Idurre Eskisabel Larrañaga•
Aintzanek hartu duen erabakiarekin asaldatuta hurbildu zait Ainhoa. Ez zaio buruan kabitzen ama izan berri den emakume osasuntsu batek titia emateari uko egitea. Aintzanek ez omen du ahaleginik txikiena ere egin; Unai jaio berriari titiburua hurbildu ere ez. Aitzitik, esnearen igoera eragozteko pastila eskatu bide du erditu eta segituan, aurrez erabakita zeukan bezala. “Baina ez al da konturatzen haurrari oinarrizko eskubide bat ukatzen ari zaiola? Ez al da ohartzen txikiaren osasun fisiko zein psikikoaren kontra ari dela? Zer uste du, horrela ez zaizkiola titiak hondatuko? Osasun arazorik ezean umearen eskubide bat da bularra hartzea eta ez amaren aukera bat. Egoista bat da”, bota dit bero-bero.
Zer esan asmatu ezinik geratu naiz, kikildu egin bainaute hainbesteko irmotasunak eta eskubide-betebeharren araberako planteamendu horrek. Leunago etorri izan balitz esango nioke baietz, ni ere harritu egin naizela Aintzanek proba txikiena egin gabe hartu duelako erabakia, baina, tira, era berean, uste dudala bularraz gain hamaika mila modu daudela haur bati elikagaia eta maitasuna emateko, eta badirela edoskitzearen gaitzguztienkontrakotasuna erlatibizatzen duten ikerlari eta medikuak, eta Aintzanek eta haren bikotekideak pentsatu dutela aita umearen hazkuntzan gehiago inplikatzeko modua izan daitekeela biberoia ematea. Eta arrazoi horien gainetik, jakin badakidala Aintzanek onena nahi duela Unai txikiarentzat eta helburu hori duela iparrorratz.
Ez da aurreneko aldia Ainhoaren eta Aintzaneren artean bitartekari sentitzen naizela, Lokarri-renak egiten bi lagunen arteko ika-mikan. Izan ere, orain marmarrean etorri dena Ainhoa izan bada ere, Aintzane ere paretsu ibili da beste batzuetan. Justu kontrakoa da Aintzanek ulertzen ez duena: Ainhoak oraindik titia nahi erara ematea bi urte erdiko Uxue koxkortuari, haurtzaindegira ez eramatea, harekin lo egitea, eta, batik bat, bere punturik onenean zegoen ibilbide profesional distiratsua bazter utzi eta etxeko lanak hartzea dedikazio bakartzat. “Ez al da konturatzen umeak ez direla titiarekin bakarrik hazten? Gaur egun diru asko behar dela seme edo alaba bati behar duen guztia emateko? Egin kontu jatekoa zein garesti dagoen, eta arropa, eta etorkizunera begira heziketa on bat eman behar badiozu, pentsa zein gastu egin behar diren: ordenagailua, ingelesa… Eta ez hori bakarrik, norbera… Norbere burua zaintzea inportantea da. Eze, nola emango diozu ume bati maitasuna zure buruarekin gustura ez bazaude? Ez al zara konturatu Ainhoa zeinen pipertuta egoten den askotan? Zuk ez al duzu triste sumatzen?”, izan ohi da Aintzaneren erretolika.
Sorbaldak jasoz erantzun izan diot, adieraziz neuri ere ulertzeko zailak egiten zaizkidala Ainhoaren zenbait erabaki, baina, era berean, ez dudala uste umeen zoriona ongizate materialarekin bermatzekin denik; edo inor norbere buruarekin gustura egoteko etxetik kanpora lan egitea eta bizitza profesional distiratsua izatea ezinbesteko baldintza direnik. Areago, seme-alaben zaintza –eta, oro har, maite dituzun etxeko horiena– izan daitekeela norbere buruarekin pozik egoteko bide bat. Eta bai, Ainhoa pipertuta egoten dela askotan, baina ziurrenera, ingurukook egiten ari den lan hori gutxiesteak baduela eragina ernegatze horretan.
Azken batean, agertu nahi izan diet nire ustez pertsonak gure adiera ugarietan oso desberdinak garen bezala, posible dela ama (eta ama ona) modu askotara izatea. Alegia, ama ez dela bakarra.
Areago, tentatuta nago Aintzane eta Ainhoa kafe baten bueltan elkartzera eta amatasunaren inguruko eztabaida mingotsa bere gordinean bultzatzera. Izan ere, bi lagunen arteko mokoka pertsonal gisa bizi dugun hori gizarte auzi sakon baten isla delakoan nago, gizarte antolaketaren oinarriei eragiten dieten arazo eta ereduak ari baitira planteatzen biak: umeen zaintza (eta, oro har, etxearena eta etxekoena), lan munduaren atontzea eta andrazkook horretan guztian izan behar dugun parte-hartzea –bidenabar, aitortu behar dut haurren zaintzan aiten ausentzia sekularrak sortutako triskantza azpimarratuko duen korronte psikologikoaren zain nagoela–.
Tamalez, ordea, auzi pribatu eta pertsonala balitz bezala bideratzen dugu hau guztia, eta gure arteko ika-miketan galtzen ditugu indarrak. Ea lortzen dudan kafe horren bueltan Aintzanerekin eta Ainhoarekin amatasunaren dimentsio publikoaz ohartarazteko ekintzaile taldea sortzea.