Brinkolatik Otañura: Tunel luzeenetik tontorrik airosoenera

Erreka zulotik mendi tontorrera, Brinkolatik Otañura, baserri eta baso artean. Honelaxe laburbildu daiteke gaurko Ibiltari, Legazpiko sailetan egindakoa. Aldapa dezente igo behar, baina bide erosoa eta goian saria; ikusmira paregabea hain zuzen ere.

Brinkola auzoan hasten da txangoa. Inguru hauetako zeinek ez du ezagutzen bertako zubi handia? Baina nortzuk egin zuten, hori ez da hain jakina. Izan ere, duela mende bat baino gehixeago (1905) altxatako zubia oñatiarrek eraiki zuten, hango lantegietarako lehengaiak –txokolatea egitekoak, esate baterako– trenez ekarri ahal izateko. Valentziako laranjak ere deskargatzen ziren Brinkolan, inguruko herrietan saltzeko.

Arreta merezi duen besterik ere badago Brinkolan, Igaralde errota kasurako. Legazpiko zaharrenetakoa da, eta gaur egun osorik segitzen duen bakarra, hain ondo zaindu dute jabeek eta hain da bikaina eraikin horren hargin-lana. Tibur okinak egiten duen ogia ere bikain nota merezi duen horietako da.

Urak errotak mugitzen ditu, baina ez irina egitekoak bakarrik, burdina ekoiztekoak ere bai. Eta horretan badakite zerbait legazpiarrek. Egun, Mirandaola da ezagunena, baina gaurko bidean Olazar aipatu behar. Urola ibaiak eta Barrendiola errekak bat egiten duten puntuan eraiki zuten eta 1513rako martxan zegoen. XIX. mende erdiraino funtzionatu zuen. Bertan urtzen zuten Aizkorriko meategietatik ateratako beruna, II. Karlistaldian; gerora  zerrategi eta zentral hidroelektrikoa ere izan zen.

DCIM100GOPROGOPR0885.JPGBidean aurrera, baserri eta zelai artean doan bidetik, oraindik goraka batere egin gabe, Guriditegi baserria azalduko da, bere armarri handiarekin. Ondoan, Etxeaundi baserria, leiho arkudun eder askoarekin. Aurreraxeago, Norteko trenbideko Tunel Handia, Oazurtzakoa. Duela 158 urte ireki zuten tunel honen kontuekin aldizkari osoa bete daiteke, baina hona bospasei datu soilik: 3.000 metro dauzka, zuzen-zuzena denez hasiera eta bukaera momentu oro ikusten dira, pikatxoz zulatu zuten, dinamita erabili gabe –ezin, Alfred Nobelek 1866an asmatu baitzuen–, hogei urtez Estatu espainiarreko luzeena izan zen (Pajares-ekoak ehun metro gehiago dauzka) eta adituek diotenez izugarri ondo eginda dago, ez baitu inoiz arazo aipagarririk eman.

Zokoa utzi eta gorantz

Pistaren eskubialdean, kartel batek Gibola dio. Azkenaldian famatua egin da baserri hori, Ane Odriozola idazleak eskaini dion trilogia dela eta. Ospitalea izan zen, baita oso gertu dagoen Brinkolazar ere, frantsesak trenbidean lanean aritu ziren garaian. ‘Frantsesaroa’ deitzen zaio Legazpin, Aitor Azpiazuk eta Jose Luis Ugartek jasoa dutenez.

DCIM100GOPROGOPR0819.JPGIritsi da zokoa utzi eta goruntz hasteko unea. Jonmikel Intsausti gidariak badaki non dagoen gaurko unerik bitxienetako bat, nahiz eta itxura batera ez eman. Aipatu dira lehen trenbidea eta berau egiteko lanak eta Intsaustik erakutsitako Plaentxiren txabolaren ondoko zulo hau –estalita dago orain–zuzenean lotuta dago lan haiekin. Izan ere, mendian barreiatutako hamabi putzu bertikal horiek trenbideraino iristen dira, eta horietatik materialeak igo eta jaisten zizkieten langileei; jatekoak berotzeko suarentzat tximinia moduan ere erabiltzen ziren, Estanis Agirreren arabera. Tuneletik erauzitako lur eta harriak ateratzeko mando bat zuloari biraka izaten zuten beharginek. Lanak bukatu eta gero, lurrinezko lokomotoreen kea ateratzeko balio izan zuten. Sakonera handieneko putzua Zegamatik hasi eta bosgarrena da, tunelaren mailatik 264 metroraino iristen baita. Plaentxiren hau seigarrena da Brinkolatik hasita. Jakina, mendiaren formaren arabera daukate zuloek sakonera motz edo handiagoa. Tunelarekiko garaiera txikieneko putzua Brinkolazarretik gertuenekoa da, Brinkola aldetik lehena eta Zegama aldetik hamabigarrena, tunela baino 35 metro gorago irekitzen delako.

Otañuko ikuspegi panoramikoa

DCIM100GOPROGOPR0809.JPGPista zabala doa Otañu aldera. Justu Salibieta aurretik, Kortaburu mendiaren ekialdeko magalean korostidi aberatsa dago. Ehiza-postu ugariren artean ere egiten da aurrera tarte horretan. Salibieta lepoan, eskubirantz ehunen bat metro igo behar dira beste borda batera iritsi arte, bertatik basoan gora egiten duen bidezidorra hartzeko. Inguru horietan zepadi ugari dago, horietako asko Burdinola elkarteko kideek aurkitutakoak eta dokumentatutakoak. Haizeolak ere ez gutxi. Mugarriak ere bai, horietako batzuk L(egazpi), Z(erain) eta M(utiloa) letrak dituzte aldamenetan zizelkatuta.

Aldapa gogorra igo ondoren berehala iristen da Otañu gainera. Ikusmira panoramiko aparta zabaltzen da begien aurrean: Goierriko zati handi bat, Aizkorri mendikatea, Aralar, Ataungo domoaren zati bat, Anboto, Udalatx, Gorbeia… horiek denak ikusten dira. Eta han behean, Gabiriako Aztiria auzoa, eta are beherago Zeraingo mea labeak. Tontorra zelaia eta arbolik gabea da, eta erpin geodesikoaz aparte aizkoradun buzoia eta Akerra mendizalearen oroimenezko eskultura besterik ez dago.

Beheraka jotzeko ez da igoerako bide berbera hartu behar, baizik eta Salibieta lepoko bordaren ondoan eskubira beherantz jo, eta pinudia bota berri dutenari esker Brinkola, Telleriarte eta Legazpiko ikusmira ederraz gozatuko du ibiltariak. Jakina, igotako bidetik edota beste bidezidor askotatik jaits daiteke, baina hori da biderik seguruena. Pagadiak eta belardiak nagusi dira bizkar honetan, baita metal ura ematen duten iturriak ere. Agirrezabal baserria eta Bergaretxe landa-hotela pasata, Korta Azpikoa baserrira darama bideak, eta hortik gutxira, berriro Brinkolan bukatzen da gaurko ibilbidea.

Kontuan hartzeko

  • Arrobizabaleko ‘arkue’. Ez da aurkitzen erraza, baina bai oso deigarria Arrobizabaleko ‘arkue’, Otañuko maldetan. Arkuek harrizko txabola kupularrak dira, eta garai batean artzainek eta ikazkinek erabiltzen zituzten babesteko. Landu gabeko harriz egindako paretak ditu, eta itxura eta berezia hartzen dute. Arrobizalekoa egoera oso onean dago.
  • Peabideak. Peabideak mea garraiatzeko bideak ziren. Burdin ekoizpenerako labeak meategietatik hurbil egotetik bailaran zehar zihoazen ibaietatik gertu egotera pasa zirenean, lehengaiak garraiatzeko bide horiek sortu ziren. Brinkolara Santa Marina, Biurrain eta Teniolatik barrena ekartzen zuten burdinkia.
  • Burdinolaren ikerketak. Legazpiko peabide, zepadi, labe, ola… horien guztien berri luze eta zabal nahi duenak Burdinola elkartearekin harremanetan jartzea besterik ez dauka, ikerketa eta dokumentazio lan eskerga egin eta argitaratu baitu Txinparta aldizkarian. Legazpiko Udalaren webgunean sortua duten atalean aurki daiteke informazio hori guztia. https://www.legazpi.eus/burdinola

Fitxa teknikoa

  • Iraupena: 4 ordu
  • Luzera: 12,5 kilometro
  • Desnibel metatua: 1.100 metro
  • Zailtasun teknikoa: Ertaina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>