Elikagaien inflazioa dela eta

Judit-GarciaJudit Garcia Llorens • Baserritarra

Inflazioaren ondorioz produktu freskoen salmenta jaitsi eta marka txurienak igo omen dira. Hori dela eta, herritar askoren elikaduraren kalitatea okertzen ari da eta hala jarraituko omen du irailetik aurrera. Egoera honetan, Espainiako gobernuak merkatu kuotarik handiena duten enpresa banatzaileekin hitzartuta, oinarrizko elikagaien prezioei mugak jarri nahi die. Neurriarekin polemika hasi da, herritarron eskubideen gainetik dagoen merkatu eta konpetentziaren kontrakoa izan daitekeelako edo tokiko dendei kaltea eragin ahal dielako, beste arrazoien artean.
Herritar askorentzako elikadura osasungarria ezinezkoa da, eta hori lehentasunez konpondu beharreko arazoa da. Kontuan hartuta gainera, tamalez, enpresa banatzaile gutxi hauek herritar gehiengoaren elikagaien kontsumoa bere gain hartzen dutela, epe motzean behintzat, enpresa hauen parte hartzea komenigarria da.

Baina inflazioa alde batera utzita, elikagaien globalizazioa, uniformizazioa, eta bezero zein ekoizleentzat ezarritako prezioen gehiegikeriak erabat lotuta daude enpresa multinazional hauek duten merkatu kuota handiarekin. Beraz, zaila ematen du arazoa handitzen duenari protagonismoa eta erreferentzialtasuna emanez (eta merkatu kuota handitzeko aukera beste behin ere) egoera onbidean jarriko denik epe luzera.
Denok onartzen dugu elikagai freskoak, ingurukoak eta sasoikoak osasungarriagoak direla, eta elikagai hauek eskuratzeko aukerarik iraunkorrena merkatu kanal laburren bidez dela (azokak, kontsumo taldeak, herriko dendak,..). Ez al da garaia kanal hauek indartzeko, erraztasunak eta erreferentzialtasuna emateko eta gure elikaduraren gainean gero eta indar gehiago duten enpresa banatzaileen indar korrelazioa gure alde aldatzen joateko?

Prezio eskuragarriagoak izateko, osasuneko arazoak murrizteko eta nekazariak zein ingurumena zaintzeko, jaki industrialekin osatzen joan garen dieta errebisatu behar dugulakoan nago (jaki prozesatu eta haragi industrialaren gehiegizko kontsumoa adibidez). Horretarako formazio eta informazioa beharrezkoak dira. Horretaz gain, uste dut soluzioak etorriko direla barne merkatuak eta kanal hurbilak lantzen eta sasoiko zein tokiko elikagai ekologikoen sustapenetik. Eta ez dago Madriletik zer neurri datozen zain egon beharrik.

Goierrin badira urte batzuk Hamabostaldi ekologikoa antolatzen dela eta programako ekimenek hausnarketarako bidea ematen dute. Igande honetan, urtero bezala, Zerainen hitzordua dugu azokarekin. Apustu egingo nuke, bertan aurkitu daitezkeen elikagaien prezioen inflazioa 10etik behera dagoela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>