Edurne Huesa Otegi •
Iturria: Educadores por la sostenibilidad
Martxoaren 11n, Japonian izandako ikaragarrizko lurrikara eta tsunamiaren ondorioz, hildako eta desagertutako ugari izan da. Baina horrez gain, Fukushimako zentral nuklearrean izandako hondamendiak kalte ugari sortu du, isurpen erradiaktiboak tartean, ehun mila pertsonatik gora beren bizilekuetatik mugiaraziz.
Horren ondorioz, energia nuklearraren erabilpenari buruzko eztabaida handia ireki da mundu mailan. Baina eztabaida hori zentral nuklearren segurtasunari buruzkoa izaten ari da gehienbat, segurtasun hori hobetu daitekeela azpimarratuz eta energia horren erabilera klima aldaketaren aurkako borrokan beharrezkoa dela aldarrikatuz. Aitzitik, badira fisio nuklearraren bidezko energiaren aurkako arrazoi eta azterketa ugari, hamarkadetan egindakoak, eta istripuen arazora mugatzen ez direnak:
- Nahiz eta istripurik ez gertatu, fisio nuklearreko zentralek etengabeko arriskua eragiten dute, izan daitekeen arma nuklearren gehikuntzarengatik eta, batez ere, sortzen dituzten hondakin erradiaktiboen tonengatik, batez beste, ehunka eta batzuetan milaka urtetako bizitzarekin. Horrela, arazo larri bat sortzen da, bost hamarkadatan konpondu ez dena eta epe motzeko interesaren izenean, hurrengo belaunaldiei, pozoitutako ondarea uzten zaie.
- Funtzionatzen ari direnean ez dute CO2rik isurtzen eta horrela ez dute berotegi-efektua sortzen. Baina uranio minerala erauzi eta zentrala eraikitzen hasten denetik eraitsi arte, sortzen den CO2a ez da zentral termiko batek sortutakoa baino askoz gutxiago.
- Bestetik, mundu mailan energia nuklearraren ekarpena eskasa da, % 6a. Gainera, energia nuklearraren aldeko apustua egiteak, mundu mailan milaka zentral eraikitzea ekarriko luke, ikaragarrizko kostua eraginez, hondorik ez duen diru-laguntza publiko itzelak behartuz. Horregatik ez dago enpresa pribaturik diru-laguntza publikorik gabe, zentral nuklearrak eraikiko dituenik.
- Uranio minerala baliabide ez berriztagarria da eta petrolioa baino urriagoa. Jeremy Rifkin, The Foundation on Economic Trends erakundeko buruak, gogorarazten digu, gaur egun martxan diren 500 zentralekin, uranio gabezia, hogei urte baino lehen izango dela.
Beraz, zentral nuklearrak ez dira klima aldaketaren aurkako alternatiba energetikoa eta epe motzean ezin ditugu “mix” energetikoaren barnean zenbatu: garestiegiak eta arriskutsuegiak izateaz gain, behar dituzten mineral-baliabideak urriegiak dira.
Edonola ere, gure eredu energetikoa aurrezpena, efizientzia eta energia garbien erabilpenean oinarritutako eredu jasangarriarengatik ordezkatzeko garaiz gaude. Garaiz gaude eta badakigu nola egin. “Nuklearrik ez, eskerrik asko” ez da lelo boluntarista eta inozoa, ondorio arrazionala da, azterketa sozio-zientifiko globalean oinarritua.
Jakin!
• Gipuzkoako 14 alkate eta Natura 2000 Sarearen kudeaketa: Hauen artean Ataungo, Beasaingo, Idiazabalgo, Lazkaoko eta Segurako alkateak Natura 2000ko Sareko naturguneak Babes Bereziko gune izendatzeko prozesuaren aurka azaldu dira. Hori dela eta, Gipuzkoako elkarte konserbazionista gehienek, Ingurumen sailburuari Natura 2000 Sareko prozesua bultzatzeko idatzia bidali diote. Informazioa hemen: http://ieoe.blogspot.com/
• GREENPEACEko zuzendari berria, Miren Gutierrez donostiarra: aurretik Juantxo Lopez de Uralde donostiarrak utzitako hutsunea betetzera dator. Donostiar kazetaria nazioarte mailan Hong Kong, New York, Erroman eta Panaman ‘El Pais’ eta ‘Wall Street Journal’ egunkarientzat lan egindakoa da, baita IPS agentzia eta “Mar Viva” Fundazioko albiste arduradun izandakoa.
• 2011 urteko hegaztia, mozolo arrunta (Athene noctua) aukeratu du SEO/BirdLife erakundeak. Espainian zegoen mozolo arruntaren kopurua,
% 40-an murriztu da azken hamarkadan. Adituen ustez, gaur egun 50.000 bikote besterik ez da gelditzen. Hegazti gautar honentzat mehatxurik garrantzitsuenak landa eremuen uztea eta laborantza intentsiboak dira.