Oraingoz konposta egitea da irtenbidea

Artilea

Beste urte batez, Goierriko artegietan eta baserrietan pilatutako artilea egun bakarrean bildu dute Idiazabalen. Nafarroan konpost bihurtuko dute.

San Pedro egunez egin da aurten Goierriko baserri eta artegietan pilatutako artilearen bilketa Idiazabalen, Gorrotxategi oilo etxaldea zeneko barrutian. Dena egun bakarrean. Hirugarren urtez antolatu dute bilketa gisa honetara Lurgintzak, Abelurrek eta Gipuzkoako Landa Garapen elkarteak –tartean dago Goimen– biltzen dituen Landaola federazioak. Finantzaketaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiak hartzen du bere gain, eta bestea artzain eta baserritarrek –ikus taula–. Goierri izan da biltzen lehena. Mendaron eta Oñatin ere egin dute, eta datozen egunetan Oiartzunen (hilaren 11n), Asteasun (13an), Azpeitian (18an) eta Berastegin (27an) ere bai. Lehen estimazioen arabera, Goierrin 18.000 tona artile inguru bildu da.

Maquetación 1Artilearekin irabaziak izaten zituzten artzainek garai batean, oheetako betegarriak eta oihalak egiteko saldu egiten baitzuten. Material berriak eta hobeak agertu direnean, ordea, artileak galdu egin du bigarren erabilera. Usteltzen eta erre ezin den materiala da, eta pilatutako artileari horri ahalik eta irtenbiderik duinena emateko lanean ari dira inplikatutako eragileak. Gaur-gaurkoz, denak bildu, kamioi berezi batean Artaxoako (Nafarroa) Ecofert hondakin tratamendu zentrura eraman eta han konposta egitea da soluzioa. Artilea gastu bihurtu da, hori da errealitatea. Bada oraindik ordaindu behar izanagatik kexu azaltzen denik, baina bilketa bateratu hau da oraingoz artzain eta baserritarrei kosturik txikiena sortzeko dagoen alternatiba bakarra.

Oilo zirinarekin nahastuta

Gastu horien guztien atzean antolaketa prozesu oso bat dago. Artilea animalietatik eratorritako hondakin bezala tratatzen da, eta ondorioz, gaixotasun iturri bilakatu daiteke gizakientzat. Horrek esan nahi du Espainiako Ministeritza sartzen dela tartean,  baita Ingurumen saila ere, eta bakoitzak bere lege betebeharrak ezartzen dituela. Betekizun guztiak egitea zaila da: baimenak eskatu behar dira, bilketarako leku egokiak bilatu, garraioa baimen guztiekin egin… Prozesu guztiak trazabilitate bat eskatzen du.

Maquetación 1Artilea konpost bihurtzeko prozesua bera ere konplexua da, artilearen konpostatzea oso motela baita berez. Hori azkartzeko, hartzidura aerobikoaren prozesua erabiltzen dute. Oilo zirinarekin nahasten dute artilea, oso azidoa baita. Ondoren, plastikoz biltzen dute dena; xehe-xehe egindakoan, konpost prozesu normal bati aplikatzen zaio. Prozesu horretan haizea ere sartzen dute, gizakiarentzat kaltegarria gerta ez dadin. Hortik eratortzen den konposta Ecofertek merkaturatuko du.

Gaur egun kudeaketa zaila duen hondakina da ardi latxaren artile gordina. Zabarra da, eta lehen eduki zezakeen merkatu apurra erabat itxi da material sintetiko berrien eraginez.

Ekonomia zirkularra helburu

Egoeraren iraultze horretan momentuz eman den urratsik sendoena Lanaland proiektuaren sorrera da. Europar Batasuneko diru laguntza du, eta Bidasoaren bi aldeetako zazpi erakunde biltzen ditu:  Neiker, Latxa Esnea Kooperatiba, Ekolber, Urkome, Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganbera, Baionako Merkataritza eta Industria Ganbera eta Pau eta Adourreko Unibertsitatea. Ikerketaren bidez, ekonomia zirkularraren zikloa baserrian ixtea da helburua.

Artileari erabilera alternatiboa emateko lanean

Lanaland proiektuaren helburu nagusia Bidasoaren bi aldeetako esne-arrazetako ardi azienden balio erantsia handitzea da. Proiektuak soluzio berritzaileak garatu nahi ditu artileari dagokion balioa eman eta tokiko enpresei hazteko aukera berriak eskaintzeko. Hona orain arte egin diren zenbait ikerketen emaitzak. Webgunean kontsulta daitezke era sakonagoan: lanaland.eu.

  • Poliesterraren eta plastikoaren ordezko. Prototipo batzuk garatu dituzte artileari ehungintzako poliesterraren ordezko erabilera emateko. Hori egiteko gai diren hornitzaile potentzialak aurkitu dituzte. Plastikoaren ordezko erabilera bat ere izan dezake. Ekolber enpresak kolagenoz eta artilez eginiko balizatze zintak garatu ditu, lasterketa zirkuituak mugatzeko erabilgarriak izan daitezkeenak.
  • 3D Hariak. Polimero espezifikoekin nahastu aurretik artilea behar bezala tratatu ondoren, 3D inprimagailuetan piezak sortzeko material hariztagarri bat egiteko prototipoa sortu du EHUk, Neikerren laguntzaz.
  • Artilea bide biologikotik garbitzea. Artilea kudeatzeko zailtasun handienetako bat da aurreko tratamendu bat behar duela. Pau eta Adourreko Unibertsitatea artilea modu jasangarrian garbitzeko modu berriak garatzen ari da. Eredu hori ustialekuetan instalatzeko sortu du.
  • Ongarri pikorren prototipoa. Artile gordinez egindako ongarria da. Erronka nagusia Europako araudiaren arazoa konpontzea da. Irtenbide bat aurkituz gero, artilea eskala industrialdean pikortatzeko makinak badaude, eta enpresa batek prozesua bereganatzea litzateke helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>