Jolastu aditza maizegi erabiltzeko joera dugula dirudi eta, gehienetan, ez oso txukun! Zuzen ote dago esanda ondorengo esaldia?
– Gaur goizean futbolean jolastu dut, Eneko!
Bada, ez! Futbolean jokatu dut behar du, lehiaren bat dagoenean, zerbait jokoan dagoenean… halaxe behar duelako!
a) Zertan? Saskibaloian jokatu (=aritu), xakean jokatu (=aritu)…
b) Zer? Dirua jokatu, etxea jokatu, futbol partida jokatu…
Jolastu, berriz, umeek (eta baita ume ez direnek ere!) egiten dute, inolako lehiarik ez dagoenean:
Panpinekin, robotarekin, sokasaltoan… jolastu!
Gogoratu, bestalde, jolastu esateko badugula bestelako biderik: jolasean aritu, jolasean ibili, jolasean egin…
Eta beste zalantza bat: jolastu naiz ala jolastu dut?
Bada, lehenengoa da zuzena! Gogoratu, halere, arestian aipatutako baliokideen artean, Goierri aldean maiz erabiltzen dugun ‘jolsean egin’ aukeratuz gero, honek ez duela izan ametitzen. Beraz:
Jokatu——-Dut
Jolastu——-Naiz
Jolasean aritu-Naiz
Jolasean ibili–Naiz
Jolas egin—-Dut
ZUZENDU, BEHAR IZANEZ GERO…
- Ze, Josune, jolastuko dugu pilotan?
- Etorri, Arkaitz, Nerearen mekanoarekin jolastuko duzu-eta!
- Noren aurka jokatuko dute Zegamako bertsolariek hurrengo kanporaketa?
- Lehen Mailako futbol jokalari askok “gaizki jolasten dutela” onartzen dute.
- Jolas pixka bat egingo al dinagu, neska? Bero-bero nagon!
OHARRA: Lehenengoan, jokatuko dugu; bigarrengoan, jolastuko zara edo egingo duzu jolas (Goierrin askoz egokiagoa); laugarrengoan, gaizki jokatzen dutela. Hirugarrena eta bosgarrena zuzenak dira!