Goierriko hainbat herritan material organikoa biltzeko edukiontzi marroia jarria du Sasieta Mankomunitateak dagoeneko. Herri horietako datuen arabera, %47ak bereizten du material organikoa. Zein irakurketa egiten duzue?
Gustura gaude. Kontutan izan aurretik esperientzi pilotoa egin zen beste eskualdeetan datu hoberena %25ekoa izan zela. Guk bagenekien hemen Goierrin kanpaina ona eginez gero herritarrek ondo erantzungo zutela. Hasteko ez dago gaizki, baina noski hobetu beharra daukagu.
Kalitateari dagokionean, zer moduzko bilketak egiten ari dira?
Ezin hobeak dira. Konposta egiten den plantan karakterizazioak egiten dizkigute eta beti %98-99ko garbitasunarekin. Herritarrek ondo ulertu dute zertarako den bilketa.
Zer bota eta zer ez bota, gomendiorik gogoratu beharrik ba al dago?
Normalean ez. Gehiena garbi dago, baina beti daude zalantza txikiak edo garaiko kasuak. Esate baterako, belarra mozten denean edo marisko, mejilloi, almeja oskolak eta horrelakoekin zer egin. Noski, denak bota daitezke.
Bilketak zenbatero egiten dituzue?
Neguan astean behin egin dugu eta ez du arazorik sortu. Udan ikusiko dugu, agian sarriago hustu beharko da. Beharraren arabera.
Nora eramaten duzue bildutako material organikoa?
Gipuzkoan, hondakinekin konposta egiteko planta bakarra dago. Azpeitiko Lapatxera eramaten dugu.
9 hilabeteko esperientziaren arabera, zerbait aldatuko edo hobetuko zenukete?
Bilketa edo sistema erabat baldintzatzen duena poltsa konpostagarriak erabiltzeko beharra da. Honek asko zailtzen du sistema. Hau ez dago gure esku eta oraingoz horrela beharko du, baina ari gara saiatzen ahal den modu errezenean egiteko.
Lazkaon, material organikoarentzako zabor poltsak eskuratzeko makina jarri duzue.
Aurreko galderaren harira dator makina hau. Orain probetan ari gara Lazkaon, baina asmoa, herri guztietan jartzekoa da.
Lazkaoren kasuan, giltzaren ordez, txartela erabiltzen da edukiontzia irekitzeko. Zein abantaila dauka?
Herritarrarentzat errezagoa da karteran eraman dezakelako txartela. Bestalde abantaila nagusia da hobari edo bonifikazio sistema ahalbidetzen duela. Hau da, birziklatzen dutenak saritu egingo dira. Hori da zaborren etorkizuna.
Goierriko lorategietako materialarekin egindako konposta banatzen ari zarete, dohainik, egunotan. Zein da opari honen helburua?
Alde batetik herritarrek ezagutu eta probatu dezatela ateratzen den konposta. Bestetik hortan ari direnei eskertzea bere lana. Eta azkenik berriak animatzea.
Goierriko gainerako herrietara noiz zabalduko duzue zerbitzu berria?
Orain, uda aurretik, Ordizian egingo dugu eta agian txikiagoren bat ere bai. Urtea bukatzerako espero dugu gehienetara ailegatzea.
Nola animatuko zenituztekete, material organikoa birziklatzeari uko egin dioten herritarrak?
Egiten ari den beste bizilagun batekin hitzegitea animatuko nuke. Denek berdina esaten digute, ematen duena baina askoz errezagoa dela eta ia zaborrik gabe gelditzen direla.