«Disfrutatzen nabilen artean segi egingo dut»

Aitor_Zunzunegi(1)Herritarrek pandemia aurretik baino kirol gehiago egiten dute gaur egun, aire librean batez ere. Aitor Zunzunegi Tapia (Legorreta, 2000) ere ordutik aurrera hasi zen mendi lasterketak serio hartzen. Iaz, postu politak lortu zituen eta, aurten, Ordiziako Mendi Maratoi erdia eta Goierri Kopa Traileko sailkapen orokorra irabazi ditu.

Ordiziko Mendi Maratoi erdia irabazita amaitu zenuen denboraldia.
Bai, hobeto ezin da bukatu. Gustura ibili nintzen inguruko mendi eta parajeetan. Lasterketa ezagutzen nuen, eta beste batzuetan baino maila gutxiago egon arren, denbora ona egin nuen.

Goierri Kopa Traileko sailkapen orokorra ere irabazi duzu.
Aurten berezi samarra izan da. Lehen zatiko lasterketak bertan behera geratu ziren, eta amaieran elkartu dira gehienak. Nahiko formatu murriztuan geratu da. Normalean zazpi lasterketa izaten dira eta, aurten, soilik hiru: Zaldibiakoa, Axari Trail eta Ordiziakoa.

Goierritik kanpoko lasterketetan ere parte hartu duzu, ezta?
Euskal Herrian, Tolosako T3T Maratoia egin nuen, Anboto inguruan ere ibili naiz eta Belaguan ere bai. Tolosako izan da urteko lasterketa bereziena, nire lehenengo maratoia izan da. Madrilen ikasten dut eta hango lasterketa batzuetan ere parte hartu dut. Lasterketak ez dira asko aldatzen, baina ezberdina da.

Duela gutxi hasi zinen mendian korrika. Zehazki, noiz?
Kirolaria betidanik izan naiz, baina beti futbola, futbola eta futbola, gainontzeko kirolak bigarren plano batean utzita. Kanpora ikastea joan nintzenean, futbola utzi nuen, eta pandemiaren ondoren, mendian hasi nintzen. Gauzak ondo zihoazela ikusita, gehiago entrenatzen eta lasterketetarako mentalizatzen hasi nintzen. Orain disfrutatzen ari naiz, eta hala nabilen bitartean segi egingo dut.

Madrilen ari zara ikasketak egiten.
Batxilergoa bukatu nuen momentuan alde egiteko gogoa neukan, alde egin eta segituan, ordea, etxera bueltatzekoa. Historia eta Ekonomia gradu bikoitza ikasten ari naiz. Hemengo lau lagun joan ginen eta pisua batera hartu genuen. Horrela, Madril handia izan arren, gure habitat txikia sortu dugu. Ikasketekin gustura nabil, klaseak arratsaldez ditut eta goizetan entrenatzen dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>