Joxe Martin Eskisabel
1979ko apirilaren 3ko udal hauteskundeetan, Zaldibian, Indenpendentez osatutako Asamblea Popular izeneko zerrenda aurkeztu zen. Zinegotzi guztiak, bederatzi, lortu zituzten. Asamblea Popular izan zen aurkeztu zen hautagai zerrenda bakarra. Joxe Martin Eskisabel zen zerrendaburua eta bera izan zen lau urtean alkate. Zaldibiarrak gogoratu duenez, “ordura arte, bikarioak aukeratzen zuen alkatea. Bikarioaren gogoaren arabera aldatzen zen. Normalean, bikarioaren ingurukoa edo herriko jauntxoren bat izaten zen aukeratzen zuena”.
“Demokrazia purua”
Eskisabelen azken esaldi hori ulertzeko, zaldibiarrak zerrenda osatzeko erabilitako sistema ezagutu beharra dago. Izan ere, Independenteen zerrenda osatzeko modua berezia izan zen Zaldibian. Herri txikietarako Eskisabelek oraindik ere aldarrikatzen duen sistema: “Zaldibia beti iraultzailea izan da eta orduan ere txispa bat sortu zen. Gure ustez, Madrilek esaten zuena ez zirela hauteskunde demokratikoak eta beste era batera egitea pentsatu genuen. Onartu egin zen. Herritarrak, pertsonalki, boluntarioki apuntatu ziren. 25 izen apuntatu ginen. Zaldibian 9 zinegotzi eta 3 ordezko tokatzen dira, 12 lagun guztira. 25 izeneko zerrenda etxe guztietara banatu zen eta esan zitzaien 12 izen ‘X’ batez markatzeko. ‘X’ gehienak ateratzen zituena izango ziren alkatea, alkateordea eta zinegotziak. Etxez etxe joan ginen zerrendak banatu eta jasotzera. Demokrazia purua zen hura”, azpimarratu du Joxe Martin Eskisabelek.
Otsailaren erdialderako erabakita zegoen 12 herritarreko zerrenda. Hurrengo pausoa, legeztatzea izan zen. “Herrian zerrenda bakarra zenez, ez zen arazorik izan. Politika alde batera utzi eta herriaren alde egitera joan ginen talde guztia”, gogoratu du.
Batasuna hautsi
Dena den, batasun horrek ez omen zuen askorik iraun. “1977ko amnistiarekin erbesteratu zeuden bi bazeuden zerrendan baina itxuraz ez ziren gustura sentitu, beren aldera eraman nahi zuten eta bi horiek dimititu egin zuten. Lau urtera, sistema berdina erabiltzeko proposatu nuen baina ez zuten nahi izan, interes politikoengatik. Taldetik atera ziren bi horietako bat 8 urtean alkate izan zen gero, HB bezala. Banaketa horrretatik, niretzat harrezkerotik Zaldibia ez da konpondu. Harrezkeroztik beti bi bloke izan dira Zaldibian”.
Alderdi politikorik ez
Ildo horretatik, 1979ko ereduari jarraituz, Eskisabelen ustez, herri txikietan ez litzateke alderdi politikorik egin behar udal hauteskundeetan. “Bildarraz, Eudeleko lehendakariari oraintxe esan berri diot hori. Gure mailako herriak hortara doaz. Ikusi bestela Ataunen eta Idiazabalen egiten dutena. Prestatuta dagoen jendeak ez du sellu baten azpian joan nahi, ez du busti nahi eta pertsona hori ezin duzu aprobetxatu. Eta herri txikietan ez da aukera handirik izaten jende prestatua bilatzeko. Alderdien sellua kenduz gero, etekina handiagoa izango litzateke”.
Gainera, oraingo hauteskunde sistema itxia dela dio. “Talde bateko 3. edo 4. gustatuko zaizu eta beharbada besteko 2.a eta 5.a, eta ezin dituzu aukeratu. Talde osoa aukeratzera behartzen zaituzte. Derrigortuta zaude talde horrek lehenengo jarri duena aukeratzera”.
Lau urte
Lau urte egin zituen Eskisabel Zaldibiako alkatetzan. Herriaren aldekok lana ahalik eta ondoen egiteko, lana utzi zuen. “Gu pezetarik gabe egon ginen alkate.
Lana utzi egin nuen herria ondo eramateagatik”, zehaztu du.
Aintzindariak
Beasainen kasuan bezala, asko zegoen egiteko, nahiz eta dirurik ez izan. “9.000.000 pezetako aurrekontua geneukan, gastu guztietarako. Lau urtera, 120.000.000 pezetara pasatu ginen. Pentsatu zein astindua eman genion. Dirurik ez zegoen eta bilatu egin behar zen. Ikastola berria egin genuen, pilotalekua…”, azpimarratu du Joxe Martin Eskisabelek. Zaldibiarrak gogoratu duenez, “Zaldibian izan ginen lehenak, Ikastolak eta Eskola Publikoak bat egiten”.
Telebistaren errepetidorak jarri, baserri bideak hormigoitu… Araztegia ere egin zuten Zaldibiako urak garbitzeko. “Aintzindariak izan ginen. Diputazioak obra piloto bezala egin zuen, guk bultzatuta”. Madrid aldera ere bidaia bat baino gehiago egin behar izan zuten. Bitxikeria bat aipatu digu: “Goierriko alkateekin bagenuen harremana. Behin, Segurako, Zegamako eta Zeraingo alkatearekin batera, Madrida joan ginen. Medikuak asko aldatzen zituzten eta Madrida joan ginen ministroarengana, medikuarekin gustura geunden lekuetan mantentzeko eskatuz. Zegamako sekretarioa ere etorri zen gurekin”.
Dirua ateratzen ere saiatzen ziren zaldibiarrak eta “Aralarren, pago landareen mintegi bat egitera iritsi ginen. Diputaziotik hasi eta Gipuzkoako herri askori saltzera ailegatu ginen pago landarea. Gero etorri zirenek, sasi hartzen utzi zuten mintegia. Teorian ekologia defenditzeak ez dit balio praktikan ez bada egiten”.
Eskisabelen kasuan, 26 urte zituen zaldibitarrak. Ikastolen mugimenduan, jaialdiak antolatzen aritzen zen 16 urte zituenetik. “Langile soila nintzen. Karreradunak ere bazeuden zerrendan, baina herriak ni aukeratu ninduen”, dio Eskisabelek.