Ardurak eta denboraren kudeaketa

Monika-ArratibelMonika Arratibel • Irakaslea

Bazen behin eta bada, 32 urteko neska bat, bere ofizioaz gain afizio ugari dituena. Egunak dituen 24 orduak burua martxan duena. Esna zein lotan, irudimena martxan. Bere hoberena ematen saiatzen da egin beharrekoetan. Sarritan, lanez lepo, errepidean zein paretan doan ere ahazten dena. Nekatuta eta arduratuta zegoen. Ezetz esaten ikasi zuen arte. Orduztik, hobeto kudeatzen du denbora, lanak eskuetatik ateratzen ditu, presio handirik sentitu gabe. Autoan doala, abestu egiten du, lan eta buruhausteak behar den tokirak utzita, lasaiago bizi da».

Bai, ni naiz ipuin honetako protagonista. Sarritan entzun behar izan dut ea nola heltzen ote naizen denera. Denera inor ezin da heldu, ez fundamentuz behintzat. Nik azken aldiko tralla eramateko gauza asko utzi ditut alde batera. Idaztea edo aste barruko paseoak, adibidez. Baina zoritxarrez, horri ez diogu behar adinako garrantzia ematen. Gauza asko egiten dituenak ez du esan nahi denera iristen denik. Karguak edo konpromiso pertsonal zein laboralak hartzen ditugunean buruaren zati bat horretarako bakarrik blokeatu-edo egiten dela ematen du. Ez nuke nahi garunaren ehuneko handi bat lan finkoek betetzea. Garuneko eskuin hemisferioa omen da irudimenarekin lotuta dagoena. Azken aldian, nire ezker hemisferioa dabil egurrean. Denbora pixka bat badaukat, ardura gehiago hartzeko edo ikuskizun berriak sortzeko. Baina etxeko lorategiko loreek ere behar naute, egunero ez bada, bi egunez behin ureztatzeko. Hauen bizia ere nigan dudan ardura bat da. Kalitatezko ardura, ardura kantitatearen aurretik.

Nire buruari neurria hartzeko prozesuan nabil. Arnastuz, denbora hartuz, bi hemisferioen oreka bilatu nahian. Nire denbora eta ardurak neronek kudeatzen. Ez al dugu nahi norbere buruaren jabe izatea? Hauxe ba geure onerako eman beharreko pausoetako bat: ezetz esaten ikastea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>