Sokari, segida

Azken_dantza_maisua

‘Azken dantza maisua’ dokumentala estreinatuko dute gaur zortzi Usurbe Antzokian. Xabier Sarriegi Olano ‘Paxatxo’ da protagonista. «Eta aitzakia»: «Dantza maisuaren figura desagertu behar da. Orain zer pasatuko da?»

Loinatz Jaiak gaur hasiko dira. Badaude ekintza batzuk egitaraua ikusi gabe herritar guztiek asmatuko lituzketenak, betikoak direlako: Mariren jaitsiera, danborrada, soka dantza… Klasikoak dira eta beste edozein ekitaldik baino jende gehiago batzen dute. Aurten, baina, badute enigma puntu bat. Danborradaren formatua aldatu egin dute, esaterako, eta sokadantzan parte hartuko duten haurrek ez dute maisurik izan. Xabier Sarriegi Olano Paxatxo azken dantza-maisua iazko urtarrilean hil zen, 62 urteko. Bera oroitzeko eta utzi duen hutsunez jabetzeko Azken dantza maisua dokumentala sortu du Bira ekoiztetxeak Aurtzaka dantza taldearen eskariz. Gaur zortzi estreinatuko dute, Usurbe Antzokian. Hurbilekoentzako pasearen ondoren, ekainaren 6an publiko zabalarentzat eskainiko dute.

Maquetación 1«Azkena, behar bada, handiki xamarra da», aitortu du Mikel Sarriegi Aurtzaka dantza taldeko kideak eta ikerlariak. «Baina modu zaharrean ulertuta, gure ustez, bai izan dela azkena», irmo azaldu da. «Ordizian, agian, haserretu egingo zaizkigu, dantza maisuaren figura egon badagoelako. Baina ez da horren garbia lehengo eskema horiekin».

Irakasle guztiak ez dira maisuak. «Nik, kanpotik begiratuta, esango nuke ezberdintasunik handiena dagoela klasea emateko moduan», hasi da Mikel Alvarez. Paxatxo osaba zuen arren, dantza munduan ibilbide laburra egin zuen, eta horregatik nabarmendu du kanpotik ari dela. Sorkuntza mundura jo zuen, ikus-entzunezkoetara, eta egun Bira ekoiztetxeko arduradunetako bat da. Era berean, Sarriegi Paxatxoren lehengusua zen. «Horrek ez gaitu osaba-iloba egiten, nonbait egin gaituzten bezala», ohartarazi du Sarriegik. Kontuak kontu, biak dira Pasatxoren senitartekoak. «Tira, dantza taldeetakoa bada irakasle bat bere atzean dituela hamar, hamabost edo hogei ikasle. Gainera, gaur egungo dantza taldeek euren lokaletan ispiluak dituzte horretarako propio. Danak elkarrekin ikasten dute. Dantza maisuak, ordea, banan-banan erakusten du. Dantzariak ilaran jartzen dira eta banan-banan doaz bere aurrean dantza egiten eta bera doa zuzentzen eta irakasten», itzuli da Alvarez.

«Molde zahar horrek funtzionatzen zuen. Baina momentu batean dantza taldeak agertzen dira eta maisuak joan ziren diluitzen dantza taldeetan. Orduan, figura bakar bezala, dantza taldeetatik independente, jai batzuetarako gazte talde bat prestatzen duen maisu bat, Pasatxo zen azkena», gaineratu du. «Nik uste dut, hemen Beasainen gorde den eredua, oso konpletoa dela. Betetzen ditu orain dela mende batzuetako maisuen ezaugarri guztiak, soldata izan ezik. Garai batean soldata izaten zuten eta egun, ez», osatu dio Sarriegik.

«Dantza maisuaren figura ez da Beasainen asmatutako gauza bat. Euskal Herri osoan funtzionatu duen eredua da. Eta ez Euskal Herrian bakarrik. Euskal Herrira Europako tradizio zaharretik iritsi zen», ohartarazi du Sarriegik. Oso aspaldi iritsi zen gainera, mendeetan atzera, Errenazimendu garaian. «Erakutsi nahi dugu hemen gorde den balio hori ia Europa osoan galdutako zerbait dela eta guk bizirik eutsi diogula». «Harribitxi» baten parekoa dela dio. «Guretzat, Aurtzakakoentzat, garrantzitsua zen hori ezagutzera ematea. Herrian bertan ere bai. Jendeak jakin dezan zer egon den hor».

Maquetación 1Eta orain zer?

Bost bat mendeko bidea agortu da. «Orain zer pasatuko da?» galderari erantzungo diote dokumentalean. «Pasatxo da protagonista eta da aitzakia beste hainbat gai lantzeko: batzuk, hasieratik garbi zeudenak eta beste batzuk, bidean topatu ditugunak», esplikatu du Bira ekoiztetxeko kideak. Tradizioaren katea da gai horietako bat. «Dantza maisurik ez dago eta zer pasatuko da ohitura hauekin? Galdera horretatik abiatzen da dokumentala», bota du amua. «Ikusi genuen bi urte lehenago aldaketa bat ere jazo zela. Neskak hasi ziren ateratzen soka dantzan, ordura arte mutilei gordetako espazio batean. Horrek erakusten du ohituraren moldagarritasuna. Eta, gainera, ez bada moldatzen ez dute bizirauten. Uste dut hori garrantzitsua dela. Horretan moldagarria den bezala uste dugu dantza maisuarena ere moldagarria izan daitekeela». Tradizioen moldagarritasunaz ere hitz egiten dute dokumentalean.

Dantza irakasle guztiak ez dira maisuak. Horien berezitasuna da banan-banan irakasten dutela, propio festetarako
Europatik Errenazimendu garaian etorritako joera da. Beasainen 400 urtez eutsi zaio ohiturari. Eredu «konpletoan», gainera

«Moldatzeko ahalmena tradizio horren osasun egoeraren indikatzaile bat da», bota du Sarriegik. «Paxatxori esker osasuntsu zegoen eta horri esker, gauza izan zen moldatzeko zentzu horretan, batetik. Eta, bestetik, gai izan da bizirauteko. Osasuntsu egoteari esker pasatu du bi urteko pandemia. Hau da, egiteko modua moldatu ez bagenuen utzi egingo zitzaion egiteari. Eta uzten diren gauzak badakizkigu zenbat kostatzen diren berriz berreskuratzea». Beste era batera esanda, «dantza maisua desagertu denean tradizio osoa desagertu da. Zorionez, hemen zorte hori eduki dugu».

Osasunaz gain, dantza maisuaren figurak arteari prestigioa» eman diola konbentzituta dago Aurtzakako kidea. «Dantza munduan badaukagu arazo bat gazte jendea eta umeak erakartzeko. Orduan, eutsi zaio Beasainen dantzari halako prestigio batekin, seguru aski, umetatik dantza maisua ezagutu duelako. Horrek jokatu du umeengan dantza ikusteko moduan paper inportante bat, gure ustez», azaldu du.

Azken_dantza_maisua(1)Dokumentalak ere Euskal Dantzen prestigioa hauspotu nahi du, bide batez. «Komunikabideetatik Euskal Dantzari ematen zion trataera ez da egokiena eta ez da batere erakargarria», kexatu da Sarriegi. «Ematen dugun irudia Dantzari Txikien irudia da. Esan nahi dut, infantilizatu egin da asko. Eta jendeak ja horrekin lotzen du zuzenean. Eta, bestetik, proiekzioa nahiko eskasa da. Eskasa bai kalitatean eta bai kantitatean. Kopuru orokorrak hartuta jendea harritzen da ikustean zenbat jende garen dantzariak. Baina futbolaren edo beste edozein jardueraren ikusgarritasuna askoz ere handiagoa da. Eta jendeak bisibilizatzen du existitzen garela,  baina ez gaitu ezagutzen». Horregatik, Aurtzakakoek «beharra» sumatzen zuten «benetan» barruan zer dagoen ikustarazteko. «Kezka horretatik izan zen motibo bat esateko hau egin beharra daukagu. Gure baliabide eskasekin eta Beasaingo Udalak emandako laguntzarekin sortu zen. Gu ohituta gaude guk egitera gauzak, guk argazkiak, guk blog batean publikatzea… Ez dira moduak. Prestigioa handitzeko profesionalengana jo beharra dago, eta zein hoberik herrikoak eta familiakoak izanda. Garantia handiak ziren».

Dantza maisuaren figura desagertzeak amaiera ote dakar? Tradizioaren malgutasunean dago gakoa adituen ustez
2019ko soka dantzan aldaketa esanguratsua gertatu zen. Lehen aldiz emakumeek egin zuten dantza plazan

Hamabost ahotsetara

Argazkia osatzeko «profil anitzeko» hamabost lagunekin hitz egin du Alvarezek. Alde batetik, Aurtzakako jendea dago. Baina gero daude historikoki ohitura honen mamia kontatzen duten adituak, gaur egungo dantzariak, garai batekoak… «Nik uste dut kuriosoa dela dokumentalean agertzen diren guztiak direla dantzariak. Denak. Baina gauza ezberdinegatik daude dokumentalean, ez dantzari izateagatik. Horrek erakusten du Mikelek [Sarriegik] esaten duena: zenbat jendek egiten duen dantza». Gainera,guztiak dira beasaindarrak, Oier Araolaza Dantzan elkarteko kidea izan ezik. «Azkenean, Beasaingo ohitura bat delako eta hemen parte hartu duen gehiengoa bertakoa delako. Baina kanpoko ahotsak ere behar dira. Zu ari zara istorio bat kontatzen, eta holakoetan beti da garrantzitsua aditua den norbaiten kanpo ikuspegia. Kanpotik, Euskal Herriko ikuspegi batetik, zer da ohitura hau?», galdetu diote Araolazari.

Maquetación 1Joseba Sarriegi da elkarrizketatuetako bat, Paxatxoren semea. «Halakoetan urduri jartzen naiz, baina Mikel [Alvarez] lehengusua dudanez eroso sentitu nintzen. Esku onetan nengoen», oroitu da. Dokumentala familiarentzako «berezia» dela aitortu du. Herriak aita zenbat maite zuen erakusten duela gaineratu du.

Dokumentalak irauten duen ordu eta laurdenean ez da off ahotsik agertzen. Protagonisten hitzek egiten dituzte zubi lanak. «Bageneukan hori lortzeko gogoa. Horretarako behar duzu dena kontatzen duten hitzak elkarrizketatuen ahotik jasotzea. Zailtasuna hori izan da. Baina uste dut lortu dugula eta ulertzen dela. Bukaeran oso mezu garbi bat laburbiltzen da», errepasatu du zuzendariak. «Aldi berean, oso garbi geneukan dantza dokumental bat zela,  baina pertsonetara jaitsi nahi genuela. Ez da dantza asko ikusten den dokumental bat».

Aitor Furundarenak egin du soinu banda. «Argi genuen ez genuela dantza ikusi nahi. Baina garbi genuen plazako doinuek presente egon behar zutela. Aitor Furundarena herrian izanda aukera ederra zen», azaldu du Alvarezek. «Ezinbestekoa», berretsi, Sarriegik. Egin duena izan da «Beasainen hain garrantzitsuak diren kantu horien» beste irakurketa bat. Hiru pieza prestatu ditu, beste pieza batzuekin konbinatu dituztenak. «Laguntzen digute dokumentalean sartzen, baina beste sonoritate batekin». Herritarrei ikusteko gonbita egin diete.

Azken dantza maisua

Azken_dantza_maisua(2)Molde zaharreko azken dantza maisua izan zen Paxatxo, bera izan baita duela 400 urteko erakusteko modua bizirik mantendu duen azken maisua. Bere heriotzak gogor astindu zuen Beasain, eta azken urteetan oztoporik gabe garai berrietara egokitutako ohiturak, lehen aldiz, etorkizunari begira jarri ditu kezkaz. Ba al da tradiziorik dantza maisurik gabe? Eta, azkena izango ote da?

  • Ekoizle eragileak: Aurtzaka eta Beasaingo Udala.
  • Ekoizpena: Bira Produkzioak.
  • Elkarrizketatuak: Mikel Sarriegi, Isabeltxo Sarriegi, Izaskun Salazar, Juanito Cacho, Josu Sarriegi, Oihane Sarriegi, Jon Ordoñez, Yanyo Alustiza, Javi Arroyo, Idurre Eskisabel, Nerea Sarriegi, Oier Araolaza, Karmele Sarasola, Joseba Sarriegi eta Maren Orthous.
  • Edizioa eta zuzendaritza: Mikel Alvarez Sarriegi.
  • Argazki zuzendaria: Leire Egaña.
  • Kamerak: Leire Egaña, Eñaut Tolosa eta Beñat Iturriotz.
  • Soinua: Leire Egaña eta Lander Llorens.
  • Soinu postprodukzioa: Beñat Iturriotz.
  • Grafismoak: Oskarbi Sein.
  • Hizkuntza: Euskara eta gaztelania.
  • Azpidatziak: Euskara eta gaztelania.
  • Estreinaldi data: 2022ko ekainaren 3a, Usurbe Antzokian. Dokumentalean parte hartu dutenentzako eta Paxatxoren hurbilekoentzako pasea. Ekainaren 6an, Usurbe Antzokian, publiko zabalarentzako pasea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>