Txikitako iluntzeak

Itxaro

80ko hamarkada hasierako argazkia, etxeko egongelan dantzan.

Itxaro Mendizabal Amundarain Ordizia

Argazki hau 80ko hamarkada hasierakoa da. Telebistarik gabe bizi ginen garai hartakoa.  Nik 5-6 urte inguru izan arte, telebista etxean sartu arte, gauero, afalondoan, egongelan elkartzen ginen etxekook, batzuetan irakurtzen edo jolasten, eta beste batzuetan tokadiskosa martxan jarri eta dantzan pasatzen genuen lotaratzeko ordua iritsi arte.

Argazkia atera genuen eguna gogoan dudala uste dut. Eroak bezala dantzan, ahizpa, ama eta ni. Arropak kendu eta tontoarena egiten. Aske sentitzen nintzen. Pozik. Lasai. Etxetik kanpo ezer ez balego bezala. Gu bakarrik, elkarrekin, bata-bestearekin begiradak, barre algarak elkarbanatuz. Segurtasun sentsazioa erabatekoa zen, babestuta sentitzen nintzen. Oraindik ere argazki hau ikusteak hori bera sentiarazten dit, familiaren goxotasuna eta babesa.

Telebista ekarri genuenean ere, beti elkartzen ginen afaldu ondoren egongelan. Denok batera ikusten genituen albisteak, dokumentalak, Un-dos-tres edo Funtzioa bezalako saioak… eta beranduago, nola ez, Goenkale! Egongela edo sala guk deitzen genion bezala, gure toki komuna zen, base zentrala, lasai egoteko leku goxoa.

Amonaren etxean ekonomikak eskaintzen zigun berotasunaren pareko gogoratzen dut, gauero egiten genuen erritual hura.

Bakoitza bere gelara

Gaur egun horrelako egoerak galdu izanak pena handia sortzen dit. Familia askotan, afaldu eta bakoitza bere gelara joaten da; ordenagailuan jolastu, tik-tok-ak ikusi, bideo deiak egin… edo serieren bat ikustera, hori bai, bakoitzak berea. Teknologiak aurrerapen asko ekarri dizkigu, baina beste gauza on asko kendu.

Konturatzerako zurrunbilo honetan sartu gara. Gure seme-alabei eskura jarri dizkiegu horretarako tresnak, eta okerrena, gu izan gaituzte eredu. Korrika bizi gara, eta korrika egin nahi dugu dena. Nekatuta bukatzen dugu eguna, eta deskantsurako tarte hori hartzea baino errazagoa da pantailan burua sartu eta bertan dugunarekin buruko kezkak disolbatzea.

Txikitako iluntze haiek

Falta handia sentitzen dut txikitako iluntze haiek gogoratzean. Dantza egitea, orduko barre algarak… Argazki hau berriro esku artean izateak barruan zerbait mugiarazi dit. Badakit nire esku dagoela sentipen horiek berreskuratzea. Berriro ere gelditu, arnasa hartu eta daramagun abiaduraz hausnartzea tokatzen zait. Badaukat lana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>