Urolako Trena, herritarren bihotza geltoki

Urolako-trena

Maite Arrieta, bere bilobetako batzuekin, Urolako Trenari eskainitako muralaren aurrean.

Ia 40 urte pasa dira desagertu zenetik, baina Urretxun eta Zumarragan ez dute Urolako Trena ahaztu. Mural bat eskaini diote.

Zumarragan eta Urretxun hiru trenbide zeuden garai batean, baina bakar batek irabazi zuen Gure Trena izena: Urolakoak. Hainbat arrazoi medio, tren horrek herritarren bihotzean tokia egin zuen: bi herriak erdi-erditik zeharkatzen zituelako, bizilagunek hondartzara joateko erabiltzen zutelako, xumea zelako, zaharkitua zegoelako… Eusko Jaurlaritzak trenbidea ixteko asmoa azaldu zuenean, trena bizirik mantentzearen aldeko manifestazioak egin ziren. 36 urte pasa dira dagoeneko azken bidaia egin zuenetik, baina urretxuarrek eta zumarragarrek ez dute Urolako Trena ahaztu: Urretxun Gure Trena izeneko taberna bat dago eta geltokien auzoan trenari mural bat eskaini diote, Urretxuko Udalaren ekimenez.

Murala Jordi Bermejo Prada Boemius artistak egin du. «Ingurua txukundu ondoren, pareta horretan zerbait egiteko beharra ikusi genuen. Duela urte pare bat, Jordi udaletxera etorri zen halako lanak egiten zituela esanez. Hala, bertan mural bat egitea proposatu genion. Auzoarekin lotutako zerbait egitea nahi genuen: lantegiak edo geltokiak. Azkenean, Urolako Trenari buruzkoa egitea erabaki genuen. Gustura gaude egindako lanarekin», azaldu du Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak.

Bizilagunak ere gustura daude. Urolako Trena ondo ezagutu zutenen artean Fernando Salegi dago. Elgoibarko San Migel auzoan jaio zen, baina haurra zenean gurasoek Urretxuko Isabel taberna hartu zuten. Taberna hori Urolako trenbidearen ondoan zegoen eta trenbideko langileak Isabeleko bezeroak ziren. «Txintxetru eta Manolo barrera igotzeaz eta jaisteaz arduratzen ziren, Galdona eta Soraluze makinistak ziren, Jesus geltokiburua zen… guztiak gure tabernara etortzen ziren».

Zumaiara, makinistarekin

Urolako treneko langileak Fernandoren gurasoen lagunak ziren, eta Galdonak Fernando txikia berarekin eramaten zuen Zumaiaraino, makinistaren tokian. «Kafea gure aitarekin hartu eta Zumaiara berarekin joatea eskaintzen zidan. Zumaian ogitartekoren bat jan eta buelta etxera! Etxeko trena zen. Jolastu ere geltokiaren inguruan jolasten genuen».

Koxkortu zenean, Urolako trena hartzen zuen lagunekin hondartzara joateko. «Trena beteta joaten zen eta Zumaiatik itzultzeko bigarren lokomotora bat jartzen zuten: bata aurrean joaten zen eta bestea atzean. Batzuetan trena gelditu egiten zen. Halakoa zen. Oso tren berezia zen eta urtetan oso zerbitzu ona eman zuen. Bolada batean Azkoitin lan egin nuen eta Urolako Trenean joaten nintzen».

Maquetación 1

Urretxuarrek eta zumarragarrak Zumaiako hondartzetara joateko erabiltzen zuten Urolako Trena, batez ere. Trena Urretxu eta Zumarragara etortzeko erabiltzen zutenak, berriz, lanera etortzen ziren. «Azkoititik eta Azpeititik hemengo lantokietara lan egitera etortzen ziren. Trenak bizitza handia ematen zion geltokien auzoari».

Mari Carmen Gereñuk ere oso ondo ezagutu zuen Urolako Trena. Izan ere, haren gurasoek ere taberna bat izan zuten geltokien auzoan. «Legazpin jaio nintzen, baina bospasei urte nituenean Zumarragara etorri ginen. Gurasoek Meliton taberna hartu zuten, 1961ean. Ongi Etorri izena jarri zioten. 28 urte egon ginen taberna hartan».

Hala, hiru trenbideetan lan egiten zuten langileetako asko haien bezeroak izan ziren. «Hiru geltokiek eta lantegiek sekulako bizia ematen zioten auzoari. Orbegozo, Sarralde, Irimo… enpresek garai ona bizi zuten eta langileak gure tabernara etortzen ziren lanera sartu aurretik: mistela, orujo txupitoak, koñak arrunta, anisa… edaten zuten. Geltokien inguruan, Urola hotela eta Paraiso taberna zeuden, besteak beste. Grebak ere ondo gogoratzen ditut. Dolarraren auzoa deitzen zioten gure auzoari. Egun, apalduta dago».

Egurrezko aulkiak

Gereñuk, urretxuar eta zumarragar gehienek bezala, Zumaiako hondartzara joateko erabiltzen zuen Urolako Trena. «Primeran gogoratzen ditut oraindik egurrezko aulki haiek. Gurasoek tabernan lan egin beharra zutenez, ahizparekin joaten nintzen. Urolako Trena oso polita zen, gaurkoen oso ezberdina. Geltokia ere oso polita zen. Umetan inguru hartan jolasten genuen».

Maite Arrietak, berriz, bizitza osoa eman du geltokien auzoan. Pagoeta baserrian jaio zen. «Urolako Trena oso polita zen. Hasieran, jendeak lanera joateko erabiltzen zuen. Jende asko etortzen zen Urretxu eta Zumarragara lanera, Urolako Trenean. Azken urteetan, berriz, hondartzara joateko erabili zen batik bat». Trenak auzoa bitan zatitzen zuen, baina xarma handia zuela dio. «Barrerak igo eta jaitsi… Garai hartan ez zegoen egun bezainbeste auto. Egun, ezinezkoa litzateke».

Arrietak hondartzara joateko erabiltzen zuen. «Zumaiara joateko bakarrik erabili nuen, gaztetan. Ez oso sarritan, ez baikenuen dirurik! Pena handia eman zidan trena kentzeak. Geltokia nola dagoen ikusteak pena handia ematen dit. Eraikina oso polita da eta zerbait egin beharko litzateke. Herri erdian dago eta zerbaitetarako erabili beharko litzateke». Urolako Trenak, Zumaiatik Zumarragara makina bat bidaia egin ondoren, herritarren bihotza hartu zuen azken geltoki.

Eraikitako azken trenbidea, AHTa heldu arte

Urolako Trena zaharkitua gelditu zen, baina eraiki zutenean punta-puntakoa zen. Euskal Herrian eraikitako azken trenbidea zen, AHTa eraikitzen hasi ziren arte. Tren elektrikoa zen, Estatu espainiarrean lehenengotakoa. Metalezko bagoiak izan zituen lehena. 160 langile baino gehiago izatera heldu zen eta ia milioi bat bidaiari urtean.

Urola ibaiaren ondoan zihoan trenbideak 36,6 kilometroko luzera zuen. 29 tunel eta 20 zubi egin behar izan ziren, gehienak Zumarraga eta Azkoitia artean. 16 geltoki eta geraleku zituen. Geltoki eta geraleku guztiak Ramon Kortazar arkitektoak diseinatu zituen. Guztiak estilo berekoak, baina guztiak ezberdinak. Azpeitikoa Trenbidearen Euskal Museoaren egoitza da eta bertan Urolako Trenaren lokomotora eta bagoietako batzuk ikus daitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>