Sare antisozialak

Eresti-OiarbideEresti Oiarbide • Hizkuntza aholkularia

Telefonoa etxeetan sartu zenean, askotan pentsatuko zuten «Dei badiezaioket, zertarako joango naiz beraganaino?». Mezu-trukea ohiko bihurtu zenean, «Mezua bidal badiezaioket, zertarako deituko diot?»  arrazoitzen hasi ginen. Orain, sare sozialen garaian, badirudi ez dela beharrezkoa gure ingurukoekin hitzik egitea zer moduz dauden eta zertan dabiltzan jakiteko. Izan ere, sare sozialetan argitaratzen ditugun argazkiak ikusita, nahi adina informazio lor dezakegu besteen bizitzaz.

Hartu zuen sakelako telefonoa, ireki sare sozialen bat, eta begiratu argazkiei. Zenbatu ikusten dituzuen arazoak, zenbatu benetan tristeak diren negar malkoak, gaizki ateratako planak… Depresio eta antsietate kasuek izugarri gora egin duten honetan, harritzekoa da hain arazo gutxi izatea gure ingurukoek, ezta? Baina jakina, zer erakutsiko dugu, ba, besteei gustatuko zaiena, ingurukoek lor ezin dezaketen hori, aurpegi alaia, gorputz liraina, auto berria, pelikuletako hondartza, azkena amaitutako kirol probako dortsala, atzoko afariko postre erakargarria. Dena ona, alegia.

Erakusten digutena ikusita errealitatea ezagutzen dugula pentsatzeko joera areagotu egin dute sare sozialek. Argazki asko argitaratzen dituen lagunarekin elkartzen naizenean, inoiz elkartzen banaiz, ikusi dudanaren inguruan galdetuko diot, zerbait galdetzen badiot. Baina telefonoan ikus badezaket zertan dabilen, ez daukat harekin hitz egin beharrik.

Geroz eta lagun gehiago dauzkagu, eta geroz eta aurrez aurreko harreman gutxiago. Benetako lagunak eta harremanak zer diren birpentsatu beharko genuke, agian. Lagunek laguntzeko izan behar lukete, eta harremanek hartu eta emateko. Benetako sare sozialak lagunekin dauzkagun harreman sareak badira, elkartzeko hitzordu gehiago eta argazki gutxiago behar ditugula iruditzen zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>