«Bizimodu normalean lasaia naiz, baina ez lehia hasitakoan»

Elena-Calvillo-1

Uztailaren 9ko 23:00ak zazpi gutxian, Ehunmilen irabazle sartu zen Elena Calvillo Arteaga (Ordizia, 1970), Beasaingo plazan. «Nahiko lasai» iritsi zela aitortu du, urteek eman dioten eskarmentuak edozein presio kenduta eta «buruz oso lasai». Lehiatzen 35 urterekin, «berandu», hasi arren, urtetako bizikera eta filosofia du mendi korrikalariak.

Indarrak berreskuratu al dituzu Ehunmiletatik?
Oraindik errekuperatzen ari naiz [uztailaren 18an egina da elkarrizketa, eta uztailaren 8-9an jokatu zen proba], kosta egiten da. Gorputza bere onera ekartzen egun batzuk behar izaten ditut, eta berriz lehiatzen hasteko, hilabete. Lasterketa ostiralean hasi eta larunbat gauean bukatu nuen, eta asteazken arte nahiko neketsua izan zen, likido erretentzioagatik hankak puztuta-eta. Jada atera naiz korrika apur bat egitera, baina nekea nabaritzen du gorputzak.

Aurten neke hori besteetan baino goxoagoa izango da, ala?
Lortu dut irabaztea, bai. Aurten Ehunmilak helburutzat nuen, eta lana egin ondoren fruituak hartzen dituzunean, poza ematen du.

Halako erraldoi bat irabaztea helburutzat nola jartzen da?
Irabaztea baino gehiago, helburua zen nire lehenagoko denboretan ibiltzea. Urteak ere aurrera doaz, eta nire forma mantentzeak jada betetzen ninduen. Egia da denbora horiekin beti sartu izan naizela podiumeko postuetan, baina irabaztea oso urrun ikusten nuen. Oraingoan gehiago pentsatzen nuen gazteak-eta oso prestatuta etorriko zirela, eta ni urtebete gehiagorekin…

Adinari ere kontra egin diozu, beraz.
Bai. Baina adina, adina… Askotan buruak indar gehiago du. Fisikoki ondo eta entrenatuta egon behar duzu, noski, baina oso faktore inportantea burua da. Esperientziak laguntzen du ultratrail hauetan, lasterketan bertan. Erritmo hain altua ez du eskatzen, baina bai erresistentzia edukitzea eta mentalki ondo egotea. Urterik urte ikasi ere egiten da, aurrekoetatik. Nik detaile txikietan arreta gehiago jarri dut, baita aurreko prestakuntzan ere: hanketako hidratazioa kremekin, anemia edo burdin falta pixka batekin egon izan naiz eta hori ondo egon zedin aurretik gehiago begiratu diot, hidratazioa, zer jan eta zer ez jan… Ikasten joaten da ultretan.

Buruaren indarra nola lortzen da? Zertan pentsatzen duzu lasterketan?
Nik beti positibotik begiratzen dut, eta buruan bukatu beharra daukalada edukitzen dut. Momentu zailetan –lasterketa luzeetan beti beheraldiren bat izaten da–, asko zentratzen naiz arnasketan. Erritmoa agian zerbait jaisten dut, baina arnasketan zentratuta. Eta beti positiboan, helburu txikiak jarrita: ‘laster ailegatuko naiz Tolosara, laster Amezketara, laster Larraitzera eta nire terrenoan sartzen naiz eta hau jada ezagutzen dut’… Beti positiboki pentsatzen dut.

Elena-Calvillo-6Errekuperaketa hain luzea baldin bada, ez dut pentsatu nahi prestaketa. Agian, korrikalari filosofiarekin bizitzea bera da gakoa?
Bai. Egia esan, nire bizitzan kirola erabat barneratuta daukat, eta egunero ateratzen naiz korrika egitera edo mendi buelta bat egitera. Helburu bat jartzen duzunean, espreski zehatzago prestatzen duzu. Helburu bat jartzeak ilusioa mantenarazten dit, eta gehigarri-maila hori goraxeago izaten. Baina egunero-egunero egin behar da, eta espezifikoki datorren proba prestatu.

Kanpoko prestatzailerik baduzu?
Ez, senarra daukat laguntzaile. Asko bizi du berak, eta nire entrenamendu guztiak apuntatzen ditu. Azken urteetakoak agendan dauzka, eta badaki zer denboratan ibili behar dudan. Ehunmiletako aurreko urteetako denborak, pasoetan zer denbora… den-dena idatzita dauka. Psikologikoki eta fisikoki ondo noiz nagoen ezagutzen nau, eta berak ematen dit konfiantza handiena. Batzuetan, nire buruarengan gehiago sinistea falta izaten zait, eta senarrak esaten zidan egiten ari nintzen entrenamenduekin 30 orduan egingo nuela, eta ondo nengoela. Gehienetan asmatzen du.

Emakumezkoen mendi lasterketetan aitzindaria izan zara, goren mailan hasi zinen lehenengoetakoa, Jaione Sasietarekin batera.
Ez dut uste aukera kosziente bat izango zenik. Urteak pasatu ahala, gustukoa egiten ari nintzenean jarraitzeak eraman nau. Atzera begiratuta, horrenbeste urtetan hor ibiltzea asko iruditzen zait. Baina nola gustura egin dudan, urtetik urte segitzen utzi diot nire buruari. Kosziente ere bai, zertan nenbilen, noski. Gero, etxean ere asko bizi dugu kirola. Bizimodu bat da, azkenean.

Etorkizunari begiratzen diozu?
Ez dut lotura handirik nahi, eta nire kasara egin nahi dut. Ehunmilak irabazteak egundoko animo bultzakada eman dit. Azken bi urteetan, pandemiarekin, ez dut ia batere lehiatu. Beharbada, 2019an aseta bukatu nuen, lasterketa askorekin. Bi urteotako geldialdia ondo etorri zait, eta berriz gogotsu nago.

Ultratrailen muturreko ahalegin eskaera nola ulertzen duzu zuk?
Kosziente naiz lasterketa gogorra dela, eta gorputza nahiko muturretara eramaten dugula horrelako distantzietan. Baina egia da, baita ere, geroz eta gehiago prestatzen garela, eta gai garela egiteko. Baina gorputza muturretara eramaten duzu; hori onartzen dut. Lo ez duzu egiten gau oso batean, esfortzu betean zoaz, desnibel positibo handia dauka… Nahiz eta prestatuta egon, gorputza mugara eramaten duzu. Azkenean, jendea erakartzen duena superazio nahi edo aurkikuntza hori da: gai izango ote naiz nire gorputza muga hauetaraino eramateko eta bukatzeko? Bestetik, kanpotik beste modu batera ikusten da: nik nahiago dut lasterketa barruan egon. Semeek korritu dutenean, ni kanpoan askoz urduriago egoten naiz.

Eta non dago muga?
Norberarengan dago: indarrak neurtu, noraino egin dezakezun jakin, eta zure gorputza ondo ezagutzea ezinbestekoa da. Hori lasterketa guztietan, izan maratoian, izan ultratrailetan. Honek daukan eragozpena da lo ez duzula egiten, kilometro asko direla, eta batzuetan pentsatzen duguna baino gehiago ematen dugula. Zure mugak ondo ezagutzen ez badituzu, pasatzeko arriskua dauka honek.

Zure alarma gorria noiz eta zerekin pizten den badakizu?
Uste dut baietz. Ez aurtengo lasterketan, aurrekoan baizik, konturatu nintzen mugatik pixka bat pasatu nintzela. 2019koan gehiegi eman nuen lehenengo partean, eta bigarrenean jaitsi nintzen. Ikasi egiten da aurreko urteetatik ere. Zure ustez ahal duzu, ematen zoaz, eta bukatu nahi horrekin, askotan ez dakizu gelditzen. Korrikalari askori gertatu izan zaie hori: Gurutze Gorrikoek edo etxekoek esan behar ‘honaino, ez zoaz ondo’. Arriskutsua da ez ikustea.

Baina gozamena ere hor dago
Bai, bai, bai. Gozatu egiten dugu. Izugarrizko gozamena da bukaeran ematen dizun goraldia. Ez dakit endorfinak edo  zer diren, baina egundoko satisfazioa ematen dizu bukatzeak eta ondo egiteak. Horrek asko betetzen du. Emozio guztiak pil-pil jartzen dira, eta gorakada bat etortzen zaizu, hurrengo egunean ere oraindik irauten dizuna.

Elena-Calvillo-4«Irabaztea baino gehiago, helburua nire denboretan ibiltzea nuen. Forma mantentzeak jada betetzen ninduen»

«Urterik urte ikasi egiten da ultratrailetan. Detaile txikietan arreta gehiago jarri dut nik; hanken hidratazioan, adibidez»

«Azken urteetako entrenamendu guztiak idatzita dauzka senarrak. Berak ematen dit konfiantza handiena»

Beti izan zara lehiakorra?
Berez, bizimodu normalean lasaia naiz. Baina dortsala janzten dudanean, bai. Lagun katalanek ere hori esaten didate. Entrenatzera irtendakoan-eta ez naiz aurretik jartzen dena, tiratzen duena edo pikatzen dena. Baina dortsala jantzitakoan, dena ematera joaten naiz. Bakoitzak bere modura bizi du. Pena pixka bat ematen dit lasterketa batean korrika lasai egiten ez jakiteak, konpetizio puntu hori eduki gabe.

Erizaina zara lanbidez. Ultratraila, azken bizpahiru urteetakoa, hor ere…
Bai, pandemia denentzako gogorra izan da, baina guk lanbide honetan gertuagotik bizi izan dugu. Eta egia da gogorra izan dela. Baina honi ere aurre egin diogu, eta segitu egin behar dugu.

Ehunmilen inguruan sortzen den giroa, kiroletik harago doa?
Boluntarioek eta herri lanak bihurtzen dute lasterketa hau posible, auzolanak. Hori da garrantzitsuena. Beraiei esker korritu dezakegu guk. Ni baino gehiago senarra ibiltzen da antolaketan. Marimurumendiren antolatzaileetako bat da. Koinata ere ibiltzen da, janarien eskari guztiak antolatzen, biltegian. Egia esan, izugarrizko muntaia da, ikusten ez dena. G2H egin nuen urteetan, Marimurumendiko taldean egon nintzen, Agortan. Egundoko giroa izaten da, eta jende ezberdinen arteko harremana sortzen da. Hori polita eta aberasgarria da herrirako, denok bat egitea.

Zein ote da giltzarria?
Euskal Herrian mendizaletasun handia dago. Nik ere txikitatik jaso nuen, aitarekin mendira joanez. Zegaman ere jendeak bizi du, eta demostratzeko modu bat da lasterketetan boluntario aritzea. Txirrindularitzan ere berdintsu gertatzen da; asko bizi du jendeak, eta boluntario asko behar direnez, parte hartzen du. Boluntariotza oso garrantzitsua da.

Elena-Calvillo-5Korrika egitera kanpora joan zara?
Asko ere ez. Aurten Cadizen izan naiz, lagun katalan batzuekin taldeka. Euskal Selekzioan egon izan nintzen bitartean irten nintzen, Espainiako Kopara eta urte batean Munduko Kopa. Polonian ultra bat egin nuen, oso polita. Gero, oporrak uztartuta jada, Perun 80 kilometroko lasterketa bat ere egin nuen.

Etxe komertzialek ez dizute deitu?
Ez. Nik uste ez naizela oso mediatikoa sare sozialetan [barreak]. Zure burua nola saltzen duzun ere bai baita. Bestetik, nahiko beterano hasi nintzen, eta babesleek nahiago dute gaztetxoek saltzen duten irudia. Niri ez dit konpentsatzen, gainera. Horrelaxe lasaiago nago.

Berandu hasi al zinen, bada?
35 urterekin, senarraren konplizitatearekin. 25 urtetik 35era ez nuen ia kirolik egin, beste gauza batzuk bainituen. Karrera txikietan hasi nintzen, asfaltoan, Josetxo Imazen eta. Hurrena mendiko lasterketen eta bertikalen Euskadiko Kopa egitea planteatu nuen, eta bietan irabazi nuen. Selekziokoek begia bota zidaten, eta mundu honetan sartu nintzen. Baina jada 35 urterekin. Lehenengo Zegama-Aizkorri maratoia 2007an izan zen; jada 37 urte neuzkan.

Dortsalak antzaldatua

Elena-CalvilloLau soken tartean kanpaitxoa entzutea bezalakoa da Elena Calvillo Arteagarentzat lehiaketako dortsala janztea. Burua lehia moduan jartzen zaio, eta gorputzari adinarekin ikasitako dohain guztiak aktibatu. Mendi korrikalariarena esperientzia baita asko, are gehiago ultratrailetakoa.

Ordiziako Goierri kalean jaioa, hura du «herri kutuna». Baina Beasainen urte gehiago daramatza, eta bere sentitzen du. Gurasoek ere bateratu zizkioten ordiziartasuna –aita hangoa, boluntariotzan-eta lan asko egin duen Calvillo leinukoa– eta beasaindartasuna
–ama hangoa–.

Xumeki hitz egiten du, kirol ibilbideko lorpenei pisu gehiegi eman gabe. Bizitza-modu bat bezala gehiago ulertzen du kirola. Askotan aipatu du Mikel Mujika senarra, korrikara bultzatu zuena; eta orain Aritz eta Aitor –G2Hn eta Marimurumendin– lehiatzera irteten direnean, urduriago egoten dela aitortu du.

Txikitan krosean zaildua, nerabetan saskibaloian jokatua, eta errugbia ere probatu zuen gero. Trevijano zelai zaharra etxetik gertu edukitzearen tentazioak. Nesken lehen errugbi taldean ibili zen, 16 urtetik 18ra. Elkarteetan diharduten eta probetan antolatzaile diren boluntarioen papera aldarrikatu du.

Gerora, jada helduaroan, mendi lasterketei heldu zien, eta aitzindari izan da esparru horretan ere. Bide irekitzaile izatearen zoria edo artea zaletasunari egotzi dio berak. Baina dortsala jantzita duenean, asko eta azkar irekitzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>