen atarian, badira aste batzuk gure hiriburu eta herri asko beti bezala argiztatu direla egun hauetarako. Jendea animatu eta kontsumoa susta dadin, black friday, turismoa eta abar, energia gastatuz, arazo guztiak ahaztuz. Eta egia esan, animatzeko premia badugula sentitzen dut. Pandemia, aldaera berrien sortze amaigabea, aldaketa klimatikoa, krisia, gazteen etorkizun ezjakina… muduaren amaiera. Horrelako mezuz inguratuta baikabiltza azkeneko bi urteotan, baina egoerari aurre egiteko bide alternatiborik eraiki gabe.

Horregatik Goierri mailan bidea zabaltzera doazen proiektuen berri jasotzeak animatzeko arrazoiak ematen ditu. Kooperatiba berri bat martxan jartzera doa, eta herritarron proiektua izateaz gain, kontsumo eredua aldatzeko aukerak gehiago zabaltzen ditu, eta horrekin batera gure eskualdean agroekologian lanpostu berrientzako baldintzak sor ditzake. Gutxiagoarekin bizi eta gehiago sortzen ikasi, eta horretarako iraunkortasunaren norabidean doazen proiektu kolektiboak beharrezkoak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>