Kantu errezeta (II)

Mikel-AlvarezMikel Alvarez • Gidoigilea

Ez dakit zuek, baina ni bukle amaiezin bat bizitzearen sentsazioarekin nabil azkenaldian. Tira, azkenaldian baino… azken urte eta erdian. Seigarren olatuak, beste behin, eta oinarri epidemiologiko ororen aurka hartutako erabakiei esker, gure politikarien ezgaitasuna mahai gainean jarri duen honetan, zutabe bonba bat idazteko grina piztu zait. Ni bezain aspertuta egongo zarete kontu hauekin, eta azkeneko zutabean proposatutako kantu zerrendak izandako arrakasta kontuan izanda, beste kantu errezeta bat ekarri nahi izan dizuet. Gaurkoan lasaitzeko helburua duen bat da. Prest?

Islandia aldera bidaiatuko dugu hasteko. Talde kuttun dudan Sigur Rós taldearen Starálfur jarriko dugu hasteko. Ohean dagoela, iratxo bat ikusten duen haur baten istorioa kontatzen zaigu bertan doinu eta giro lasaigarrietan. Bigarrenaren bila goaz, eta horretarako, Portland euritsura egingo dugu jauzi. Bertan topatuko dugu nire artistarik maiteenetako bat, Peter Broderick, eta kantu hau gustuko baduzue, ez galdu aukera bere musika entzuten jarraitzeko: Below it. Pultsazioak jaitsi zaizkizuela sumatu duzue dagoeneko, edo? Tira, goazen hurrengoarekin, badirudi kantu lasaiak iparraldeko kontua direla, beraz, Islandiara joko dugu beste behin. Ásgeir handiaren Myndir ederraren txanda da oraingoan. Ez dakit zuek, baina ni ahaztu naiz zutabe bonba idazteko grinez… Beno, hartu dezagun ferry bat eta goazen Irlandara, James Vincent McMorrow dugu eta bertan zain bere debut laneko We Don’t Eat zoragarriarekin.

Egin dugu bide ia osoa kantu hau amaitzerako. Ondo zaudete? Niri balio izan dit behintzat nerbioak lasaitzeko. Lasai hasi eta lasai amaituko dugu. Hori bai, giro positibo batekin, gauzak dauden bezala, beharko dugulakoan naiz. Horretarako, Suediara joango gara oraingo honetan. Bertan, Jose Gonzalezen Stay Alive aukeratu eta play botoiari emango diogu azkenekoz. Ondo, ezta?

Ez dakit zuei balio izan dizuen, baina niri behintzat bai. Maite ditudan bost kantuko zerrenda hau entzuteko alde batetik, eta ziur aski kartzelara eramango ninduen zutabea ez idazteko bestetik. Ondo pasa egun hauek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>